“Korrika gustoen eta ondoen etxean egiten dut”

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko abe. 2a, 01:00

Behobia-Donostia lasterketan hirugarren postua lortu zuen Iraitz Arrospide billabonatarrak, 01:02:57 denborarekin. Ingalaterrako Sheffield hirian bizi da egun bere emaztearekin.

[Bideoa]

10 urtetan Behobia Donostia lasterketako podiumera igo den lehen gipuzkoarra zara. Ez da ez titulu makala…

Sorpresa izan zen igandeko emaitza. Familiarentzat, lagunentzat eta, orokorrean, Gipuzkoako korrika mundua jarraitzen dutenentzat ezustekoa izan zen. Gerta zitekeenaren esperantza banuen, nahiz eta jakin oso zaila izango zela. Baina pasa zen. Azken momentura arte borrokatu nuen, eta bukaera oso berezia izan zen. Ezusteko horrek berak lorpena oso entzuna izatea ekarri du.

 

Atletismoaren aurkikuntza berri gisa deskribatu zaituzte hedabide askok, horren aurrean zure erantzuna hauxe izan da: “Ez zait ahazten nondik natorren, ezta zein naizen ere”.

Bi kontu daude hor. Alde batetik, aurkikuntza gisa deskribatzearena aipa dezakete, denbora oso gutxian asko hobetu dudalako. Orain dela bi urte ez ninduen inork ezagutzen, neronek ere korrika ez nuen batere serio hartzen. Azken bi urtetan entrenamenduak oso serio hartu ditut, asko ari naiz entrenatzen eta asko hobetu dut.

Bestetik, azken bi urtetan Ingalaterran bizi behar izan dut. Ikasketak zirela eta joan nintzen hara, eta egun gustura nago bertan, ikasten eta lanean. Egia da hemengoa naizela, eta noan lekura noala beti diot billabonatarra naizela. Hori sentitzen dut, eta korrika gustoen eta ondoen etxean egiten dut.

 

Realeko atlestismo taldeko kide zara. Euskal Herritik kanpo bizita, nolakoa da harremana taldearekin?

Harreman berezia da. Realak bere taldea, batez ere, pistara bideratuta dauka. Txapelketa gehienak pistan egiten dituzte. Ni, aldiz, distantzia luzeko korrikalaria naiz. Gustura ari gara elkarlanean, nolanahi ere. Reala Gipuzkoako talde erreferentea da, eta oso polita da niretzat Realean korrika egitea. Azkeneko denboraldian emaitza txukunak ari naiz lortzen, Realeko kamiseta etxean nahiz kanpoan erakusten, eta beraiek ere oso pozik daude. Hori esan didate behintzat.

 

City of Sheffield taldearekin entrenatzen duzu Sheffield hirian. Iraupen-erdiko lasterketeetan zentratzen dira haiek, zu berriz iraupen-lasterketatan. Zer moduz moldatzen zara taldean?

Nire entrenamenduak nahiko bereziak dira ohiko fondista batek egiten dituenarekin alderatuta. Astean sei egunez entrenatzen dut, zazpi batzuetan. Horietatik hiru edo lau nire kabuz. Entrenamendu horiek oso garrantzitsuak dira. Izan ere, nire kabuz ikasi behar dut entrenatzen, sufritzen eta distantzia luzeetan korrika egiten. Beste bi egunetan taldearekin elkartzen naiz, eta egun horietan intentsitate altuko eta motzeko entrenamenduak egiten ditut pistan eta abiadura handian. Ondo etortzen da bi entrenamenduak uztartzea.

 

Gogorra…

Bai, nahiko gogorra da. Ez da atletismoa bakarrik. Lanaz gain ikasi ere egiten dut, eta familia daukat. Dena batera biltzea ez da erraza, baina motibazio eta ilusio handia dut nire denborak hobetu eta gauza berriak egiteko. Horretan pentsatzeak asko laguntzen dit, nahiz eta gogorra izan.

 

John Wood duzu teknikari aipaturiko taldean. Nolakoak izaten dira bere entrenamenduak?

Egia esan, ez dut inoiz entrenatu talde batekin Sheffield-en John Wood-en taldean sartu nintzen arte. Entrenamendu nahiko gogorrak prestatzen ditu, batez ere erdi distantziako probetara moldatuak. Asko sufritu behar izaten dut. Gainera, nahiko taldekide onak daude; erdi distantziakoak, esaterako, oso onak dira. Ahal dudan guztia ematea suposatzen dit horrek, eta asko sufritzea.

 

Berlingo Maratoian 02:18:09ko denbora egin zenuen. Nolako esperientzia izan zen?

Lehenengo aldia zen etxean edota Ingalaterra ez zen leku batean korrika egiten nuela. Hegazkina hartu, bost egun inguru igaro leku berri batean… Maratoi guztien artean Berlingoa da fama gehien duena, edo behintzat denbora onenak lortzen direnak. Munduko errekorrak bertan egin izan dira. Oso denbora ona egin nuen, eta oso egun pozgarria izan zen.

Hurrengo maratoien artean Sevillakoa darabilzu buruan. Zer du berezi hangoak?

Sevillako Maratoiaren berezitasun nagusia da Espainiako txapelketa jokaten dela bertan. Jende askok esan dit lasterketa horretan parte hartu beharko nukela, Espainiako txapelketan paper ona egiten saiatzeko. Bestalde, maratoi ona da, denbora onak lortzen dira. Oso garrantzitsua da maratoi batean bidea laua izatea, aldapak hastean denbora onak lortzea oso zaila delako. Sevillakoaz gain, Londresekoa ere aukera ona izan liteke. Erabakia ixteko dago.

 

Industria Ingeniaritzako Gradu Amaierako lana egitera joan zinen Londresko Sheffield hirira, eta bertan bizi zara egun emaztearekin. Lana eta entrenamenduek kenduko dizute egunaren zati ia dena…

Bai. Goizeko seiak hogei gutxiagotan esnatzen naiz lanera joateko. Arratsaldeko seiak jota itzultzen naiz etxera, sei eta erdietan entrenatzera joan eta, dena amaitzerako, iluntzeko zortzi eta erdiak izan ohi dira. Afaldu, eta askotan ohera joaten naiz berehala. Horixe da eguneroko bizitza. Eskerrak etxean laguntza badudan, laguntza hori gabe ezinezkoa izango litzaidake entrenatzea.

 

Zein bizi estilo nahiago duzu, Euskal Herrikoa ala Ingalaterrakoa?

Hemengoa, dudarik gabe. Familia eta lagunak hemen daude. Kanpora joandakoan ohartzen zara etxean zer uzten duzun. Nahiz eta oso ondo eta pozik bizi han, emaztea eta biontzat oso polita da etxera itzultzea. Ingalaterran urte batzuk pasa ondoren Euskal Herrira bueltatzea da asmoa.

 

Pare bat urte geratzen zaizkizu Aeronautikako Mekanizatuen Zientzia doktoradutza bukatzeko. Non irudikatzen duzu etorkizuna?

Doktoradutza hastean akordio bat adostu nuen doktoradutza bultzatzen zidan enpresarekin, eta akordio horretan beste bi urterako lanaldia proposatu zidaten. Horrek denbora luzerako lotu nau Ingalaterrara; lau urteko doktoradutza eta beste bi urterako lana, hain zuzen. Epe laburrera han geratuko gara, eta bi urte horiek pasatakoan ikusiko dugu noiz den itzultzeko garairik aproposena.

 

Martxoan Unax jaioko da. Non emango ditu lehen urratsak?

Lehenengo urratsak Ingalaterran emango ditu. Ume euskalduna izango da, baina Ingalaterran jaioa. Emaztea eta bioi hobeto datorkigu Unax Ingalaterran jaiotzea. Ez da erraza izango, han ez baitugu inoren laguntzarik. Lagunak baditugu, baina ez dugu hemengoekin dugun bezain harreman estua. Euskaraz erakutsiko diogu hasieratik, gaztelania ere bai eta ingelesa bertan ikasiko du. Nahiko lan izango du Unax txikiak.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!