Igandera bitarte euskarari loturiko hitzordu ugari iragarrita daude

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko aza. 30a, 01:00

Abenduaren 3an euskararen nazioarteko eguna ospatuko da eta Andoainen egitarau oparoa antolatu dute.

 

Azaroak 30, osteguna

  • 18:00 Kantujira Basterotik Zumea plazaraino, Andoaingo AEK-k antolatua.

Abenduak 1, ostirala

  • 11:00 “Andoain laburrean” bideo lehiaketaren aurkezpena udaletxean, Andoaingo Udalak eta ESCIVI zine eskolak antolatua.
  • 17:00 Buruntzaldeko I Euskararen Ginkanaren finala Oronan. Andoain, Astigarraga, Lasarte-Oria, Hernani, Urnieta eta Usurbilgo 23 gazte talde ari dira urrian eta azaroan euskara eta hizkuntza aniztasunaren gaineko lehiaketan parte hartzen.
  • 21:30 Benito Lertxundi Bastero kulturgunean. Ezer baino lehen, azken orduan sarrera erostera ohituta daudenentzat: Ez da sarrerarik geratzen, ostiral honetakoak agortu dira. 

Abenduak 2, larunbata

  • 12:00 Festa Zumea plazan: txalapartariak, abeslariak, musikariak, dantzariak, talogileak, Argitxoren bisita. Kalejira iritsiko dira Juanita Alkain plazatik. Aita Larramendi ikastolak antolatua.
  • 20:30 Bertso afaria Santa Krutz elkartean: Sebastian Lizaso eta Iker Zubeldia bertsolariak. 

Abenduak 3, igandea
Euskararen Nazioarteko Eguna

  • 12:00 ‘Andoaingo Ahotsak’ izeneko ekitaldia, Bastero kulturgunean. XX mendearen hasierako Andoain ezagutu eta bizi izan zuten Andoaingo 73 herritarri urteetan zehar egin zaizkien elkarrizketak jaso dira, eta elkarrizketa haien 30 minutuko laburpena jasotzen duen bideoa proiektatuko da. Elkarrizketatuei aitormena egingo zaie, batzuei zuzenean eta beste askori euren familiakideen eskutik. Udalak eta Badihardugu Euskara Elkarteak elkarrekin garatutako proiektua da. Ekitaldian zuzeneko musika izango da Joxan Goikoetxea, Iosune Marin eta Olatz Praten eskutik. Bukaeran, pintxo dastaketa.
  • 20:00 Antzerkia Basteron, “Ez Dok Hiru” obra, Patxo Telleria eta Mikel Martinez aktoreen eta hiru musikariren eskutik. Euskal antzerkigintzan aski ezagunak dira Patxo Telleria eta Mikel Martinez aktoreak. Andoainera datoz Ez dok Hiru antzezpen berriena eskaintzera. Egileek aitortu bezala, “publiko helduari zuzendutakoa da, umorezkoa eta euskaraz”. Euskal Herriko imajinario musikalaren errepaso ironiko, absurdu eta dibertigarria eskainiko dute: “Ez dok hiru kantutegian oinarritutako ikuskizun teatrala da. Gure modukoa, eroa, deskonzertantea, irrigarria azalez... Baina azal horren poro bakoitzari geure musikarekiko maitasuna dario”. Oraingo honetan, bikoteak beste hiru musikari-aktorerekin partekatuko du taula (Adrian Garcia, Maria Arriaga eta Ivan Allue), hitzari zuzeneko musikaren indarra gehiturik.
    Tartean Teatroa konpainiaren ezaugarririk nabarmenena sorkuntza da: ikuskizunak taldeko kideek sortutako testu eta ideiekin eraikitzen dira. Antzezlan berriaren indarra euskara, hitza, umorea eta antzezpenean datza.

Abenduak 1, 4 eta 5:
Aita Larramendi ikastola, La Salle-Berrozpe, Leizaran eta Ondarreta ikastetxeek Euskararen egunari lotutako ekintza propioak burutuko dituzte euren eskoletan.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!