Suite kontzertu bikaina, Udal Bandaren eskutik

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko aza. 28a, 01:00

Suite musikaren aireak nagusitu ziren Andoaingo Udal Musika Eskolako Bandaren kontzertuan, Basteron. Suite Clasica (Tomas Aragües), Peer Gynt suite (Edward Grieg) eta Norfolk dances suite (Philip Sparke) jo zituzten, eta ondoren, Tren txikitik barrena heldu zen, bere egile den Joxe Mari Oiartzabalek zuzenduta.

[Argazkiak]

[Bideoa]

 

Mikel Emezabal zuzendariak aurreko egunetan iragarri zuen bezala, kontzertu berezia izan zen Bandak interpretatu zuena Basteron igande eguardian. Izan ere, Instrumentu ezberdinen maila eta sinkronizazio handia eskatzen duten hiru suite pieza jo zituzten. Juan Saez musika eskolako gitarra irakaslea bakarlari gisa aritu zen lehenbiziko piezan.

Eta kontzertuari urrezko amaiera emateko, Joxe Mari Oiartzabalek propio bandarentzat eratu duen Tren Txikitik barrena abestia interpretatu zuten; Oiartzabalek berak zuzendu zuen Banda.

Emezabalek azalpen txikia eman zuen laugarren abesti horren eta bere konposatzailearen inguruan. Pieza osatu eta Bandari eskaintzeagatik Oiartzabali eskerrak eman ostean, Donostiako Musika Eskolan bera ikasle eta Oiartzabal irakasle eta Bandako zuzendari izan zireneko urteak hartu zituen hizpide. “Hamabost urte nituenean kontserbatorioko ikaslea nintzen, eta klarineteko irakaslea etorri zitzaidan gutun batekin: gonbidapena zekarren, ikasleen bandako kide izateko. Nonbait, irakasle bati, bere borondatez eta gustu onez, iruditu zitzaion garrantzitsua izan zitekeela ikasleen banda sortzea. Niretzat oso esperientzia baikorra izan zen banda horretan musika jotzea. Musikari zaretenok ondo jakingo duzue zer den entsegu batera joan eta pena sentitzea bukatu delako eta aste bete falta delako hurrengo entsegua egiteko. Pasio handiarekin bizitu nuen garai hura, eta orain aurkeztuko dizuedan pertsona maisu handia izan zen niretzat orduan, pertsonalki eta profesionalki errespetua eta maitasuna zor diot”.

Oiartzabal agertu zen oholtzan orduan, modu berezian agertu ere zortzi minutuko iraupena duen Tren Txikitik barrena suite abesti osatu berria Bandarekin estreinatzeko asmoz: Plazaolako tren zaharreko estazio-buruek eraman ohi zuten kapela buruan eta txilibitua esku batean eta batuta bestean.

Oso erritmo alaiak ditu piezak, eta hiru zatian banatzen da: Andoain (galop), Angitturri (baltsa) eta Bertxin (biribilketa). Oiartzabalek aurreko egunetan aipatu duen eran, gaztetako oroitzapen pertsonalekin inspiratu da abestia osatzeko orduan. Musikari ospetsua izan zen aitak eta biek Andoainetik irten eta Bertxin eta Mugetako Bentara bitarte egin ohi zuten ibilaldia musikara eraman nahi izan du Oiartzabalek. Trentxikiko errailak bidelagun izanik, aita-semearen eta Leitzarango bailararen artean sortu ohi zen harreman alaia musikarekin adierazi nahi duela, alegia.

Musika Bandako kideak Basteron partiturak interpretatzen ari ziren bitartean, Oiartzabalek zuzendari lanak egiteaz gain, publikoa behin baino gehiagotan animatu zuen musikaren erritmora txaloak jo zitzan. Era horretan, kontzertu sinfoniko batean publikoa parte hartzaile bihurtzeko modua lortu zuen Oiartzabalek.

Esan daiteke entzuleak oso pozik irten zirela Basterotik, kontzertu bikain batekin gozatu zuten sentsazioarekin.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!