Aitor Mendiluze eta Oihana Iguaran, Txapelketan aurrera

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko aza. 14a, 01:00

Bertsolari Txapelketa Nagusiaren finalaurrekoetako lehen itzulia atzo amaitu zen Durangon. Bigarre itzulira sailkatu diren bertsolarien zerrenda ezagutu zen bertan. Txapelketaren trenean jarraituko dute Aitor Mendiluze eta Oihana Iguaran eskualdeko bertsolariek eta abenduaren 2an, Iruñeako saiora euren onena ematera gerturatuko direla aurreratu dute:

Durangoko Landako gunean burutu zen atzo, Bertsolari Txapelketa Nagusiko lehen itzuliko azken finalaurreko saioa. 2100 ikus-entzuleren aurrean aritu ziren bertsolariak, Amaia Ugalde gai jartzailearen esanetara. Aitor Mendiluze andoaindarra izan zen garaile 740,5 puntu eskuratuta. 678,5  lortu zituen Miren Amurizak, 675 Jon Maiak; 671 Oihana Iguaranek; 648 Iñaki Apalategik; eta 639 Miren Artetxek.  Iñaki Aurrekoetxea, Mirari Azula, Mikel Beaumont, Mikel Fernandez de Arroiabe, Joakin Arregi, Zigor Leunda eta Mikel Lersundi izan ziren epaile eta idazkari lanetan, berriz, Joxe Mari Altuna eta Nerea Goñi aritu ziren.

Zortziko txikian
Zortziko txikian Miren Amurizarekin batera aritu zen Aitor Mendiluze. Pisukideak ziren biak eta Aitor tango ikastaro batean parte hartzera animatu zuen Mirenek. Geroztik, denbora duten bakoitzean tangoan entseatzeko eskatzen dio Mirenek Aitorri. Ofizio borobila osatu zuten, biek elkarlanean. Nahiz eta Aitorrekin dantzaldi demasak egin nahi izan “beti ez dira izaten / zurekin errazak / nire ordez ez al dizu / balio erratzak”, proposatu zion Mirenek Aitorri. Hauxe Aitorren erantzuna: Erratzak balio du / Miren zuretzat ez / berdin moldatuko naiz / bietako batez / baina zu jardun zinen / noizbait borondatez / ta orain ordainetan / zeu animatu zaitez”. Mirenek honela jarraitu zuen: “Animatu zintudan / ta neure kaltean / izan da azkenean / Aitor bat-batean/ ez dizut lagunduko / bien bitartean / ahoan larrosa bat / ekarri artean” eta “Krabelin bat badaukat / eta ez da gutxi / dena egun batean / ezin erakutsi / ekartzazu eskua / ta gerritik eutsi / zapaldu nere oinak / ta eramaten utzi”, erantzun zion Aitorrek. Amaitu aurretik, “Zure gainean nago / baina barka, barka / zer dela ta dauzkazu / belaunak dardarka” Mireren galderari,  “beldurra izatea / ez al da zilegi / hurrengo pausoaren / arrazoi ateri / hanka hanka-tartean / sartuidazu neri / altxa takoia baina / ez altxa gehiegi”, erantzunez amaitu zuen Aitorrek.

Oihana Iguaran Miren Artetxearekin batera aritu zen ariketa berean. Hauxe egokitu zitzaien gaia: Arropa lehorra biltzen hasi da Oihana balkoian eta Miren, goiko bizilaguna, orduantxe hasi da landareak ureztatzen. Umoretik jo zuten hauek ere: “Nahiz eta beti lagun / moduan jardun gu / erropa lehortu hau / nahi nuen leundu / ta hara bat-batean / ur tantez lurrundu / arren ez zaidazula hainbeste lagundu / larai larai / hainbeste lagundu”, hasi zuen zortziko txikiko ariketa Oihanak. “Lasai bizilagunak / holakoak gara / nere lanetan ere / ondo nabil jada / seiretan  nahi izaten / du honek ba hara! / nere jeranioa / kapritxosoa da / larai larai / kapritxosoa da”.

Puntu-erantzunetan
Ohi duenez, maisuki aritu zen Aitor Mendiluze puntu-erantzunetako ariketan, azkar batean erantzun zituen hiru puntuak, arrazoi zehatz eta funtsezkoak eskainiz. “Telebistan orduro / daukagu futbola”, “uste det ia beste / ezer ez dagola / ezin baita hartatik / ihes joan inora / ta neri egia esan / hori bost ajola”. Bigarrena, “Lehia ez ote dugu / sustatzen gehiegi”, “txapelketan galdetzen / al didazu neri / ez joan besteengana / geure hontan segi / lehia eraikitzeko / bide izan bedi”.  Eta hirugarrena, “Umeek zer ikusi / huraxe ikasi”, “orain dena da / galdu edo irabazi / hobe pixka bat hortik / atera arazi / ta eurekin jolasten / gehiagotan hasi”.

Oihana amasarrari ezin gai aproposagoa egokitu zitzaion lehen puntuan, “Atzo izan genuen / San Martin eguna”, “Amasan oso ondo / ospatu genduna / bertso ta bazkaritan / nolako jarduna / zu re  gonbidatuta / zeundeke hurruna”.

Seiko motzean
Oihana eta Aitor elkarrekin aritu ziren kantuan seiko motzeko ariketan. Hauxe gaia: “Lagunak dira Aitor eta Oihana. Oihanak ikusmen urritasuna dauka. Gaur txirrindularitza froga batean tandemean elkarrekin parte hartzea proposatu dio Aitorri”. Lan polita osatu zuten Beterri-Aiztondo eskualdeko bi bertsolariek.

Aitor
Zortea noizbait etsaitu / itsu bilakatu baitu / baina jardunak / ta harremanak / arreba anaitu / nik gidatu / zuk jarraitu / nik eragin / zuk amaitu / tandemak behingoz zu eta biok / berdinduko gaitu (bis).

Oihana
Prest zaude ta enaiz kexu / zuk gidatu nazakezu / ta hola nere begiek / hartu ahalko dute su / baino hain sendo zaude zu / aldapan gora fu ta fu / hanka hoietan indarra ere / izango al dezu (bis).

Aitor
Bizkarra eta lepoa / dena eragitekoa / ta biok berdin / eginez gero / tandem konpletoa / proba hau da lanekoa / bizikleta gainekoa / nekea eta postua dira / gutxienekoa (bis).

Oihana
Hain nago txapel grinean / entrenatuz ekinean / ez det sinisten / agujetetan / edota minean / nere ikusi ezinean / nabil alegin finean / eta lehiatu nahi nuke besten / neurri berdinean (bis).

Aitor
Bultzatzen zaitu kemenak / lortzeko itxaropenak / hori esaten du / dena emateko / asmoa duenak / ta ze kezka garaipenak / atzera utzi nahian denak / besteak dira zure mailara / jarri behar dutenak.

Oihana
Aztu beraz maila faltak / ta ajusta ditzagun markak / behingoagatik / sentituaz zer / sentitzen dun batak / dauzkazu neke galantak / eta nik indartsu plantak / zu izan zaitez nere begiak / ta ni zure hankak.

Kartzelakoa
Hauxe gaia: “Amaitu da ospakizuna. Dena jasotzen ari zara”.

Aitor Mendiluze
Kas pote batzuk, txarroko ura
hoiek jartzea, gure ohitura
jateko zerbait, geure modura
hara nozilla nork utzi du ba
hamalau ume etorri dira
gaur gure bizilekura
lagun onena ere hemen zen
argitu da bere uda.
Ta gure Arkaitz ze zoriontsu
ia zerura heldu da,
baina neretzat ere handia da
semearen urtemuga (bis)

Talde osoa, salan sartua
lekua libre, eurek hartua
mahai dexente bat, inguratua
betetzea zen, gure tratua
jaiotzen dena zartuko dala
hori da denon patua
eta agian ni ez nengoen
hontako preparatua.
Atzo jaio zen gaur hamar urte
ia honaino altua,
berak bazuen zer ospatu ta
nik badet zer pentsatua (bis)

Buruan ere, ideiek tira
ezin eraman euren tokira
ta begietan ia distira
hamar urtetxo zer da guztira
ezer ez baina asko ere bai
denbora joaten ari da
pentsatzeraino ai gure haurrak
betiko haurrak balira.
Bueno orain bai goza dezagun
uneak pasako dira,
ta noizbait barre egingo degu
argazki zaharrei begira (bis)

Oihana Iguaran
Hirurogei urte dauzkat
ta nahi nuen agertzea
sukalde bete janari
ta denak pozez lertzea
eta lortu dedanean
gose hori baretzea
joan dira eta gaude
ni eta malaletxea
festa nerea zelako
eta nerea etxea
mahaia jasoz bukatzen det
nere urtebetetzea.

Harrera egitea baita
ni ikasia nagona
ta ahal dela egiten det
harrera txukun ta ona
gogoz betea utzi det
nere sukaldeko horma
eta pastelari eskuz
eman bihotzaren forma
bilobak irentsi eta
gerturatu arren hona,
amak behartuta justu
eskerrik asko amona (bis).

Seme-alabak joan dira
eta atzetik bilobak
balletarekin badauzkat
mahaia garbitzen aprobak
baino bidea alferrik
ez du egiten denborak
ta sarri iristen dira
aldaketa baten frogak
senarra erratzarekin
dator omen dio modak
eta orain bai badaukat
ospatzeko motibo bat (bis).

Mendiluze eta Iguaran, Iruñeara begira
Aiurri aldizkariak, Aitor Mendiluze eta Oihana Iguaranen hitzak jaso ditu Durangoko saioaren biharamunean. Saioan zehar euren burua nola ikusi zuten eta euren lanarekin gustura geratu ote ziren galdetuta, hauxe Aitorren erantzuna: “Hasieratik oso fresko ikusi nuen nire burua, tenple onean. Saioa aurrera joan ahala, ondo ari nintzen irudipena nuen baina, ez ni bakarrik, baita talde osoa ere. Gainera, ikusleak txaloka oso ondo erantzuten ari zirela konturatzen nintzen, bertsolariak eta ikusleak ondo ari ginela uztartzen. Jende askok zoriondu nau geroztik telefonoz eta whatsappez. Oso pozik sentitu dut inguruko jendea nire saioarekin. Bai bertso eskolako kideak, baita hain gertukoak ez direnak ere”. Oihanak, berriz, saioan zehar nahi adina disfrutatu ez zuela adierazi du: “Estu samar sentitu nintzen saioan zehar, ezinean, erabateko ahaleginean eta tiraka. Saiakera handia egin nuen ariketaz ariketa egoerari buelta emateko eta seiko laburreko nahiz kartzelako ariketekin gusturago geratu nintzen. Kartzelakoan bertsoa betetzen eta josten hain ondo asmatu ez arren, pozik geratu nintzen esan nahi nuenarekin eta oso erantzun ona izan zuten ikusleen aldetik ere”.

Hurrengo itzulian kantuan jarraitzeko txartela lortzearekin pozik agertu dira biak ere, dena ematera joango dira abenduaren 2an Iruñeako azken finalaurrekora: Oihanaren hitzetan, “niretzat lorpen handia da lehenengoz Txapelketan parte hartu eta postu horretan egotea. Abenduaren 2an Iruñeako saioan arituko naiz; oso plaza ona izango da. Ariketaz ariketa, ahalik eta saiorik onena egiten saiatuko naiz. Puntu kopuru altua dute aurrena sailkatutako bertsolariek eta ni urrutixeago geratu naiz. Zaila da, baina ez da ezinezkoa aurrera egitea. Nire saiorik onena egitera joango naiz Iruñeara”. Aitor Mendiluze ere, dena ematera joango da. “Ez naiz egindakoarekin konformatzen eta beste hainbeste edo gehiago egitera joango naiz Iruñeara. Oso saio bikaina izango dela aurreikusten dut. Denok ere daukagun guztia ematera joango gara”.

Sailkatutako bertsolariak
Finalaurrekoetako lehen lau saioak eginda, 24 bertsolarietatik 18k egingo dute aurrera bigarren itzulian. Zuzenean sailkatu diren saioetako irabazleekin batera, puntuazio altuena lortu duten bertsolariak sailkatu dira txapelketan aurrera egiteko. Hauxe da zerrenda:
Maialen Lujanbio (Irungo irabazlea)
Sustrai Colina (Bastidako irabazlea)
Beñat Gaztelumendi (Maule-Lextarreko irabazlea)
Aitor Mendiluze (Durangoko irabazlea)
Aitor Sarriegi
Igor Elortza
Agin Laburu
Miren Amuriza
Jon Maia
Jon Martin
Oihana Iguaran
Jone Uria
Julio Soto
Unai Agirre
Nerea Ibarzabal
Etxahun Lekue
Alaia Martin
Iñaki Apalategi

Amurrion, Donibane Lohizunen eta Iruñean, azaroaren 19an, 26an eta abenduaren 2an izango dira azken finalaurrekoak.

Sailkatu ez diren bertsolariak
Finalaurreko lehen itzulian, punturik gutxien eskuratuta, txapelketako trenetik jaitsi diren sei bertsolariak hauexek dira:
Miren Artetxe
Nerea Elustondo
Maddalen Arzallus
Aimar Karrika
Beñat Iguaran
Nahikari Gabilondo

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!