Izena emateko epea irekita dago, azaroaren 30a bitarte. Zer nolako harrera eduki du deialdiak lehenbiziko egunetan?
Pozgarria, egia esanda, dagoeneko hamar-hamabi lagunek eman baitute izena. Bertso eskola ez da, esate batera, hamaika lagun behar dituen futbol taldea; nahiko ariketa pertsonala da bertsoa, eta beraz, errazago edukiko dugu eskola abian jartzea.
Zer dela eta Urnietan bertso eskola sortzeko asmoa?
Ez da izan Hernaniko bertso eskolako kideei bat-batean otu zaigun burutaldia. Eskualdeko bertsozaleak aspaldian gabiltza herriz herri eskolak sortu nahian. Egun, Hernani, Lasarte-Oria eta Andoaingo bertso eskolak indartsu dabiltza; Usurbilen ere sortu berria da. Argi daukagu Urnietan ere merezi duela saiakera egiteak, bertsozaletasuna sumatzen delako. Iraganean ez da posible izan, baina egun, ikusi dugu badagoela aukerarik. Batetik, ahalmena daukagula sentitzen dugulako, eta bestetik, Euskal Herriko Txapelketaren bultzadaz balia gaitezkeelako.
Urnietan sekula ez da helduen bertso eskolarik ezagutu, baina ez dut uste eskari faltagatik izan denik. Gogoratzen naiz zenbait urtetan Urnietatik gazte jendea etorri izan dela Hernaniko bertso eskolara. Jakina, beti ere herrian bertan eskola edukitzeak erraztu egiten du bertsozalea anima dadin, eta oraingoan halaxe gertatuko dela iruditzen zait.
Gainera, bertso eskolak Urnietan dagoen beste hutsune bat beteko du: ikastetxeetan bertsoa ikasten aritu diren ikasleei, bertsoari gogoz heldu diotenei behintzat, jarraitzeko aukera eskainiko die.
Urnietan bertsozaletasuna badela esan duzu.
Ni ez naiz urnietarra, baina baietz esango nuke, eta horren froga izan liteke urtean zehar ospatzen diren bertso jaialdiek edukitzen duten arrakasta. Esatera batera, Sanmieletan edo Xoxokako jaietan argi geratzen da zaletasuna badagoela, eta bertsoak jendea erakartzen duela plazara. Aurten, Sanmielen atarian Oianumen egin zen bertso afarian berrehun lagunetik gora bildu ziren! Harrigarria izan zen hura! Halakoetan erakusten da bertso gosea badagoela.
Zein filosofiari helduko dio Urnietako bertso eskolak?
Bertsozaleentzat espazio zabala izango da. Ez ditu goi helmugak jarriko, bertsoarekin gozatzea baizik ez; errimekin, silabekin, doinuekin… ohitzen joatea. Egunez egun joango da bidea egiten, eta bertaratzen diren interesetara egokitzen saiatuko da. Baten bat etor liteke errimak arintasunez kantatu nahian, beste bat bertsoa idazten ikasi besterik ez duela nahi esanez. Ez dago jakiterik noraino iritsiko den bertso eskola Urnietan, baina bertako bertsozaleari etortzeko eta proba egiteko eskatuko nioke.
Bertso eskolako irakaslea zara, bertsolaria izateaz gain.
Bai. Ia bizitza osoa daramat bertsoaren munduan murgilduta. Ikastetxean bederatzi urterekin hasi nintzen bertsoa zer den ikasten, eta handik aurrera beti izan naiz bertso eskolako kidea. Bertso-ikasketaren dinamika horretan behin sartuz gero, konturatzerako eta modurik naturalenean, zure atzetik datozen gazteei klaseak ematen hasten zara, eta hori gertatu zait niri ere. Egun, Hernanin ez ezik, Usurbileko helduen eskolan eta Urnietako Egape ikastolako ikasleekin ere aritzen naiz.
Bertso eskoletan, irakaslea bezainbat edo gehiago izaten da bat dinamizatzaile.
Euskal HerrikoTxapelketa jarraitzen ariko zara… Ezerk bereziki harritu al zaitu?
Erabat gertutik jarraitu ditut saio guztiak, aurrez aurre ez bada, telebista bidez. Orokorrean nahiko saio onak entzun ditugu. Ez dut topatu berezi-bereziki nabarmentzekorik, baina egia da bertsolaritzan sartuta egoteak eta plazaz plaza ibiltzeak gainerako bertso zaleek ez daukaten informazio eta ezagutza eskaintzen dizula. Alde horretatik, esate batera, niri ez dit ezustekorik eragin Nerea Ibarzabalek, gaztetatik ezagutzeko parada eduki baitut.
Txapelketa zer den probatutakoa zara zu ere.
Gazteen txapelketa ezberdinetan parte hartu izan dut, eta 2015ean Gipuzkoako Txapelketa nagusian kantatu nuen. Ez nintzen sailkatu Euskal Herrikoan kantatzeko aukera ematen zuten goiko postuetan, baina txukun aritu nintzela iruditzen zait.
Txapelketak gogoko dituzu?
Argi dago txapelketa batean ondo bazabiltza horrek ateak irekitzen dizkizula hurrengo lau urtetarako; baina kontrakoa ere gertatzen da, hanka-sartze bat lau urterako zama izatera irits litekeela. Ondo bereiziko nituzke txapelketa eta gainerako bertso jarduna. Txapelketak ondo prestatzera bultzatzen zaitu, baina aldi berean, zeure buruak eta inguruak estutu eta presionatu egiten zaituzte.
Aldiz, esker onekoa da plazatako edo bertso afarietako ibilera bertsolari batentzat; entzuleak askoz ere harrera beroagoa eskaintzen dizu, nahiz eta bertsolari eskasagoa izan. Gehiago gozatzen dut horietan, nik behintzat bai.
Izen-ematea BERTSO ESKOLAN:
• hernanikobertsoeskola@gmail.com
• Xauxar tabernako zerrendan izena emanda.
Bertan izena eta telefono zenbakia ipini behar dira.