Kontzertu bikaina, Gora Kale Txiki eta danbor joleekin

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko aza. 14a, 01:00

Musikarako zaletasuna eta herri identitatea indartzen dituen kontzertu horietakoa izan zen Gora Kale Txiki Bandak eta elkarteetako danbor joleek eskaini zutena Santa Krutzen, larunbat arratsean. Goikoplazatik irten eta kale jira egin zuten lehenbizi, eta kontzertu bikaina eskaini zuten ermitan ondoren, entzuleak kantari eta txaloka jarriaz.

[Argazkiak]   

["Andoain Txarangatzen"]     ["Joxe Ramon"]

Larramendi, Goiburu eta Gau Ibilera (Txis-pun) abestiekin osatu zuten kalejira Bandak eta Andoaingo hamairu elkarteetako danbor joleek. Goikoplazatik abiatu eta musikazaleek lepo bete zuten Santa Krutzeraino iritxi ziren horrela. Kontzertuaz gozatzeko prest agertu ziren entzuleak, eta Joxe Mari Oiartzabal musika zuzendariak animatu ahala hasi ziren kantari, kontzertuko bigarren partean, Eperra, Xalbadorren heriotzean eta Lau teilatu Behin Batian Loiolan abesti ezagunekin.

Joxe Mari Oiartzabalen sormeneko diren Antzizar, Joxe Ramon eta Felicitas piezekin eman zitzaion hasiera kontzertuari, hala ere. Instrumentala izan zen zati hori, Bandako kide diren Mirari Ucin (saxofoia), Xabier Ucin (klarinetea) eta Joxe Ramon Berrondo (tronpeta) bakarlari gisa aritu ziren.

Banda eta entzuleak uztartu zituen kontzertuko bigarren zatiak; batzuek musika jarri zuten bitartean besteek ahotsa, lehen esan bezala.

Azkenik, Andoaingo elkarteetako danbor joleak lanean jarri zituen kontzertuko hirugarrengo zatiak. Oiartzabalek konposatu berri duen Andoain Txarangatzen piezaren estreinatu zuten guztiek. Gora Kale Txiki Banda, herri ezberdinetako txarangak gonbidatu eta Andoainen bertan kale jira erraldoi bat 2108an egiteko asmotan dabil bere hamabosgarren urteurrena dela-eta, eta ospakizun horri begira sortu du pieza Oiartzabalek.

Santa Krutz martxa-k eta Andoaingo ereserkia-k eman zioten amaiera kontzertuari.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!