Musika eskaintza zabala, datozen egunetan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko aza. 23a, 01:00

Musikaz bizi!! programa aurkeztu zuten atzo, Andoaingo udaleko Esti Mujika Kultura zinegotziak eta herriko hainbat musika eragilek. Azaroaren 17an hasita, musika ardatz duten hainbat ekimen eskainiko dira musikazaleen gozagarri; kanpotik datozen ikuskizunak eta bertako musikariek bultzatutako kontzertuek osatuko dute Santa Zezilia zikloa.     

Mujikak azaldu zuenez “gainean daukagu azaroaren 22a, musikarien zaindaria den Santa Zezilia eguna. Andoainen aspaldi-aspalditik ospatzen den eguna da, eta aurten ere ospatu nahi genuke musikarekin lotutako ekintza mordoa antolatuz. Iruditzen zaigu eskaintza zabala prestatu dugula hurrengo egunetarako, adin eta gustu ezberdinei begira”.

Andoaingo herritarrei mezua luzatu zien Mujikak, azkenik. “Musika oso osasuntsu dago Andoainen, eta horrela izan dedila urte askoan! Herritarrei gonbidapena luzatzen diegu eskaintza horietara hurbil daitezen eta musikaz goza dezaten”.

 

Hona prestatu den egitaraua, egunez egun:

* Azaroak 17: “Si las mujeres mandasen” Bilboko Ensancheko abesbatza.

* Azaroak 18: Haize-hari (flauta eta arpa).

* Azaroak 22. Olagain Udal Txistularien taldea eta Alberto Agirre Abesbatza.

* Azaroak 23. Musikalean, Udal Musika eskolako ikasle eta irakasleak.

* Azaroak 24. Yllana eta primital Bros-Komedia musikala, Capellara.

* Azaroak 26. Udal Musika Eskolako Bandaren suite-kontzertua.

 

Kaleak girotuz, txistu eta ahotsekin

Musikaz bizi!! programan parte hartuko duten zenbait musika eragilek hartu zuten hitza aurkezpenean, nor berari zegokion kontzertuaren berri emateko.

Azaroaren 22an, Olagain Udal Txistularien elkartea eta Alberto Agirre abesbatza kalera irtengo direla adierazi zuen Josune Orbegozo txistulariak: “Txistulariak Goikoplazatik 18:00etan abiatuko gara kalejiran, eta Juanita Alkain plazaren inguruan, Alberto Agirre abesbatzarekin elkartu, eta pieza batzuk partekatuko ditugu bertan. Zumea Plazarako bidea hartuko dugu ondoren, zenbait abestiekin kaleak girotuz”.

 

Musikaren ospakizuna sentitzea, txiki-txikitatik

Mirari Irurtzun Udal Musika Eskolako zuzendariak azaroak 23ko Musikalean zertan zetzan zehaztu zuen: “Musika Eskolan sortu den eskaintza da, eta musika kalera eramatea du xede. Ikasleak izango dira parte hartzaileak, euren arnasa kalera eraman nahi da. Aurtengoan lau eszenatoki antolatuko dira, 17:30etan hasita. Juanita Alkain plazan jarriko da lehena, eta bertan gitarrek eta biolinek osatutako taldeak joko du. Kale Nagusian, Juan Alkain plazaren ondoan kokatuko da bigarrena; haizezko instrumentuak (perkutsioa, tronpetak, saxofoiak eta klairineteak) entzun ahal izango dira. Kale Nagusian, Bastero parean egongo da hirugarrengo taldea, esku-soinu taldea hain zuzen. Azkenik, Bastero plazan kantu koralean aritzen diren gaztetxoek beren saioa eskainiko dute. Txiki-txikitatik musikaren ospakizunarekin gozatzea nahi genuke, azken batean”.

 

Suit-musika kontzertu berezia

Udal Musika Eskolako Bandak suite-musikaz bustiko du azaroaren 26an, igandearekin, eskainiko duen kontzertua. Suite-musika definitu zuen Mikel Emezabal bandako zuzendariak: “Zati ezberdinen bilkura da. Oso musika selektoa, fina, maila handikoa izaten da normalki”. Kontzertua sinfonikoa izango da, eta honako lau piezek osatuko dute: Suite Clasica (Tomas Aragües), Peer Gynt suite (Edward Grieg), Norfolk dances suite (Philip Sparke) eta Tren Txikitik barrena (Joxe Mari Oiartzabal).

Oiartzabal Andoaingo konposatzailearen piezak emango dio amaiera emanaldiari. “Kontzertu honetan estreinatzeko suite pieza bat sor zezala proposatu nion Joxe Mariri; hark baietz esan, eta oso gustura ekin zion lanari. Hiru bat hilabetera, partiturak eginak zeuzkan. Lehengo egunean gurekin entsaiatu zuen eta oso pozik geratu zen. Abesti berri hori kontzertuaren pizgarrietako bat izango da. Ziur nago kontzertua arraskatatsua izango dela, erakargarria musika zaleentzat”.

Umetako bizipenak eta oroitzapenak izan ditu inspirazio iturri Oiartzabalek, Tren Txikitik barrena abestia osatzeko orduan. Musikari handia izan zen izen bereko aitarekin batera Plazaolako bidean ibili ohi zen paseoan maiz, herritik abiatu eta Bertxin bitarte.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!