Errigora kanpainak emaitza bikainak lortu ditu

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko aza. 23a, 01:00

14.000 saski egin ditu aurten Nafarroako Errigora sareak bosgarren urtez. Aurtengoan 175.000 euro bideratuko dira Nafarroa hegoaldeko euskalgintzara.

Jarraitu irakurtzen:

Nafaroako hegoaldean euskara sustatzea du helburu Errigora sareak. Horretarako, Nafarroako produktuez osatutako saskiak egiten dituzte, eta lortutako dirua euskalgintzara bideratzen dute, aurtengoan 175.000 euro.

#EUSKARARIpuska izeneko bosgarren kanpaina herri lanean osatu da. Ehundaka boluntario -banatzaileek, komertzialek, gidariek, diruzainek- aritu dira elkarrekin lanean. Errigora sarea pozik azaldu da bidalitako prentsa-oharrean: “herri lana izan da. Herri langileak izan gara”.

Enpresa txiki eta ertain berriak gehitzen joan eta 600-700 saski gehiago eskatu dira. Beste batzuei, aldiz, ezinezkoa izan zaie aurten saskia eskuratzea, baina Errigora sarea konbentzituta dago aurrerantzean saskia eskuratzen jarraituko dutela horiek ere.

Euskal Herrian barrena

Euskal Herriko txoko ezberdinak bisitatu dituzte, hala nola Errenteria, Leitza, Amurrion edota Ziburu. Ablitasen, esaterako, milaka kartoi zati saski bihurtu zituzten herri lanak lagunak eskaini eta harremanak estutzen dituztela konprobatuz.

Porrotx eduki dute bidelagun bidaia horietan, herriak irriz bustiz eta euskara zabaltzen lagunduz.

Hedabideei eskerrak

Hedabideei eskerrak eman nahi izan dizkie bidea erraztearren. “Elkarrizketak, erreportaiak eta albisteak lau haizetara zabaltzen ibili dira udazken honetan eta horrek herritarron ezagupen eta aurreiritziak moldatzeko aukera eskaini digu”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!