Ehun musikari inguru igoko dira Usarrabi pilotalekuan jarriko duten eszenatokira. Hitzordu garrantzitsua izaten da musikarien egunaren harira antolatzen dena, herritarrek herritarrentzat bideratzen dutena. Juan Tapia, Xabin Mujika, Marga Jimenez eta Mirari Irurzun dira ekimeneko antolatzaileetakoak.
Dagoeneko laugarren edizioa izango dute aurtengoa. Juan Tapiak egin du atzera begiratua: “Herriko txistulariak eta trikitilariak izan ziren lehendabiziko edizioko protagonista nagusiak. Asteasuko plazan egin genuen lehendabiziko saioa, eta arrakasta izan zuen. Hurrengo urtean, musikari gehiago gehitu ziren ekimenera eta gaur egun duen formatuari ekin genion. Oso seinale ona da urtez urte hazten joatea. Pilotalekuan eskaintzen dugu saioa, Asteasuko musikarion artean prestatuta”.
Harremana sortzea
Argi dute horrelako ekimena antolatzearen arrazoi nagusia zein den; “herriko musikariak elkartu eta harremana sortzea. Ekitaldi honi esker konturatu gara Asteasuko zenbat jende ari den musika ikasten, adibidez”, diote. Horrez gain, instrumentua kaxatik atera eta berriz ere jotzen hasteko aitzakia ere izan da zenbait herritarrentzat. “Gogoa pizteko modua izan da bat baino gehiagorentzat, eta hori oso pozgarria da”, dio Mirari Irurzunek.
Marga Jimenez Usarrabi kantu-jira taldeko zuzendaria da. Haiek ere gustura parte hartzen dute musikarien eguneko kontzertu handian: “Lehen edizioko saio hura oso polita izan zen. Hori ikusita, hurrengoetan parte hartzeko animatu ginen. Edizioz edizio geroz eta jende gehiago animatzen da”.
Ehun musikari
Usarrabi kantu-jirako kideak, trikitixa eskolakoak, txistulariak, Pello Errota ikastetxeko abeslariak, eta herriko beste zenbait musikari elkarrekin arituko dira azaroaren 24an. “Ahoz aho joan gara musikari ezberdinei gonbitea luzatzen. Zenbait herritarrekin, sorpresa izan da instrumenturen bat jotzen dutela jakitea ere. Pixkanaka, geroz eta herritar gehiago batzen joan gara modu horretan, elkar animatuz”, azaldu du Juan Tapiak. 1400 biztanleko herrian, 100 musikari elkartzea ez da nolanahiko marka. Juanek azpimarratu duenez, “herriak beti izan du musikarekiko lotura berezia eta mantendu egin da hori”.
Barru-barrutik bizitzen dute ekitaldia, eta “beti uzten du zerbait barruan. Oso esperientzia polita da herriko musikariekin aritzea, giza-harremanak aberastu egiten dira”, dio Xabin Mujikak. Margak ere argi du musikak jendea lotzen duela: “Elkarrekin harremanetan jartzeko bidea ematen digu. Kalean agurtze hutsetik haratago, jendea ezagutzeko bidea ematen digu. Belaunaldi ezberdinetakoak gainera; hasiberriak diren ume eta gaztetxoetatik hasi, eta 70 urtetik gorako musikarietara, denok elkarlanean aritzen gara. Hori da ekitali honek ekarri digun gauzarik politenetakoa”.
Erreferentziak
Musika instrumentuarekin hasiberriak diren gaztetxoentzat bestalde, “euren erreferentzia izan daitezkeenekin jotzea oso aberasgarria da. Herrian bertan, bertako musikariekin batera, eta herritarrei eskainitako kontzertu batean parte hartzea, esperientzia handia da hasiberrientzat. Eta baita gainerakoentzat ere, noski. Beharbada, entseguetara joan beharrak, pieza ezberdinak prestatu beharrak…, eguneroko eginbehar eta errutinatik ateratzeko bidea ere ekarriko zion bati baino gehiagori eta hori ere poztekoa da”, azpimarratu du Mirarik.
Sanpedroak amaitu eta berehala egin zuten azaroaren 24ko ekitaldia antolatzeko lehen bilera. “Forma ematen hasten gara, baina udako oporrak iritsi orduko, geldialdia egiten dugu. Irailean ekin genion berriz ere prestaketari. Abestiak moldatu, partiturak prestatu, ikasleei banatu, entseguak egin…”, lan handia. Azken asteotan erritmo bizian ari dira prestaketa lanetan, buru-belarri eta gogotsu.
Eñaut Elorrieta
Aurtengo kontzertuak gehigarri berezi bat ere izango duela azaldu dute antolatzaileek. Eñaut Elorrietari deitu zioten, kontzertuan parte hartzeko gonbitea luzatuz. Haren baiezkoa jasota, zenbait abesti aukeratu, moldatu eta prestatzeari ekin zioten eta dagoeneko egina dute entseguren bat berarekin batera.
Talde bakoitzak bere saiotxoa eskainiko du emanaldiaren hasieran, eta Eñaut Elorrietaren kantuei ekingo diete kontzertuaren bigarren zatian. “Bera bezalako abeslari batekin aritzeak motibazio handia ekarri die gazteei. Tentsio pixka bat ere sortzen du maila horretako norbaitekin aritzeak, eta hori oso ona izan da piezak prestatzeko garaian”, azaldu du Xabinek. Azaroaren hasieran egin zuten lehen entsegu orokorra, Eñaut Elorrieta bertan zela. Eta gustura agertu ziren guztiak ere: “Oso jator aritu zen. Herri oso bat ikusten ari zela azpimarratzen zigun, ekitaldiari garrantzia emanaz. Oso giro polita jarri zuen entseguan”.
Bidearen garrantzia
Orain arte bizi izan duten bidearen amaiera izango da azaroaren 24ko kontzertu handia. Bideo horren garrantzia azpimarratu nahi dute antolatzaileek. “Kontzertua hobeto edo okerxeago aterata ere, bidean elkarrekin ikasitakoa hor geratuko zaigu guztioi betirako, eta hori da benetan balio duena”, diote aho batez.
Jendearen harrera beroa jaso izan dute aurreko edizioetan eta aurten ere, halaxe izatea espero dute. “450 ikusle ingururentzako tokia izango da. Ordu eta erdiko kontzertua izatea aurreikusten dugu eta ostiral gauerako aukera polita izan daitekeela iruditzen zaigu”.