Ana Garcia Udal musika eskolako zuzendaria

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko aza. 27a, 01:00

Lourdes Iriondo Udal musika eskolan ekimen berritzailea egin zuten asteazken arratsaldean, lehen aldiz ikasleak eta irakasleak kalejiran irten baitziren. Ana B. Garcia musika irakasleari lana biderkatu egin zaio, aurten zuzendari lanetan ere badabilelako. Pozarren dago, irakasleen inplikazioa eta ikasleen erantzuna bikaina izan delako.

Elkarrizketa:

Azaroaren 22an Santa Zezilia eguna ospatzeko kalejira antolatu du Lourdes Iriondo Udal musika eskolak. Aurtengoa estreinekoa izan da irakasle eta ikasleentzat. Ana B. Garcia zuzendaria pozarren dago ekimenarekin.

Ikasketa buru eta musika eskolako zuzendari zaitugu aurten. Biak batera eramatea ardura handia al da?
Gure musika eskolaren tamaina ez da hain handia eta ondo sentitzen naiz bi ardurak batera eramanda. Pianoa irakasten hasi nintzen hemen, eta gerora baita organoa ere. Aurten zuzendaritzaren kargua hartzea proposatu zidaten, eta oraingoz oso gustura nago.

Erosoa al da kargu berria?
Oreka bilatzea zaila da, lankideengana zuzendari bezala zuzentzen naizelako. Aldea dago, baina oraingoz, esperientzia ondo doa. Oso giro polita dago, eta oso harreman ona dago gure artean. Gauzak argi esatea gogoko dut, eta niri ere argi hitz egiten didate. Kultur teknikariarekin eta zinegotziarekin ere harremana ona dudanez, oso babestuta sentitzen naiz.

Santa Zezilia eguna berezia al da zuretzat?
Bai, musikarien eguna delako. Aurten, gainera, 70 ikasle atera ditugu kalera lehen aldiz. Abestuz eta musika joz kalejira osatu dugu, irakasle guztien lankidetzarekin. Musika eskolatik abiatu ginen arratsaldeko 18:00etan, eta herriguneko hainbat tokitan aritu ginen. Lehen aldia da, eta esperientzia oso ona izan da.
 
Hutsunea betetzera dator, beraz?
Udal musika eskolan jai genuen, baina Santa Zezilia egunean kalejira antolatzeko proposamena luzatu nuen eta oso pozik nago denen erantzuna primerakoa izan baita. Irakasleek lanean jai izanik ere, bertara etortzeko konpromisoa hartu dute. Horrek asko esan nahi du.
Ikasleentzat ere oso polita da, saio berean irakasleekin batera aritzeko aukera izan baitzuten. Aukera hori ikasle askorentzat garrantzia handikoa da.

Logistika aldetik nola egin zenuten?
Entseguak egin genituen, eta jarduera guztietako ikasleak atera ziren kalejiran. Hori bai, pianoaren ordez, melodikarekin ibili ginen kalez kale. Musika eskolan kalera atera izan gara trikitixa eta panderoarekin, edota biolinarekin. Aste honetan, ordea, den denak atera gara.

Musika eskolak asebetetzen al ditu ikasleen eskaerak?
Eskaintza zabala da, baina berezia. Kantua edo gitarra ez ditugu eskaintzen, oraingoz. Eskaerak egin ditugu udaletxean baina oraingoz ezin izan ditugu bi eskaintza horiek bideratu. Gaur egun eskaintzen denarekin gustura gaude.

Zein jardueran duzue ikasle gehien?
Gehienak piano ikasleak dira, eta ondoren trikitia eta pandero ikasleak. Garai batean, esku soinua zen jaun eta jabe, baina hori aldatu egin da. Trikitia nagusitu zaio akordeoiari, nabarmen.

Santa Zeziliakoa ikasturte hasierako helburu nagusia al da?
Ez, bereziki. Saiatuko gara ikasturtean zehar maizago irteten. Asmo berri horiez gain, abenduan musika eskolako kontzertuak eskainiko ditugu Saroben, abenduaren 18tik 21era. Ahaztu gabe abenduaren 16an tuba kontzertua izango dugula, Udal musika eskolako irakasle Izaskun Oconen eskutik.

Andoaingo piano jaialdia urte hasieran izango da. Hitzordu hori berezia al da urnietarrentzat ere?
Auditorio ederrean kontzertua eskaintzeko ezinbesteko aukera da ikasleentzat. Urnietarrok, halere, zortekoak gara Saroben emanaldiak eskaintzeko aukera izaten dugulako. Baldintza profesionaletan aritzen gara etxean, gainera.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!