Euskararen Eguna, ekitaldiz beterik dator

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko aza. 27a, 01:00

Andoaingo Udal ordezkari politiko guztiek, Udal Euskara zerbitzuko teknikariek eta gizarte eragileek abenduaren 3ko Euskararen Eguna ospatzeko antolatu dituzten ekitaldiak aurkeztu dituzte Udaletxean egin duten agerraldian. Besteak beste, Ahotsak proiekturako testigantza eman duten 70 andoaindarrei esker oneko ekitaldia burutuko da Basteron.

[Bideoa] Egitaraua:

Egitaraua, egunez egun

* Azaroak 30, osteguna.

18:00etan, Kantu Jira Bastero Kulturgunetik Zumea plazaraino (Andoaingo AEK euskaltegiak antolatua).

 

* Abenduak 1, ostirala.

Eguerdian: “Andoain laburrean” izeneko bideo lehiaketaren deialdia egingo da hedabideen aurrean (Andoaingo Udalak eta ESCIVI Zine eta Bideo Eskolak antolatua).

- 17:00etan: Buruntzaldeko I Euskararen Ginkanaren finala Oronan (Galarreta-Hernani).

Andoain, Astigarraga, Lasarte-Oria, Hernani, Urnieta eta Usurbilgo 23 gazte talde ari dira urrian eta azaroan euskara eta hizkuntza aniztasunaren gaineko lehiaketa egiten. Euskararen Egunaren atarian jokatuko dute finala (Buruntzaldeko sei Udalek Kutxa Ekogunearekin elkarlanean antolatua).

- Gaueko 21:30ean: Benito Lertxundi, Bastero kulturgunean.

 

* Abenduak 2, larunbata.

- Eguerdiko 12:00etan: festa Zumea plazan: txalapartariak, abeslariak, musikariak, dantzariak, talogileak, Argitxoren bisita. Aurretik, kalejira abiatuko da Juanita Alkain plazatik Zumea plazaraino (Aita Larramendi ikastolak antolatua).

- 20:30ean: Bertso afaria Santa Krutz elkartean, Sebastian Lizaso eta Iker Zubeldia bertsolariekin (Santa Krutz elkarteak antolatua, udalaren laguntzarekin). 

 

* Abenduak 3, igandea. Euskararen Nazioarteko Eguna

- 12:00etan: Andoaingo Ahotsak izeneko ekitaldia, Bastero kulturgunean.

XX mendearen hasierako hamarkadetako Andoain hura ezagutu eta bizi izan zuten Andoaingo 73 herritarri urteetan zehar egin zaizkien elkarrizketak jaso dira, eta elkarrizketa haien 30 minutuko laburpena jasotzen duen bideoa proiektatuko da. Elkarrizketatuei omenaldia eta aitormena egingo zaie, batzuei zuzenean eta beste askori beren familia kideen eskutik. Andoaingo Udalak eta Badihardugu Euskara Elkarteak elkarrekin garatutako proiektua da.

Ekitaldian zehar musika eta kantua Joxan Goikoetxea eta Iosune Marin musikariaren, eta Olatz Prat kantariaren eskutik izango da. Bukaeran, pintxo batzuk dastatzeko aukera izango da.

Andoaingo ahotsak proiektuko elkarrizketa guztiak ikusgai: http://www.ahotsak.eus/andoain

- 20:00etan: antzerkia Basteron, “Ez Dok Hiru” obra, Patxo Telleria eta Mikel Martinez aktoreen eta hiru musikariren eskutik.

 

* Abenduak 1, 4 eta 5:

Egun horietan Aita Larramendi ikastola, La Salle-Berrozpe, Leizaran eta Ondarreta ikastetxeek Euskararen Egunari lotutako ekintza ugariz osatutako programa propioak burutuko dituzte beren eskoletan.

 

Adierazpen instituzionala

Agerraldian, egitaraua osatzen Udalarekin batera elkarlanean jardun duten ikastetxe, euskaltegi eta elkarteetako ordezkariak agertu dira, eta horiekin batera, alderdi politikoetako ordezkari diren Ainara Rodriguez (EH-Bildu, Euskara Zinegotzia) Marijo Izagirre (EAJ), Petri Romero (PSE-EE), Ganemos (Olga Hernandez) eta Jorge Mourinho (Irabazi).

Rodriguezek adierazpen instituzionala irakurri du, Udaleko alderdi politiko guztiek ahobatasunez onartu zutena azaroaren 16an egin zen Euskararen Normalkuntzarako Batzordean, eta azaroaren 30ean Udalbatzan berretsiko dutena.

“Ahoz aho, bizi-bizi. Euskara bizirik eta indartsu nahi dugu Andoainen” izenburua daraman adierazpena, segidan:

“Badator aurten ere abenduaren 3a, Euskararen Nazioarteko Eguna. Pozik bizitzeko eta, aldi berean, indarberritzeko eguna da Euskararen Eguna. Bi gauzak batera: ospatu eta arnasberritu.

Izan ere badugu zer ospatu eta zertaz gozatu: duela berrogei urte arte galtzeko bidean zihoan hizkuntza, euskara, hazkunde bidean jarri dugu denon artean, euskal gizartearen gogo eta ahalegin jarraituari esker. Eta badugu arnasa berria hartu eta indartu beharrik ere: izan ere, euskara biziberritzeko bidean, asko aurreratu dugun bide horretan alegia, oraindik ere bide luzea geratzen baitzaigu irabazteko. Behar ditugu berritu bide hori egiten jarraitzeko indarra, kemena eta konpromisoa.

Euskara bizirik eta indartsu nahi dugu Andoainen. Gure herriko kale-bizitzan, eskoletako pasillo eta patioetan, lantokietan, merkataritzan, osasun zerbitzuetan, lagunartean, etxeko salan, era guztietako ikuskizunetan… bizirik eta sasoiko nahi dugu euskara. Andoaindarron bihotzetan ez ezik ezpainetan ere ikusi/entzun nahi dugu euskara. Maite dugun euskara horren alde egin dezakegun gauzarik inportanteena egin nahi dugu: erabili.

Horretarako daukagun elikagairik potenteena herritarren gogoa eta jokabidea da. Herritarrak diogunean, herritar bakoitza ez ezik, herri erakundeak, familiak, elkarteak, enpresak, hezkuntza komunitateak, kirol taldeak…  hori guztia esan nahi dugu, horiek guztiak herritarrengan bizi baitira. 

Herritarren gogo eta pertseberantziaren indarrean sinesten dugu. Gogo hori indartu nahi dugu, bai udal bizitzan, eta baita ere udalerriko bizitzan.  Ez dugu nahi ez inor ez ezer beste inoren gainetik. Ez dugu nahi hizkuntza bat edo hiztun bat beste hizkuntza baten edo beste hiztun baten gainetik. Denok eroso biziko garen Andoain da nahi duguna. Euskararen eta gaztelaniaren aukerak, biak egiazki errespetatu daitezen nahi dugu. Aukera berdintasun benetakoa nahi dugu hizkuntza-hautuak egiterakoan ere. Eta, horretarako, badakigu gainditu behar dugula, gaur, Andoainen ere bizirik, biziegi, dagoen euskara eta gaztelaniaren arteko desoreka. Gero eta indartsuago, bai, bistan denez, baina oraindik ere kasu askotan ahul da euskara gaztelaniarekiko. Horregatik behar dugu euskara arnastu eta hauspotu, eta horregatik nahi dugu Euskararen Eguna baliatzea euskara indarberritzeko, andoaindarron euskararekiko lotura sendotzeko, euskararen erabileran urratsak ematen jarraitzeko.

Udalak ere badu zer hobeturik, eta hobekuntza horretarako indarra hartzeko izan bekigu Euskararen Eguna. Eta izan bedi, baita ere, Udalak, errespetu osoz, andoaindar guztiak gonbidatzeko euskararekiko duten lotura indartu eta berpiztu dezaten: euskaraz badakitenek, bakoitzak bere neurrian, erabiliz, eta ez dakitenak euskarara hurbilduz. Ahoz aho, bizi-bizi, euskara Andoainen”.

 

Hizkuntza aniztasuna Andoainen

Rodriguezek aurtengo Euskararen Egunerako diseinatu den kartela izan du aipagai, azkenik.  “Adierazpena egin dugun bezala, ez dugu ez inor ez ezeren gainetik egon nahi, ez dugu nahi hizkuntza bat edo hiztun bat beste inoren gainetik egotea, eta horregatik, hizkuntzei diegun miresmenetik eta aitormenetik abiatuta eta gure hizkuntzaren eguna aprobetxatuz, keinu bat egin nahi izan diegu Andoainen detektatuta ditugun beste hizkuntzei. Kartelaren eskuinean jasotzen dira hizkuntza horiek, goitik hasita: gaztelania, galiziera, katalana, hassania, frantsesa, errumaniera, arabiera, portugesa, nepaliera, afrikaansa, txinera sinplifikatua, suajilia, errusiera, japoniera, ukraniera, kitxuera, mapuzunguna ea ingelesa”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!