Kontzientzia eta konpromisoa, maskulinitate berriaren gakoak

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko aza. 27a, 01:00

“Eta gizonak zer? Maskulinitate berrietatik, indarkeria matxistari aurre egin”. izenburua zeraman hitzaldia eskaini zuen On:Giz elkarteko kide den Mikel Otxotorena soziologoak joan den astelehenean Basteron; Andoaingo Udaleko berdintasun teknikari Sandra Barrenetxeak egin zituen aurkezpen lanak.

[Bideoa] Kronika:

Jose Saramago Nobel sariak orain 12 urte egin zuen adierazpenarekin bat zetorrela esanez ekin zion hitzaldiari Otxotorenak; alegia, indarkeria matxista gizonen arazoa dela. “Izan ere, badirudi indarkeria sexistaz hitz egiten dugunean emakumeen arazoaz ari garela, eta gizonok bigarren planoan geratu behar dugula”.

Hiru zatitan banatu zuen hitzaldia Otxotorenak: indarkeria matxista ulertzeko lagungarria izan daitekeen testuingurua deskribatu, maskulinitate matxistaren oinarriak, eta, azkenik, zein lanketa egin beharko luketen gizonek indarkeria matxistari aurre egiteko.

Testuinguruaz jarduterakoan, gizontasun matxistaren eraikuntza sozialari eman zion garrantzia Otxotorenak, eta aspektu horren inguruko hainbat alderdi aztertu zituen. ”Sexuen arteko sistemak binarismoa bultzatzen du: gizona-emakumea, heterosexuala-homosexuala, txuria-beltza... Simon de Beauvoirrek esan zuen bezala, gizon eta emakumeak ez gara jaiotzen, egin, egiten gara. Arra eta eme jaiotzan gara berez, baina gero gizon eta emakume eraikitzen gara, eta eraikuntza horretan kulturak, erlijioak, maila sozialek... eragina dute. Azken batean, zer da gizon izatea eta zer emakume izatea? Balore eta kode batzuk barneratzen ditugu eta gero horrela mugitzen gara egunerokotasunean”.

“Zuek, emakumeak, gizonak bezain matxistak zarete” bezalako esaldiek, debate faltsua planteatzen dutela adierazi zuen Otxotorenak. “Ulertu beharko genuke normala dela emakumeek ere erreproduzitzea matxismoa, ez direlako Marten hezitu, baizik eta gizarte honetan, gurean sozializatu dira. Hala ere, arduraren gain-karga jartzen zaie emakumeei, emakume izateagatik eta matxismoa erreproduzitzeagatik”.

 

Maskulinitate matxistaren zutabeak

Indarkeria matxistaren azpian dauden elementuak zehazten saiatu zen Otxotorena, eta besteak beste, “Hiru ezezkoen” teoria azaldu zuen horretarako. “Denbora guztian, gizonok, zer garen erakusteko eta gizontasun eredu jakin bat erakusteko, ezezkoaren mekanismoa darabilgu. Eskema da “ni gizona naiz, ez naizelako...”. Ukazio horretan, emakumea, homosexuala edo umea jartzen badugu, segidan, hainbat ezaugarri estereotipatuak otuko zaizkigu, antzekoak asko eta asko. Emakumeen kasuan: sentikorra izatea, ama izatea, konplexua, menpekoak, otzanak, beldurtiak, ahulak, zaintzaileak, babestiarrak... Homosexualen kasuan ere, antzekoak aterako zaizkigu, gehi, gustu onekoak, negartiak, amaneratuak, biziosoak... Agian hotzean, gizonoi irudituko zaigu ez dela batere erreala azterketa hori, oso estereotipatuak direlako ezaugarriak. Baina seguru gutako bakoitzak jarri izan ditugula martxan behin baino gehiagotan”.

Hiru ezezko horiek ulertzeko, zenbait gogoeta kontuan hartzekooak direla adierazi zuen Otxotorenak. Batetik, indarkeri mota horren inguruan dagoen kontzientziazio baxua aipatu zuen, nahiz eta azken aldian kontuan hartzekoak izan komunikabideek eskaintzen dioten arreta, egiten diren agerraldi publikoak, e.a.. Galdera txiki bat eginez ulertarazi nahi izan zuen planteatzen ari zena: “urtean hiltzen den emakume kopurua taxisten sektorean gertatuko balitz, gizartea gehiago larritu eta mobilizatuko litzakeela aurreikusi genezake”.

Galdera horretatik abiatuta, gizonak hiru taldetan banatu zituen estatu mailan: kontzientziatu-aktiboak (%10), haserre eta ezeroso daudenak berdintasunaren aldeko urratsekin (%10), eta neutralak (%80). Neutraltasun hori faltsua dela ziurtatu zuen, azken batean laguntzen duelako indarkeria mota hori justikatzen edo isilarazten duen egitura soziala sortu dadin.

 

Mikromatxismoei garrantzia eman beharra

Matxistak izan daitezkeen egoerak aipatu zituen hizlariak, eta Nazioarteko Amnistiak erabiltzen duen eskema izan zuen aztergai. Eskema horren arabera, egoera ikusgarriak eta ikustezinak batetik, eta forma esplizitoak eta forma sutilak bestetik, daude. Egunerokoan, egoera batzuk eskemaren azpian daude, eta garrantzia kentzen diegu (umore matxista, hizkuntza matxista, publizatatea...); eskemaren goi-goian, berriz, indarkeria matxista, hilketak... kokatzen dira. Teoria horrek azaltzen duenez, behean dauden mikromatxismo horiek goiko matxismo egoera larrienak indartzen dituzte.

 

Gizonen lanketa

Gizonen egunerokotasunean mikromatxismo egoera ugari ematen direla eta horiek aztertu eta zuzendu beharko lituzketela gizonek, esan zuen Otxotorenak. “Pribilegio, botere edo dominio erlazioak ematen dira gizonezkoen eta emakumezkoen artean maiz, eta hain zuzen ere, hori da gizonezkoei gehien onartzea kostatzen zaigun arloa. Gizonoi dagokigun lanketa da, detektatzea eta zuzentzea. Ez da nahikoa pankartaren atzean jartzea, gauza ugari gehiago badauzkagu egiteko. Ez da goxoa lanketa, aurre egin beharko zaie gizon izateagatik gugatik “espero” diren estereotipo horiei. Baina ardura hori hartu beharra daukagu, nahiz eta “rarito”, “txapas” eta antzeko adjetiboak entzun beharko ditugun”.

Baina, nondik jo? Feminismotik, eta, lesbianismoaren, homosexualismo eta transexualismoaren mugimenduetatik datozkigun planteamendu edo teoriei kasu egin behar zaie ezinbestean, Otxotorenan ustetan. “Kontzientzia, konstantzia eta konpromesua nahitaezkoak ditugu erronka horri aurre egiteko”.

Hitzaldiaren amaieran, entzuleen parte hartzea heldu zen eta eztabaida interesagarria piztu zen. Entzule batek aipatu zuen unibertsitatean zera aditu behar izaten duela: berdintasuna erreala den gizarte batean bizi garela, emakumezkoek zein gizonezkoek askatasun osoa daukatelako edozein ikasketatan matrikulatzeko. Testuinguruari erreparatu behar zaiola erantzun zion Otxotorenak. Alegia, geure buruari galdetu, adbidez, zergatik den normalena oraindik ere erizaintzan ikasle gehienak emakumeak izatea.

Hitzaldian zegoen beste entzule batek, Donostiako Lilatoiaren kasuan maiz lagunekin -gizonezkoak denak- izan ohi duen eztabaida aipatu zuen: egokia ala okerra da gizonezkoek debekatuta edukitzea laskerketa horretan parte hartzea? Otxotorenarentzat, gizonezkoek deseroso jartzen gara ikusten dugunean espazio publikoa emakumeek okupatu dutela, nahiz eta urtean zehar ehunka lasterketa misto egon eta horietatik bakarra izan emakumeentzat antolatu dena. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!