Sasoi betean, korrika

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko aza. 16a, 01:00

Azaroaren 2an 74 urte bete zituen Sebas Aranburu Iruin billbonatarrak eta joan zen igandean, Behobia-Donostia lasterketa entzutetsuan hartu zuen parte, hemezortzigarren aldiz.

Astean bi, hiru edo lau txandatan entrenatzen du, “eguraldiaren eta gogoaren arabera”. Ekaina eta uztailean goizeko 06:00etan abiatuta, berorik ez eta jende mugimendu gutxiago dagoenean; udazken aldera, 07:00etan abiatuta, goizean oso goiz, hala ere. Tosaldera joan ohi da korrika egitera, Hernialdera igotzen da batzuetan, egunaren arabera, entrenamendu motz eta luzeagoak tartekatuz. Hori bai, korrika saioaren ondoren, hidromasaje eta saunarako tartea hartzen du Olaederra kiroldegian eta berria bezala itzultzen da etxera. Azaroaren 2an 74 urte bete zituen arren, sasoi betean jarraitzen du Sebasek. Horren adibide, joan zen igandean, azaroaren 12an, Behobia-Donostia lasterketan hartu zuen parte hemezortzigarren aldiz. “Gustuko lasterketa dut, oso giro polita sortzen da hasieratik bukaera arte. Lasterketa luzetxoa da, baina erritmoari eutsiz gero, ondo egiten da. Eguraldi ederra egin zuen korrikarako azkenean; euri tantarik ere ez ibilbide osoan zehar”. Hemezortzigarren aldia izan du aurtengoa, “tartean bizpahiru urtez utzita eduki banuen ere, berriz hasi nintzen eta ahal dudan arte jarraituko dut”, azaldu du. Behobia-Donostia lasterketaren aurretik, hura prestatze aldera, aurrena Ordizia eta gero Lasarteko lasterketatan hartu ohi du parte.

 

1100 kilometrotik gora

Martxoan hasi ohi da Sebas, Behobiatik Donostiarako 20 kilometroko lasterketa prestatzen eta aurten, entrenamendu bezala, 1100 kilometrotik gora egin zuen lasterketa entzutetsuan atera aurretik. Iaz lesionatuta ibili zen, baina lasterketa baino lehen, Lazaro Hijona masajistaren esku trebeek osatu zioten mina eta parte hartu ahal izan zuen. Behobia-Donostia lasterketa ondo burutzeko badu sekretu bat, “erritmoari eutsi eta aurrera egitea, inori kasurik egin gabe”. Lasterketa ahalik eta ondoen bukatzea izaten da Sebasen erronka nagusia; fresko eta pozik bukatu zuen aurtengo saioa ere. Eta sari bezala, lasterketaren ondoren, senideekin ondo merezitako bazkaria egin zuen, urtero bezala. Behobia-Donostia amaitutakoan bukatzen ditu entrenamenduak ere hurrengo martxora arte. “Deskantsua hartzen dut orduan. Neguan, tarteka, kiroldegiko zintan aritzen naiz, baina astunagoa egiten zait; gusturago ibiltzen naiz kanpoan”. Azaroan bere denboraldia bukatutzat eman arren, gehienetan Villabona eta Zizurkil arteko Urtezahar lasterketan ere hantxe izaten da, hutsik egin gabe, “iaz ez nintzen atera, aurreko urtean lesionatu egin nintzen lasterketan zehar, baina bukatu egin nuen hala ere. Ikusiko da aurten”, aipatu du. Ahal dela, Urtezaharrari korrika agur esatea gustatzen zaio eta Urteberriari, Loatzoko tontorrean ongietorria ematea.

 

Maratoi erdiak eta osoak

Zaldibiarra da izatez Sebas Aranburu, baina ezkondu eta gero, Villabonan bizi da azken 45 urtean. Gaztetan ere ibiltzen zen korrika Zaldibia inguruan, “gustuko izan dut beti eta soldadu joan aurretik ibiltzen ginen zertxobait korrika. Gero guztiz utzi egin nuen eta handik urte batzuetara, 40 urte ingururekin, mendiko ibilaldi neurtuetan parte hartzen hasi nintzen Juanito Sasiain lagunarekin batera. Herrian bertan, Aizkardi mendi taldeak antolatzen duen ibilalditik hasita, Gipuzkoako mendi ibilaldi askotan hartu genuen parte. Aralarko XIV Orduak ere bospasei aldiz egin genituen. Ibilaldi polita da, baina luzea. Horretarako ere, prestatu egin behar”. Gerora, Juanito, Julian Galarza eta Isidro Urretabizkaiarekin batera, taldean korrika hasi zen Sebas. “Huesca eta Errioxara ere joan ginen maratoi erdiak egitera”, azaldu du, baina erdiak bakarrik ez, maratoi osoak ere egin izan baititu: Zegama-Aizkorrikoa hiru aldiz eta Donostiakoa ere bai, bi txandatan; bost guztira. “Horiek ez dira berriketako kontuak; egitekotan, aurrez ibili egin behar, bestela jai dago”. Donostiko maratoia baino politagoa iruditzen zaio Aizkorrikoa, baina orain oso aldatuta dagoela dio, “Oso korrikalari onak etortzen dira orain eta parte hartzeko aukera ere zaildu egin da lehengo aldean. Nik egunean bertan izena eman eta korrika ateratzen ginen garaia ezagutu nuen”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!