Ur hoditeria berritzeko lanak herrigunean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko aza. 24a, 01:00

Astearte arratsaldean Andoaingo Udalak herri bilera deitu zuen Bastero kulturgunean, 2018ko urtarrilean hasita herrigunean egingo dituzten azpiegitura lanen berri emateko. Trafikoari eta oinezkoen pasabideari dagokionez, Kale Nagusia eta inguruak herriaren erdigunean daude eta horrelako lan batek hainbat eragozpen sortuko ditu. Lanen azalpenak emateko eta zalantzak argitzeko, herritarren aurrean agertu ziren.

Asteartean Andoaingo Udalak deitutako herri bileran hoditeria berritzeko lanen inguruko azalpenak ematen aritu ziren Ana Carrere alkatea, Pedro Rodriguez udaltzain burua eta Campezo enpresako arduradun bat.

Lehen faseari dagokionean, Doktor Huitzi eta Juan Bautista Erro kaleetan trafikoa moztuta egongo da ibilgailuentzat. Eta Juan Bautista Erro kaleko zati batean errail bakarrean zirkulatu ahalko da, baina baimendutako eta bertako herritarren kasuan soilik. Trafikoari dagokionez, Doktor Huitzi kalera sartzeko trafikoa Rikardo Arregitik bideratuko da. Hortik, Agustin Leitza kalera eta Kale Nagusitik Doktor Huitzira.

Bigarren fasean Kale Nagusia, Agustin Leitza eta Doktor Huitzi arteko bidea moztuta egongo da ibilgailuentzat. Pio Baroja kalean, berriz, ibilgailuek normaltasun osoz zirkulatu ahal izango dute. Trafikoari dagokionez, Juan Bautista Erro kaletik datozenek, Doktor Huitzitik Rikardo Arregira joan beharko dute. Ondoren, Agustin Leitzara eta azkenik, La Salle edota Kaletxikira.

Hirugarren fasean ere ibilgailuentzako bidea moztuta egongo da Kale Nagusia, La Salle eta Agustin Leitza kaleen artean. La Salle hiribidetik datozen autoek Kaletxikitik Ama Kandida hiribidera jaitsi beharko dute, biribilgunean buelta eman eta Rikardo Arregitik igo Agustin Leitza kalera. Hiru faseetako bide-zati bakoitzean oinezkoentzako baimendutako espaloia egongo da.

Herriko autobusaren ibilbidea

Pedro Rodriguez udaltzain buruak azaldutakoaren arabera, fase guztietan hiru autobus geltoki galduko dira: Agustin Leitza kalekoa eta Ondarreta Ikastetxearen parean dauden biak. Rikardo Arregi kaletik sartuko da herriko autobusa eta Kale Berriako erdigunean egongo da aldi baterako geltokia, Karrika kaletik Aranaztegi aldera joaten dena. Bertan hartu beharko da herriko autobusa, eta Bazkardotik irtengo da. Gainontzean, ibilbidea ohikoa izango da. Bueltakoan, berriz, Rikardo Arregitik igoko da autobusa. Eta Pio Baroja kaleko bidegurutzera iristean, buelta eman beharko du. Rikardo Arregitik jaitsita, N1 errepidera  aterako da autobusa, Itsasmendi karabanetatik sartzeko. Txistokiko pasealekutik Kale Berrira joan eta bertan beste geltoki bat egongo da, aurrekoaren paraleloan. Hortik aurrera ibilbidea ohikoa izango da.

Herritarren galderak

Bileraren amaieran herritarrek zalantzak argitzeko tartea izan zuten. Zalantzen artean hauek izan ziren nagusienak: trafikoaren desbideratzea, ur-mozketak, autobusaren zerbitzua, oinezkoen pasabideak…

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!