Juanito Urkizu, futbolean aitzindari

Garai bateko futbola hobeto ezagutzeko liburua argitaratu berri du Zizurkilgo liburuzain den Irene Urruzolak. Juanito Urkizu futbolari ondarroarraren ibilbidea du oinarri.

1901ean jaio zen Juanito Urkizu Sustaeta, Ondarroan. Futbola hastapenetan zenean hasi zen baloiari lehen ostikoak ematen. Futbola profesionalizatu zen garaia ezagutzea egokitu zitzaion eta oraindik ere, bizirik dago hainbat futbol-zaleren oroimenean. Kirol-lorpen handiak lortu zituen, bai jokalari gisa, baita entrenatzaile lanetan ere.

Zizurkilgo Plazida Otaño liburutegian egiten du lan Irene Urruzolak. Lasartearra bada ere, lotura estua du Ondarroarekin, eta bazuen Juanito Urkizuren ibilbidearen berri. “Ondarroako Udalak beka bat atera zuen, herriko kirolarien inguruko azterketa lanak egiteko. Asko gustatzen zait ondarea bildu eta transmisio lanak egitea, eta Juanitoren inguruko azterketa lana egiteko proiektua aurkeztea erabaki nuen. Nire proposamena aukeratu zuten, eta lanari ekin nion”, azaldu du Irenek.

Lan eskerga

Sei hilabeteko epea zuen ikerketa-lana osatzeko, “eta ia eguneko 24 orduak eskaini nizkion lanari. Hamahiru taldetan aritu zen Juanito jokalari edo entrenatzaile lanetan eta datuak oso sakabanatuta zeuden; zenbait liburutan, edota interneten, bazeuden beraren inguruko datuak, baina ez ziren guztiz. Taldeen zerrenda egitea izan zen lehen egitekoa eta hortik aurrera, taldez talde ibili nintzen, ibilbide hori egituratzeko. Futbol taldeetako artxibategietan arakatu nuen eta bere familiako kideekin eta herrikideekin ere hitz egin nuen, bere kirol ibilbidearen inguruko berri zehatzagoa izateko”, azaldu du Irenek. Juanito entrenatzaile izan zutenekin hitz egin du, besteak beste Irenek.

 

Futbol profesionalaren hasiera

Futbolaren sorreraren garaikoa zen Juanito. “Bere ibilbidea eta futbolaren sorrera parean doaz. Juanito futbolean hasi zirenena, futbolari zaletuak ziren. Pixkanaka, kontratuak egiten hasi ziren eta futbolaren profesionalizazioa martxan jarri zen. Garai hartako futbolak ez du zerikusirik gaur egungoarekin eta liburuak hori ere islatzen du”, azaldu du Irenek.

 

Entrenatzaile ere bai

Osasuna, Espanyol, Real Madrid edota Atlhetic-eko jokalari izan zen, besteak beste, Juanito Urkizu eta entrenatzaile lanak ere egin zituen. Kirol emaitza bikainak lortu zituen bi arloetan gainera. “Athletic-en historian titulu gehien lortu dituena da bera, esaterako. Lau liga eta zazpi kopa eskuratu zituen bere ibilbidean”. Entrenatzaile gisa ere, balentria handiak egin zituen Juanito Urkizuk: “Bernabeu zelaian, lau aldiz irabazi zion Real Madrid taldeari, eta hori oraindik ez du beste inork lortu. Ligak eta kopak entrenatzaile eta jokalari gisa irabazita dituen bakarra ere bada”.

 

Bitxikeriak

Datu historikoak biltzeaz gain, gertakizun bitxiak ere biltzen ditu Irenek bere liburuan: “Athleticen garai politenak bizitu zituen Juanitok. Madrilen edo Bartzelonan kopa irabazi ondoren, trenez edo autoz egiten zuten Bilborako bidea, herri guztietan kopa erakutsiz. Gerra ondoko urteak ziren eta jendeak behar zuen poz hori, zirrara momentu horiek”. Liburuak biltzen dituen argazkietan islatzen da egun handia haietako giroa. Esaterako, 1945ean, Atlehticek Kopa irabazi eta jabetzan eskuratu zuenekoa: “Juanitok, Kopa hori Ondarrura ekartzeko baimena eskatu zion taldeari eta baiezkoa eman zioten. Herrian izandako ongi-etorri festa hura bizitu zuen jendeak oraindik ere gogoan du. Taldeko zuzendaritza taldearekin eta beste zenbait jokalarirekin, herrian barrena ibili zen Kopa”. Athletic-zaleek, taldearen inguruko bitxikeriak aurkituko ditu Irene Urruzolaren liburuan, eta futbol zaleek, kirolaren hastapenak ezagutzeko modua izango du, Juanito Urkizuren figuraren bitartez.

 

Andeak, asto gainean

Bitxikeria gehiago ere biltzen ditu liburuak, esaterako, Juanito Osasunako jokalari zela, Espanyol taldearekin Amerikara egindako bidaia batean, “trena matxuratu egin zen, eta asto gainean zeharkatu zituzten Andeak”, azaldu du Irenek irribarretsu.

 

Euskaraz

Euskaraz sortu du Irenek liburua. “Kontakizuna euskaraz idatzi badut ere, garaiko zenbait agiri eta testu bere horretan jaso ditut, berezko nortasun hori gal ez dezaten. Prentsan agertutako artikuluak, futbolarien kontratuak, garaiako sarrerak, kromoak…, denetarik ikus daiteke”.

Libururako ikerlana osatzea lanpetsua izan bazen, argitaratzeko bidea ere ez da erraza izan. “Argi nuen lan honek ezin zuela itzalean geratu eta argitaratu egin behar nuela. Momentuz ez dut atzetik inolako babeslerik, baina aurrera egitea erabaki nuen”.

{{IMG-39556}}

Liburua eskuratzeko

Durangoko azokan, autoekoizpenen gunean egongo da salgai Juanito Urkizu Sustaetaren kirol ibilbidea biltzen duen liburua. Bertan izango da Irene Urruzola, abenduaren 6tik 10era. Ireneri berari zuzenean eskatuta ere eskuratu ahal izango da liburua.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!