Emakumeen aurkako indarkeria ikusarazteko eguna

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko aza. 16a, 01:00

Emakumeenganako indarkeriaren aurkako eguna da azaroaren 25a. Hori gogoan, ekitaldi berezia egingo dute Andoainen.

Emakumeek jasaten dituzten indarkeria mota guztiak ikusarazi eta arbuiatzeko ekitaldia antolatu dute azaroaren 25erako. Udalak bideratuta, herriko hainbat elkarte eta norbanako aritu da antolaketa lanak egiten, baita egitaraua osatzen ere.

Esti Mujika Andoaingo Udaleko zinegotzia da eta kontzeptu bat azpimarratu nahi izan du: “Orain arte, tratu txarrez hitz egin dugunean, ez ditugu haiek pairatu dituzten emakume guztiak kontuan hartu eta arreta gutxi jarri izan dugu erreparazioan. Lanketa horretan arreta berezia jarri nahi dugu”.

 

Lehendabizikoa

Andoainen azaroaren 25ari lotutako ekitaldi berezia egingo den lehen aldia izango da aurtengoa. Esti Mujikak azaldu duenez, “errekonozimendu horri begira, indar metaketa egiteko eguna zela iruditzen zitzaigun, eta baita herriko emakumeen arteko sinergia lortzeko ere”. Berdintasun sail sortu berriak ahalbidetu du bide berria. “Orain arte gizarte zerbitzuek lan handia egin dute gaiaren inguruan, baina berdintasun saila sortzeak bestelako lanketa egiteko aukera eman digu. Esaterako, jabekuntza eskola martxan da eta hara gerturatzen den zenbait emakume ere ari da azaroaren 25eko lanketan parte hartzen”.

Zerbait antolatzeko beharra bazegoela ikusita, bilera deitu zuen Udalak, jabekuntza eskolan dabiltzan emakumeei ere deia luzatuta. “Errekonozimendua egiteko ekitaldia osatzea zen Udalaren asmoa, eta hala egingo da, baina emakumeekin bilduta, beste alderdi bat ere nabarmentzeko premia azaldu zuten. Tratu txarrak izanda ere, askotan oso ondo identifikatzen ez ditugun egoera, esaldi, jokaera batzuk bildu, eta mezu bidez zabalduko ditugu”. Juanita Alkain plazatik hasi, eta kalejira egingo dute 11:45ak aldera hasita, mezu horiek irakurriz. 12:00etan izango da ekitaldi nagusia, Goikoplazan.

 

Indarrak batuz

Kontzientziazio lana eta indar metaketa dira ekitaldiaren helburu nagusiak. “Andoainen ez dago mugimendu feministarik, eta iruditzen zaigu horretarako ere balio dezakeela. Eguneko ekitaldiaz gain, egitarau oso bat osatu dugu eta tartean, baita gizonezkoei zuzendutako hitzaldiren bat ere”. Emakume ezberdinekin eta herriko taldeen elkarlanarekin osatu dute egitaraua: “Gaztetxean puntu morea jarriko dute, Gazte lokalean ere egingo dituzte ekitaldiak…, denetarik izango da”, aurreratu du zinegotziak.

 

Berdintasun saila

Uda aurretik jarri zuten martxan berdintasun saila, emakume eta gizonentzat eskubide berdintasuna lortzeko bidean pausoak emateko helburuz. “Horretarako genero ikuspegia alor guztietan txertatu behar dugu. Berdintasun erreal horretara iristeko lan ildo ezberdinak ditugu eta momentu hauetan hauekin ari gara: Batetik, emakumeen kontrako indarkeriaren inguruko diagnosia egin dugu, eta hurrengo urtean protokoloa martxan jartzeko egitasmoa gorpuztuko da. Jabekuntza eskola ere martxan dugu eta baita hezkidetza programak ere, ikastetxeetan indarkeria matxista saihesteko eta tratu onak sustatzeko. Sentsibilizazio lana ere egiten du Berdintasun sailak”.


Uxue Santxez
{{IMG-39483}}

“Etorkizunean gauza gehiago antolatzeko bidea eman dezake azaroaren 25ekoak”

 

Azaroaren 25aren inguruan antolatutako ekimenean parte hartuko duzue hainbat herritarrek. Zer dela eta eman duzu pauso hori? Zein da ekimenaren garrantzia?

Andoainen ez dago talde feministarik, eta gisa honetako ekitaldia antolatzeak, emakumeen bilgunea sortu eta iritzi ezberdinak banatzeko aukera polita eskainiko zigula iruditu zitzaidan. Modu batera edo bestera, emakume guztiok pairatzen dugun indarkeriari aurre egiteko eguna da azaroaren 25a eta etorkizunari begira, gauza gehiago antolatzen jarraitzeko bidea ere eman dezake. Jabekuntza eskolan nabil, eta nire garapenerako aukera gisa ikusten dut, bai ekimena bera, eta baita jabekuntza eskola ere. Gaiaren inguruan dudan iritzi kritikoan sakondu nahi dut eta horregatik erabaki nuen ekitaldian parte hartzea. Udalak abiarazi du, baina herritarren artean gauzatu dugu eta hori oso garrantzitsua da.

 

Nola eta zertan parte hartuko duzu?

Azaroaren 25eko ekitaldia antolatzeko zenbait bilera izan dugu dagoeneko. Lehendabizikoan, bakoitzak bere ideiak aurkeztu zituen eta pixkanaka, egitaraua gorpuzten joan gara orduz geroztik. Egunean bertan, kalean dabilen jendeari ekitaldira gerturatzeko gonbita luzatzen arituko naiz, besteak beste.

 

Zein izango da ekimenaren helburua?

Indarkeria ez da fisikoa bakarrik. Jipoia edo hilketa indarkeria dira, noski, eta oso larriak; baina ez dira horiek indarkeria bakarrak. Horren atzean dagoen zapalketa psikologikoa, txikitatik eta bizitzako etapa ezberdinetan jasotako mezuak…, horiek ere indarkeriaren zati dira. Hori guztia ikusarazi nahi dugu ekitaldian, eta jendearengan arrastoa utzi, zertan pentsatua eman.

 


Eli Sanchez
{{IMG-39484}}

“Oinarrizkoak diren gauzak aldarrikatu behar ditugu azaroaren 25ean”

 

Azaroaren 25aren inguruan antolatutako ekimenean parte hartuko duzue hainbat herritarrek. Zer dela eta eman duzu pauso hori? Zein da ekimenaren garrantzia?

Mugimendu feministan sartuta ez banago ere, gaiaren inguruan informatuta egoten saiatzen naiz. Nire alde profesionaletik beharrezkoa ikusten dut, eta baita pertsonaletik ere. Andoaingo jabekuntza eskolan parte hartzen ari naiz, eta bertan luzatu ziguten azaroaren 25ean zerbait antolatzeko gonbita. Andoainen gisa honetako gauzak ekimenak abiarazteko beharra bazegoen, eta asko nabaritu da berdintasun saila martxan dagoela. Eragile ezberdinekin elkarlanean egitea oso positiboa dela iruditzen zait. Adin eta jatorri ezberdinetako jendeak parte hartu du eta hori ere oso aberasgarria izan da. Gazteen parte hartze handiagoa eskertuko nuke agian. Badakit neska koadrila batzuk badutela gaiaren inguruko interesa, baina antolakuntza falta da; feminismoan sakonduko duen gazte taldea bideratu eta dinamizatuko duen taldetxo bat beharko genuke.

 

Nola eta zertan parte hartuko duzu?

Egun horretan kalean entzungo den musika prestatzea da nire ardura, besteak beste. Gaiaren inguruko kantuen zerrenda ari naiz prestatzen eta kalejiran zehar jarriko ditugu entzungai.

 

Zein izango da ekimenaren helburua?

Kontzientzia sortzea da helburu nagusia. Badirudi oso argi dugula matxismoa gizarteak duen gaitz larria dela, baina ez dugu hain argi zer den matxismoa eta noraino iristen den. Zenbait komentario, esaterako, iraingarriak izan daitezke eta oso modu naturalean esan eta jasotzen ditugu. Oraindik ere, oso oinarrizkoak diren gauzak aldarrikatu behar ditugu; ezetz esaten dugunean ezezkoa dela, eta pertsonak garela. Emakumeen aurkako indarkeriaren aurkako eguna da azaroaren 25a, baina oraindik ez dakigu indarkeria hori identifikatzen. Mezu horiek ikustarazi nahi ditugu, hausnarketa eragin. Azpimarratzeko da, bestalde, borroka hau emakumezkoek bideratu behar dugula, baina ez dela posible izango gizonezkorik gabe.

 


Toñy Landa
{{IMG-39485}}

“Kontzientziazioan beste pauso bat ematea da ekitaldiaren helburu nagusia”

Azaroaren 25aren inguruan antolatutako ekimenean parte hartuko duzue hainbat herritarrek. Zer dela eta eman duzu pauso hori? Zein da ekimenaren garrantzia?

Zuena emakume taldeko lehendakari lanetan ari naiz, eta elkarte gisa, ekimen ezberdinetan parte hartzen dugu. Azaroaren 25eko ekitaldiaren antolaketan aritzeko deitu gintuzten, eta zalantzarik gabe eman genuen gure baiezkoa. Data horretan kontzentrazioak egin badira ere, Andoainen gisa honetako ekitaldi bat antolatzen den lehendabiziko aldia da, eta oso pauso garrantzitsua dela iruditzen zait. Ekimen honek etorkizunean jarraipena izatea espero dut. Herriko eragile ezberdinen parte hartzea ere oso garrantzitsua izan da. Zuena herriko emakume taldea da, eta 140 bazkide inguru ditu; garrantzitsua zen gu bertan egotea. Ekitaldia bera garrantzitsua izango den bezala, elkarrekin egindako bidea ere aberasgarria izan da.

 

Nola eta zertan parte hartuko duzu?

Kalejiran parte hartuko dugu, jendearen arreta gureganatzeko. Beltzez jantzita joango gara eta musika ere izango da. Matxismo mota ezberdinak ikustarazi nahi ditugu egun horretan eta mezu ezberdinak jarriko ditugu ibilbidean zehar.  Goikoplazako ekitaldian ere izango gara, noski.

 

Zein izango da ekimenaren helburua?

Kontzientziazioan beste pauso bat ematea da helburua. Gizonezkoei luzatu nahi nieke parte hartzeko gonbita. Gizonezkoen gehiengoa emakumeenganako tratu txarraren aurka dago, baina ez dute adierazten, eta isiltasun horrekin apurtu beharra dago. Gizonezkoak ez dira emakumeen etsai, eta haien konpromezua eta elkarlana behar dugu indarkeriari aurre egin eta patriarkatuari amaiera emateko garaian. Gai honi eutsiz, gazteen parte hartzea ere oso garratzitsua dela iruditzen zait. Oraindik ere mezu ezberdinak ematen zaizkie neskei eta mutilei eta ezinbestekoa da beraiek horretaz jabetzea, ez dezatela pentsa emakumeak euren jabetzakoak direla.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!