Gazteen gurasoei zuzendutako hitzaldia

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko aza. 24a, 01:00

Gazteen artean ematen den alkohol eta droga kontsumoa guraso batzuen kezka iturri bihurtu da, eta prebentzioa areagotzeko beharra agertu dute. Eskaera horri erantzunez, Andoaingo Gazte Lokalak “Heziketa lana eta menpekotasuna” izeneko hitzaldi sorta antolatu du hilabete honetan. Hurrengoa datorren azaroaren 29an izango da, DBH eta Batxillerreko ikasleen gurasoei zuzenduta, Bastero kulturgunean arratsaldeko 18:30ean hasita. 

Biak ala biak AGIPAD drogen abusuaren ikerketa eta prebentziorako Gipuzkoako elkartearekin elkarlanean antolatu dituzte. Lehenengoa DBHko ikasleei zuzendurikoa izan zen, joan zen azaroaren 15ean egin zutena.
Hurrengoa datorren azaroaren 29an izango da, DBH eta Batxillerreko ikasleen gurasoei zuzenduta, Bastero kulturgunean arratsaldeko 18:30ean hasita. Hitzaldian drogen erabilera eta menpekotasunaren inguruko irizpideak eskainiko dituzte, eta gazteei laguntza emateko nola eragin azalduko dute. Gaia interes handikoa da nerabezarotik heldutasunera igarotzen ari diren seme-alaben gurasoentzat. 
AGIPADek hitzaldien atarikoan honakoa adierazi du: “Menpekotasunak oraindik ere gure errealitatean eguneroko kontu dira eta, horrenbestez, hezitzeko gure eginkizun horretan oso aintzat hartu beharko ditugu; baina, nola hel diezaiokegu tamaina horretako arazoari? Zer egingo nuke nik nire familian menpekotasunekin arazoak dauzkagula sumatuko banu? Azken finean, nola hurbildu nerabe horrengana heldutasunerantz hasita duen bide horretan?”. Horiexek eta gehiago Basteron aztergai izango dituztenak.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!