Aitortza indarkeria matxistaren biktimei

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko aza. 27a, 01:00

Indarkeria matxistari aurre egiten dioten emakumeei aitortza ekitaldia eskaini zitzaien larunbat eguerdian Andoainen. Juanita Alkain plazan jarri zuten hitzordua Andoaingo Udalak eta herriko hainbat gizarte eragileek, eta hainbat herritar hurbildu ziren bertara. Handik Goikoplazara abiatu ziren ibilaldian. Bidean, hainbatek, azken egunetan Andoaingo kaleetan zintzilika jarri diren kartelak eraman zituzten eskuetan.

[Argazkiak]

[Bideoa]

 

 

 

 

 

Emakumeek umetatik maiz entzun behar izaten dituzten esaldi matxistak irakur zitezkeen kartel horietan; hala nola, “Errespeta nazazu”, “Neskatxa, gona batekin askoz politagoa egongo zinateke”, "A ze umorea, hilekoarekin zaude, ala?", "Zuek errazagoa daukazue, titi bat erakutsi eta kito!", "Zer egiten duzu hemen, bakarrik, hain polita izanda?", “Ez bazenuen nahi tipo horrek ezer esatea, ez jarri eskote hori”, “Ez naiz zurea, ni naiz”, “Saiatu neska horrekin ligatzen, erreza izango duzu, gizena dago...”, "“Mutilekin gehiegi jolasten baduzu, marimutil deituko dizute”...

 

Goikoplazan, omenaldi ekitaldia.

Plazaren erdian emakume talde batek azken asteetan oinetakoekin prestatu duen artelanaren inguruan bildu ziren ibilaldian parte hartu zuten herritar guztiak. Malen Otxoak (kitarra) eta Itsaso Santxezek (ahotsa) kantu emanalditxoa eskainiz ejin zitzaion ekitaldiari; Morez (Uluka) eta Txoria Txori (Mikel Laboa) abestiak abestu zituzten. Ondoren, Ane Etxeberriak eta Maider Arabaolazak dantza egiten zuten bitartean, hainbat emakume mikrofonotik pasa ziren banan-banan, karteletan agertzen ziren esaldiak irakurriz.

Esti Mujika Berdintasun zinegotziak hartu zuen hitza, azkenik. Andoaingo Udaleko alderdi guztiek onartu duten adierazpen instituzionalaren ildotik ekin zion mintzaldiari. “Indarkeria matxista berandu baino lehen ezabatu beharreko indarkeria mota dugu. Indarkeria honen izaera estrukturala salatu nahi dugu; salatu eta azalerazi honen atzean izen-abizenak dituzten emakumeak daudela”.

Berriki indarkeria matxistak Andoainen eragin duen biolentziaren inguruan jakinarazi den txostena izan zuen mintzagai Mujikak. “Jakin berri ditugu indarkeria mota honek Andoainen zein oinanzeak utzi dituen azken hiru urtetan; 2014 eta 2015ean 22na salaketa izan genituen. 2016an, berriz, 24 izan ziren. Kezkagarriak dira datuak, izan ere, Andoainen indarkeria matxistaren tasa 100 emakumeetatik 1,3koa da, EAEn 0,4koa den bitartean; alegia, hirukoiztu egiten da kopurua. Bada garaia datu hauek iraultzeko. Areago, berandu gabiltza honezkero. Emakumeen aurkako indarkeriatik libre egongo den jendarte bat eraikitzeko, konpromisotik harago, nahitaezkoa da eskuahartzeko plano guztietan lana egitea. Prebentzian, detekzioan, arretan, babesean, koordinazioan, justizian, eta baita ere, erreparazioan ere”.

Mujikak omenaldirik eta aitormenik sentikorrena eskaini zien biolentzia sufritzea inoiz merezi izan ez zuten emakumeei. Azkenik, lehen aipatu kartelak izan zituen hizpide. “Egunero euren azaletan indarkeria sufritzen dituzten zenbait kartel itsatsi diren kalean zehar, eta horiekin egiturazkoa den indarkeria ikustarazi nahi izan da. Eguneroko ogi dira, gure bizitzako momentu askotako egoera errealak islatzen dituzte.  Gogorrak dira, krudelak, baina krudelagoa da egunero jasaten dugun indarkeria, eta horregatik diogu ez dugula onartuko horrelakorik. Horrekin amaitu beharra dago, hobe orain bihar baino. Lan egin dezagun guztiok, bakoitzak bere esparruan”.

 

Hainbat ekimen, egunotan

Indarkeria matxistaren aurkako nazioarteko egunaren harira, makina bat ekitaldi antolatu dira egunetan Andoainen. Larunbatean bertan, Gazte lokalean, 17:30ean, “Beldur barik” ekimenaren bideo emanaldia izan zen, 17:30etatik aurrera. Bestalde, Andoaingo Gaztetxeak indarkeria matxistaren aurkako informazio gunea jarri zen egunean zehar Gaztetxean bertan.

Ekitaldi sortak aste honetan izango du jarraipena.

* Azaroak 28, asteartea:

Basteron, 18:30ean: “Volar" pelikularen emanaldia Bertha Gaztelumendik zuzendua. Ondoren, bi protaognistekin solasaldia eta kafea.

* Azaroak 30, osteguna:

Urigainen, 17:30ean. “Jostailu ez sexistak aukeratzen”. Ametsondoa elkarteak antolatutako hitzaldia.

* Abenduak 4, astelehena:

Zumea Plazan, 16:00etatik aurrera:

Emakunderen autobus ibiltaria.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!