Emakumeen Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko egunaren harira hainbat ekimen antolatu dira Andoainen

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko aza. 15a, 01:00

Azaroaren 18tik abenduaren 4ra bitarte ekimen ezberdinak egingo dira emakumeenganako indarkeria matxista salatzeko. Andoaingo Udalak, herriko hainbat emakumek eta elkartek antolatu dituzte ekimenak.

[Bideoa]

Jarraitu irakurtzen:

Emakumeen Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko eguna, azaroaren 25, iristear da eta Andoaingo Udalak hainbat ekimen antolatu ditu herriko zenbait emakume eta taldeekin batera. Esti Mujika kultur zinegotziak azaldu duenez, “biktimei eta hartatik bizirik irtendakoei laguntza zerbitzua bermatzea ez ezik, beharrezkoa da esku hartzearen plano guztietan lana egitea: prebentzioan, detekzioan, arretan, babesean, koordinazioan, justizian eta erreparazioan”.

Indarkeriaren eta bere adierazpide guztien inpaktuak ikustarazten laguntzeko baliabideak eskura eduki behar direlakoan da Mujika. “Beharrezkoa da ahotsa eta protagonismoa ematea bai indarkeria matxistaren biktimei, bai berorien elkargune diren elkarteei erreparazio bidean proposatzeko duten zilegitasuna aitortze aldera”, azpimarratu du Andoaingo kultur zinegotziak.

Egitaraua

Ekimen guztien artean azpimarratzekoa da azaroaren 25ekoa. “Indarkeria matxistari aurre egiten dioten emakumeei aitortza ekitaldia egingo zaie Goikoplazan, eguerdiko hamabiak eta laudenetan”, adierazi du berdintasun teknikari den Sandra Barrenetxeak. Eguerdian indarkeria matxistaren aurkako ibilibidea egingo da Juanita Alkain Plazatik Goikoplazara.

Horrez gain, beste hainbat ekitaldi antolatu dira azaroaren 18tik abenduaren 4ra bitarte. Autodefentsa ikastaro feminista, “Eta gizonak zer? Maskulinitate berrietatik indarkeria matxistari aurre egin” izeneko hitzaldia, erakusketak, “Beldur barik” ekimena, “Volar” pelikularen emanaldia edota Emakunderen autobus ibiltaria, besteak beste.

 

Egitaraua osorik:

Azaroak 18

10:00-14:00 / 16:00-20:00 Autodefentsa feminista ikastaroa, Emagin elkartearen eskutik, Allurralde Kiroldegian.

Azaroak 20

18:30 "Eta gizonak zer" Maskulinitate berrietatik, indakeria matxistari aurre egin". Mikel Otxotorena. Bastero Kulturgunean.

Azaroak 22-24

17:00-20:30 "Itsaspeko Bihotzak" erakusketa. Bisitaldi gidatuak. Gazte Lokala.

Azaroak 23

18:30 "Hemen ere pairatzen dugu. Indarkeria matxistaren hainbat alde, eta Andoainen bizi dugun errealitatea". Jone Gurrea, Sortzen kontsultoria. Bastero Kulturgunean.

Azaroak 25

12:00 Indarkeria matxistaren aurkako ibilbidea Juanita Alkain plazatik Goikoplazara.

12:15 Indarkeria matxistari aurre egiten dioten emakumeei aitortza ekitaldia.

17:30 "Beldur barik" ekimenaren bideo emanaldia. Gazte lokala.

Azaroak 28

18:30 "Volar" pelikularen emanaldia. Bertha Gaztelumendik zuzendua. Bastero Kulturgunean.

Azaroak 30

17:30 "Jostailu ez sexistak aukeratzen". Ametsondoa elkarteak antolatutako hitzaldia. Urigain.

Abenduak 4

16:00 Emakunderen autobus ibiltaria. Zumea plaza.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!