Antton Pebet memoriala, abenduaren 1etik aurrera

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko aza. 30a, 01:00

Abenduaren 1etik 30era burutuko da VI. Antton Pebet memoriala, Behar Zana pilota eskolak Angeluko pilotaria gogoratzeko antolatzen duena. Iñaki Lizaso antolatzaileak hartu du hitza.

Hastear da memorialaren VI. edizioa. Zer aurreratuko zenuke aurtengoaz?

Hainbat berrikuntza tartekatu dugu. 2009tik hona, bigarren aldaketa nagusia egingo dugu aurtengoan. Hasi ginenean, hiru mailatan antolatzen zen txapelketa: kadete, jubenil eta nagusien mailan. Lau urtetan burutu genuen modu horretan. Iaz buelta bat eman zitzaion antolakuntzari, gazte eta nagusien txapelketa bitan banatuz. Aurten, txapelketa erakargarriagoa osatu nahian, pilotari gazte eta nagusiak elkartuta antolatu ditugu partidak. Batetik, gazteek min hartuz gero, ordezkoen panorama ez baikenuen oso ondo sumatzen eta, gainera, gazteen pilota txapelketatan beti partida berdintsuak eskaintzen direla iruditzen zitzaigunez, puskatu egin nahi genuen ohitura horrekin ere. Mailaz, gure ustez, antzekoak edo hobeak ere izan daitezke egungo pilotari gazteak. Gazte eta nagusien taula egina geneukan eta biekin bakarra osatzea erabaki genuen. Datekin ondo egokitzeagatik, hamalau bikotera murriztu dugu pilotarien taula.

 

Abenduaren 1ean hasita, hamalau bikote eta hamaika partida izango dira guztira txapelketan…

Hori da; sei jaialdi guztira. Finala partida bakarrarekin geratuko da eta berrikuntza bezala, Behar Zana pilota eskolari eta herriari keinua eginez, elitezko joko-garbi partida ere eskainiko da. Pilota eskolan, urte guztian zehar lantzen dugu pilota eta gure urteko ekimenen artean, beste bat gehiago da txapelketa antolatzea. Pilota eskolaren baitan, joko-garbia eta errebotea ere lantzen dugunez, umeei eta herritarrei modalitate horien berri erakusteko, aukera polita iruditu zaigu joko-garbiko eliteko partida ekartzea. Abenduaren 30ean, beraz, finaleko partidaren aurretik joko-garbiko partida eskainiko da Bearzana pilotalekuan. Oso keinu polita iruditzen zaigu herriarentzat. Angeluko Ardoytarrak klubeko kideak etortzea gustatuko litzaiguke, oso harreman estua baitugu haiekin eta punta-puntako joko-garbiko pilotariak baitituzte. Gainera, Antton Pebet bera ere Ardoytarrak taldeko kidea zen. Zirkulua osatuko genuke modu horretan. Txapelketa oso erakargarria geratu dela iruditzen zaigu. Akaso, azken urteetako erakargarriena; mailagatik baino adinagatik, beste txapelketatan nagusien mailan jokatuko ez luketen pilotari gazteak tartekatzea lortu dugulako.

 

Berrikuntza horiek medio, zein erantzun espero duzue?

Txapelketak herrian ikusmira sortuko duela espero dugu. Pilotari gazteen aldetik, berriz, ez da maila arazorik izango; ziur gaude maila emango dutela.

Buelta bat gehiago eman diogu gaiari eta emaitza hauxe atera zaigu. Gure ustez eskaintza ona da, baina horrek ez du esan nahi beti hala izan behar duenik. Antton Pebet txapelketa antolatzeak, lan handia eskatzen du. Gure egunerokotasunean pilota eskolarekin edota asteburutako pilota partidekin buru-belarri gabiltza, baina argi dugu Antton Pebet memoriala ere egin nahi dugula. Aurten modu honetara antolatu badugu ere, etorkizunera begira modu asko egon daiteke memoriala antolatzeko. Ahal dugun neurrian, aurten bezala, txapelketa erakargarriak antolatzen saiatuko gara.

 

Urtetako esperientzia izan arren, oinarritik abiatzen zarete edizio bakoitzeko antolakuntzan…

Esperientziak laguntzen du, dagoeneko bai baitakigu zer egin behar dugun, baina urtero zerotik hasten gara lanean. Lan gogorrena babesleekin harremanetan jartzea izaten da; gogo onez laguntzen dute, baina azken finean konpromisoa ere bada, dirua edota bestelako laguntza eskatzen baitzaie. Txapelketa antolatzeko egiten den lanik itsusiena horixe da, baina kontuan eduki behar da horrelako txapelketa antolatzeak gastu handiak ekartzen dituela. Udalak babes handia ematen digu, baina horrekin ez da nahikoa eta babesleek ere laguntzen digute txapelketa aurrera ateratzen. Haietako batzuk hasieratik dira babesle gainera! Lerro hauen bidez babesle guztien laguntza eskertu nahiko genuke, bai hasieratik gurekin daudenena eta baita hasiberriena ere. Udalari ere bai, noski.

 

Zenbat lagun ari zarete txapelketako atzeko hariak lotzen?

Horrelako txapelketa bat martxan jartzeko lantaldean aritzea ezinbestekoa da, bestela oso zaila baita urtetan aurrera irautea. Taldea beharrezkoa da, nahiz eta burua behar duen. Bost bat lagun ari gara lan nagusia egiten eta txapelketari begira, lehen geronek egiten genituen lanetako batzuk –kartelak jartzea, esaterako– pilota eskolako kideen artean banatzeko asmoa dugu, Behar Zanako familia ere txapelketan inplikatuz.

 

Osasuntsu dago Behar Zana pilota eskola une honetan. Zenbat pilotarik osatzen duzue? Zein asmo duzue aurrera begira?

136 pilotari ditugu eskolan, kopuru handia. Eta hori, hutsuneak ere baditugula kontuan hartuta, esaterako, momentu honetan ez baitaukagu jubenil talderik eta infantil taldea ere nahiko ahul geratu baitzaigu. Hala gertatzen da gehienean, haur eta gaztetxo asko izaten da eta mailaz gora doazen bezala, eskuko minak direla edota beste hainbat arrazoirengatik, pilotari gutxiago izaten da. Hala ere, gu oso pozik gaude eskolak duen erantzunarekin. Gure helburua pilota zaletasuna sustatzea da eta horretan guztian Antton Pebet memorialak badu eraginik. Pilota partida onak eskaini nahi ditugu herrian, doan gainera, eta hori ez dago herri guztien eskura. Azken batean, ordutegi onarekin, Villabonan bertan doako eliteko partidak izatea, pilotaz gozatzeko aitzakia paregabea baita. Villabonan ikusi ahal izango diren pilotariak egungo panoramako onenak dira, punta-puntakoak.

 

Urtez urte oihartzuna hartzen ari da txapelketa. Egonkortu egin da, ikusle asko erakarriz…

Bai, finalerdi eta finaletara gerturatzen da batez ere jende gehien, baina iaz bertan, final laurdenetan ere beteta egon zen frontoia. Gure helburua ez da jende asko biltzea, eskaintza on eta erakargarria egitea baizik. Noski, jendeak erantzuten baldin badu, are eta hobeto! Askoz ere irribarre politagoarekin itzultzen gara etxera horrelakoetan. Pilota sustatu eta herrian zabaltzearekin batera, Antton gogoratzen saiatzen gara urtero.

Frontoia itxi eta berogailua jarriko bagenu, oraindik eta jende gehiago gerturatuko litzateke. Badirudi epe laburrean itxiko dutela frontoia; txapelketaren datetarako ixten bada, haizezko berogailuekin berotuko dugu aretoa.

 

Txapelketan zehar, aurten ere ba al duzue saskiak zozketatzeko asmorik?

Urtero bezala, doakoa izango da aurtengo partidetarako sarrera ere, baina ikusleek saski ederren zozketan parte hartzeko aukera izango dute. Euro batean saltzen dira saskien zozketarako txartelak eta txapelketaren gastuei erantzuteko beste modu bat dira.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!