Transexualitatea, naturaltasunetik begiratuta

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko aza. 16a, 01:00

Gaztetxoentzako lau proposamen berri egin ditu Elkar argitaletxeko Xaguxar bildumak. Garazi Kamio andoaindarraren ‘Akats bat lehenengo lerroan’ liburua da horietako bat.

Helduen literaturan aritu zara orain artean. Nondik nora erabaki duzu gaztetxoenganako jauzia ematea?

Beti izan dut haur eta gaztetxoengana hurbilpena egiteko gogoa eta, zorionez, azken lau urte hauetan Andoaingo Ikastolako irakasle naizenez, harreman zuzena dut ikasleekin. Beti iruditu izan zait, –eta Magisteritza ikasten hasi nintzenean oraindik eta gehiago–, literatura zaindu egin behar dela eta joko batean bezala, ikasle gela batean esperimentu txiki bat egiten hasi nintzen. Ipuin bat osatzea proposatu nien; beraiek protagonista izango ziren ipuin bat nik idaztea. Asko gustatu zitzaien jokoa, beraien izena aldatu behar izan baitzuten eta poz handia ematen zien irakurtzen nizkien zatietan euren buruak irudikatuta ikusteak. Ikasle talde osoa agertzen da ipuinean.

 

Egun puri-purian dagoen gaia aukeratu duzu liburuan lantzeko: transexualitatea…

Orain artean haurrentzat transexualitateari buruz idatzita dagoenak, dramatismo aldera eta pena ematera jotzen zuela iruditzen zitzaidan. Gai horri buelta eman eta beste era batera landu behar zela uste nuen eta, penak alde batera utzita, beren ingurukoek onartuta daukaten aldaketa horretatik abiatu nahi nuen liburuan, ez aldatzera bidean doan umearen bizitzatik. Unibertsitateko irakasle bati ‘hau ez da kaxa batetik atera eta bestean sartzea, honek prozesu bat eskatzen du’ esaten entzun nion  behin eta horixe kontatu nahi izan dut. Liburuko protagonistak, Gartxotek, baduela Inge plastikozko izena eta pauso hori ematea ez dela egun batetik bestera gertatzen; denbora asko behar dela. Dokumentatu ere egin naiz medikuen eskutik, nola azterketa psikiatrikoek erakusten duten umeak esaten duena benetakoa edo jokoa den.

 

Orain artean gai iluna izan dena, doinu umoretsuan idatzi duzu zuk…

Liburuan, protagonista den bezalakoa onartzen dute ingurukoek, baina ez bere egoera ezagutzen ez dutenek. Liburuaren aurkezpeneko prentsaurrekoan “betaurrekoak etxean ahanzten zaizkigunean eta kalean norbaiten kontra tupust egiten dugunean, ‘kontuz, begiratu nondik zabiltzan’ esaten digute, baina pertsona horrek ez daki betaurrekoak etxean ahaztu ditugula”, esan nuen eta antzeko egoera batean kokatzen da Gartxot protagonista, kiroldegiko atezainak zer gertatzen den jakin ez eta sekulako errieta egiten dionean. Protagonistak atsekabea sentitzen du eta bere lagunek erantzuna ematen laguntzen diote. Liburuan umorea tartekatzea beharrezkoa iruditzen zitzaidan.

Bestalde gertutasuna ere bilatu dut. Era batera edo bestera, ipuina landu nuen gelako ikasle guztiak liburuan sartuta daude. Oso ondo pasa nuen beraiekin eta haiei eginiko eskertza keinua da. Liburuaren ideia sortzen denetik eskuan izan arteko prozesu guztia ikusi eta ikasi dute ikasleek eta poz handia ematen dit horrek. Oso esperientzia polita izan da.

 

Istorioaren kontaketa eginez, Haitz eta Noa kazetariak jarri dituzu liburuan lanean…

Lehenengo pertsonan kontatzea puskatu eta bizitasuna eman nahi nion kontaketari. Gelako kazetariak lau txandatan agertzen dira; hasieran, frontoian, igerilekuan eta azken festan. Iragarki eta guzti, txanda bakoitzean bai baitute iragarki xelebre bat. Kontalaria monotonia hausteko tartekatu nahi izan dut.

 

Eider Eibarrek eginiko ilustrazioek janzten dute zure liburua, bikain gainera!

Liburuaren ilustratzailea Eider Eibar izango zela jakin nuenean, berekin harremanetan jarri nintzen eta ikasle guztien marrazkia jartzeko orrialde bikoitza eman zigutela esan nion. Nahi bazuen, gelakideen argazkia bidaliko niola marrazkia egiteko. Sortze-prozesuan bere imajinazioarekin jolastea nahiago zuela erantzun zidan eta esan beharra daukat ikasle bat baino gehiagoren itxurarekin asmatu egin duela. Ikasle anitzak marraztu ditu eta oso lan ona egin du, asko gustatu zait. Testuarekin bat datozen marrazkiak direla uste dut.

 

Esperientzia ona, beraz, gazteengana eginiko hurbilpen hau…

Bai. Ez da berdina gazte eta helduentzako literatura. Helduenean ere bai, baina ñabardura asko zaindu behar da haur eta gazte literatura egiterakoan. Gainera, haur eta gazte literaturan, helduenean baino orri dezente gutxiago izaten da trama kontatzeko. Egia esan, idatzi ditudan hiru liburuen artean arinena egin zait.

 

Liburuak gazteengan zein eragin izatea gustatuko litzaizuke?

Asko poztuko nintzateke euren genero hautua oraindik definitu gabe daukaten gazteei eta haien familiei liburua baliagarri egiten bazaie. Liburuak, orain gutxi atera zen autobus laranjak zioen ‘mutilek zakila daukate eta neskek alua, besterik ez’ leloa goitik behera suntsitzeko balio badu, ni gustura. Eta horrez gain, gizartea aldatzen ari dela, antzeko kasuak egon badaudela eta, zorionez, haurrak direnetik bizituko dituztela ezagutarazteko balio badu, oraindik eta hobeto!

 

Dudarik gabe, hezkuntzak bezala, literaturak ere lan handia egin dezake haurrek, antzeko gaiak umetatik naturaltasunez bizi ditzaten…

Abiapuntua, gizartean familia mota asko dagoela da. Haurrak ideia horretik abiatzen dira. Orain urte batzuk, oso gutxi ziren guraso bananduen seme-alabak eta oso arraroa egiten zitzaigun gurasoak banatzea bera ere. Egun, familien tipologia oso zabala da. Ama bakarra duten umeak, bi ama dituztenak, bi aita dituztenak, bananduak… Ikuspegi zabalagoa dute gaurko haurrek eta naturalago hartzen dituzte egoera horiek.

 

Etorkizunera begira, zein asmo duzu literaturaren alorrean?

Haurren literaturan jarraitu eta helduenari berriz eusteaz gain, nire erronka pertsonala, 14-16 urte arteko gazteentzat literatura egitea da. Horixe da nire arantza. Momentuz ez dut literatura proiektu berririk esku artean, baina ikusiko da etorkizunean.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!