Kultur aurkezpen bikoitza

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko aza. 17a, 01:00

Elbarrenako eskolaren sorreraren inguruko lana aurkeztuko du Hernandorena kultur elkarteak, Bartolome Auzmendiren artxibo dokumentalarekin batera.

Azaroaren 23an, ostegunarekin egingo dute aurkezpena, Atxulondon. Ekitaldia egun horretan egiteak badu azalpenik, izan ere, 1933ko azaroaren 23an egin baitzuten Elbarrenako eskolaren inaugurazio ekitaldia.

XIX. mende amaiera arte, auzo txikia zen Elbarrena. Madril eta Paris elkartu zituen trenbidearen eraikuntzak, ordea, erabateko eraldaketa ekarri zion Elbarrena auzoari. Ordura arte, baserri gutxi batzuk zeuden bertan, eta Zizurkil Goiko San Millan eskolara joaten ziren bertako umeak. Hernandorena elkarteko Joxin Azkuek azaldu duenez, “trenbidea iristearekin batera, ordea, enpresak egiten hasi ziren inguru hartan, eta etxebizitza kopurua ere asko hazi zen. Geroz eta nabarmenagoa zen eskolaren beharra, eta guraso talde batek eskaera luzatu zion Udalari. 1922an mekanografiatutako gutuna aurkitu genuen artxibategian. Hainbat sinatzaile ageri da; Portuko bi anaia, Plazida Otaño bertsolaria, Bentako kideak, gero fusilatu zituzten Barroso eta Zuriarrain…”.

 

Euzko Pizkundea

Hamar bat urte pasa behar izan zuten gurasoek lehen eskaera formal hori egin zutenetik, eskola martxan jarri zuten arte. “Udalak diru arazoak zituen eta gainera, eskola naziolanek arau bat zuten jarrita; 2000 biztanletik beherako herrietan, ez zuten bigarren eskolarik egiten”.

Errepublika iritsita, euskararen eta bertako kulturaren aldeko mugimendua ere sortu zen: Euzko Pizkundea. “Mugimendu horren ingurukoek laster ikusi zuten hezkuntza alorrean zerbait egin beharra zegoela. Landa eremuko hezkuntza, bereziki, oso egoera kaskarrean zegoela eta irtenbideren bat bilatu beharra zegoela. Bide berria zabaldu zitzaion Zizurkili, eta Foru Aldundira jo zuen, eskola egiteko eskaera luzatzera”, azaldu du Joxinek.

 

Fraisoron

Berehala lortu zuten akordioa Foru Aldundiarekin. Eraikin berria egin arte, behin-behineko eskola zerbitzua jarri zuten Fraisoron. “Izan ere, geroz eta auzoko haur gehiago Villabonako eskolara joaten zen, eta horrek tira-birak sorrarazi zituen bi herrien artean”. Azkenean, 1931tik aurrera, Zizurkigo haur gehiago ez eskolatzeko erabakia hartu zuen Villabonak.

 

Marina eta Juan

Egoera hartan, Fraisoron egokitutako ikasgela batean jarri zuten martxan Elbarrenako eskola zerbitzua. “Bi ikasturtez egon zen martxan Fraisoroko eskola, harik eta eraikin berria egin zuten arte”. Hantxe hasi zen irakasle lanetan Marina Fernandez maestra. Oposaketa prozesu berezia gainditu behar izan zuen gainera, izan ere, euskara azterketa erabakiorra baitzen gainditu ahal izateko. Elbarrenan bizi zen Marina eta “oraindik ere gogoan dute bere ikasle izan zirenek. Irakasle berezia izan behar zuen”.

Marinarekin batera, Juan Imaz irakaslea ere aritu zen Zizurkilgo eskolan. “Asteasuko eskola nazionaletan egiten zuen lan, eta Zizurkilera etortzea erabaki zuen”.

 

Eskola berritzailea

1933ko azaroaren 23an egin zuten eskola berriaren inaugurazio ekitaldia. Eskola berritzailea izan zen Elbarrenakoa, metodologia aurreratua zerabilena eta Foru Aldundiaren esku zegoena. “Pedagogia, metodologia, eraikina…, dena erabat berritzailea zen”.

Material berria sortzeko momentua ere izan zen hura. “Haurrentzako ikas-liburuak, irakurketakoak…, mugimendu hark ikaragarrizko loraldia ekarri zuen sorkuntzari dagokionez”, azaldu du Joxinek. Ordukoak dira, esaterako, ‘Xabiertxo’, ‘Nekazaritzako irakurraldiak’, adibidez.

 

1936ra arte

1936an, gerra piztu zenean, eskola nazionala izatera pasa zen Elbarrenako eskola. Hor amaitu da Hernandorena taldeak eskolaren inguruan egindako azterketa lana. Sei hilabete inguru behar izan dute eskolaren inguruko informazioa biltzeko eta laster, herritar guztiek jasoko dute haren inguruko berri zehatza, Sustraiak aldizkariaren ale baten bidez.



Auzmendiren artxibo dokumentala
 

Azaroaren 23ko aurkezpen bikoitzean, Bartolome Auzmendi apaizaren artxibo dokumentala ezagutzeko aukera ere eskainiko dute Hernandorena elkarteko kideek. Elbarrenako historiari oso modu zuzenean lotutako pertsona da Bartolome Auzmendi apaiza. 1957ko azaroan, Zizurkil Goiko San Millan elizara iritsi eta hilabetera, Elbarrenako Arantzazuko amaren eliza amaitu zuten. Bera hautatu zuten bertako arduradun izateko, eta han aritu zen hemezortzi urtez. Ongi ezagutu zuen, beraz, 60. hamarkadako Elbarrena. Zizurkilgo baserrien argazkiak egin eta biltzen ditu Joxin Azkuek, eta Julian Arrastoaren bidez jakin zuen Bartolome Auzmendik bazuela argazkiak egiteko ohitura. “Harengara joan ginen, Donostiara. Baserrietako argazkiak ba ote zituen galdetu nion, eta albumez betetako armairu batera eraman gintuen”. Urtez urte sailkatutako ehunka argazki zituen gordeta: herriko jaiak, irteerak, ezkontzak, jaunartzeak…, gai ezberdin askotarikoak.

 

Ehunka argazki

Baserriei ateratako argazkiak digitalizatu zituen lehendabizi, “haiek zirelako momentu hartan nire interesa gehien pizten zutenak. Ondoren, ordea, badaezpada dena gordetzea egokia izango zela pentsatuta, argazki guzti-guztiak digitalizatu nituen”, azaldu du Joxinek. Argazkiak bere jabeari itzuli eta urtebetera, Bartolome Auzmendik bideoak grabatzeko ohitura ere bazuela jakin zuten, eta harengana zuzendu ziren berriz ere.

 

Filmotekan

Seminarioan bizi zen Auzmendi ordurako, eta bere material guztia Buen Pastorren utzia zuela jakinarazi zien Joxin Azkue eta Julian Arrastoari. “Bere bulegoa izan zen hartara itzuli, eta bazter guztiak miatu arren, ez genuen ezer topatzen. Laster esan ziguten han geratzen den materiala bota egiten dutela”.

Kopiaren bat edo beste lortu zuen Joxinek, nahiz eta kalitate txikikoak izan. “Jendeak gordetako kopia haietan kalitate txikiko irudiak gordetzen ziren, baina ezer baino hobeak ziren. Horretan ari ginela, Filmotekan beste zerbait egon zitekeela aipatu zidan norbaitek, eta hara joan nintzen. Zuzendariarekin hitz egin ondoren, bilaketa egin zuten, eta hantxe azaldu ziren Auzmendi Zizurkilgo apaiz izandako garaian grabatutako bideoak”. 20 film zeuden guztira, eta filmotekan bertan digitalizatu dituzte.

 

Informazio interesgarria

Film bakoitzak, Auzmendik eskuz idatzitako argibideak ditu: “Filmak zer biltzen duen irakur daiteke bertan. Film bakoitzak bi ordu inguruko iraupena du, eta oso politak dira. Super 8 kamerarekin grabatutako bideoak dira; ez dute audiorik eta kalitatea ere ez da gaur egungoaren parekoa, baina informazio asko biltzen dute”.

Auzmendiren artxibategiko material hori guztia webgunean zintzilikatu berri dute Hernandorena elkarteko kideek. “Argazkiak urteka sailkatu ditugu eta bideoak, berriz, filmen arabera. Herritarrentzat oso polita eta interesgarria izan daiteke material hori eskura izatea”, azaldu du Joxinek.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!