Bizilagunak egitasmoa

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko aza. 9a, 01:00

Maixabel Soler andoaindarra Bizilagunak ekimeneko partaideetakoa izan zen, iaz. Dinamizatzaile gisa jardun zuen, bertako eta atzerritik etorritako familien arteko zubi lanak egin zituen. Partekatu zuten bazkaria oso esperientzia aberasgarria gertatu zela aitortu du, eta aurten, bigarrengo aldiz beteko du funtzio hori, azaroaren 19an. Urnietarrek parte hartu izan dute ekimenean, eta aurtengorako ere deia luzatu nahi diete.

Zein da dinamizatzaile baten zeregina?
Hasteko, bazkaria ospatu aurreko lanak egin behar izaten ditu. Bi familiekin harremanetan jartzen da eta beraiekin erabaki batzuk hartu behar izaten ditu. Nor izango den gonbidatzailea, nork egingo duen bazkaria, nork postrea eraman, zer janari motak jarriko diren… Hori guztia lotzen joateko, noski, kontuan hartu beharrekoak izaten ditu bakoitzak zein ohiturak eta kulturak dauzkan, ea alergiarik edo bestelako arazorik ba ote daukaten… Konplikatua ematen du, baina ez da hala, batez ere bi aldeak eskuzabaltasunez hartzen zaituztelako, elkar topatzeko desiratzen egoten direlako.
Bazkaria heltzen den egunean, aurkezpen lanak egiten ditu bitartekari horrek, eta aurreneko bost minutuetan ezezagunen artean gerta ohi den hoztasuna ahalik eta laburrena izaten saiatzen da.    
 
Zer moduzkoa izan zen zure bizipena iaz?
Oso aberasgarria. Bertako eta Saharatik etorritako familien arteko otordua egokitu zitzaidan niri. Hasieran pixka bat urduri egon nintzen, detaile guztiekin arduratuta bainengoen. Baina berehala sortu zen giro polita. Saharako familiaren etxean bildu ginen. Beren herrialdeko jantzi tipikoekin hartu gintuzten, eta jaki bereziez hornitutako bazkaria prestatu zuten; bertako familiak postre berezia eraman zuen. Haurrak tartean zeuden eta giro jatorrean joan zen guztia; kimika sortu zen bi aldeen artean, eta harrezkero harremana mantentzen dugu guztiok. 
Bizipena oso gomendagarria da, eta edonor animatuko nuke. Proba dezala aurtengo edizioan.

Zergatik da beharrezkoa Bizilagunak ekimena Urnietara edo Andoainera zabaltzea?
Maila pertsonalean oso bizipen polita eta aberasgarria delako, eta oso baliabide praktikoa delako estereotipoak eta aurreiritziak hausteko. Askok jakin-mina sentitzen dugu kanpotik etorri diren horiekiko, nondik datozen, zer dela eta etorri diren, zein den euren kultura, pentsaera… Baina lotsa edo beldurragatik horiekin harremanetan jartzeko lehen pausoa eman gabe geratzen gara.
Behin muga hori gainditzea lortzen baduzu, konturatzen zara eurak ere bertako jendea ezagutzeko desiratzen daudela, bizitzeko hautatu duten herrian integratzeko. Azken batean, konturatzen zara hemengoak izan, hangoak izan edo edonongoak izan, nahiko antzekoak garela guztiok ere. Izaera, arazo, kezka, ilusio…, maiz berdintsuak dauzkagu.
 
Zerk erakarri zintuen Bizilagunak bezalako egitasmotik?
Andoaingo Caritas elkartean laguntzaile gisa aritu izan naiz zenbait urtetan, eta gertuko harremana eduki dut migratzaile askorekin. Beti motibatu izan nau kanpotik datozenei elkartasuna erakusteak. Azken batean, euskaldunak ere migratzaileak izan gara, eta segitzen dugu izaten. 
Badakigu zer den ezezagun zaizun herrialde batean bizitzen jartzea, eta bertakoen gertutasuna eta laguntza behar izatea.

///

Bizilagunak ekimena 

Zer da? 
Bertako eta atzerritik etorritako norbanakoek edo familiek ospatzen duten otordua.

Noiz izango da aurten?
Azaroaren 19an, igandearekin.

Zein da bere helburua? 
Estereotipoak, aurreiritziak haustea.

Nork hartu dezake parte?
Edonork. Bi modutara:

  • 1.    Familian, taldean. Elkarren artean nolabaiteko ahaidetasuna duten bi pertsonak edo gehiagok.
  • 2.    Dinamizatzaile gisa. Bertako eta kanpotik etorritako familien arteko harremana erraztuz.

Non eman liteke izena?
Mugak.eu atari digitalean (Bizilagunak atalean). Azken eguna azaroaren 10a da.
Andoaingo udaletxeko Ataria bulegoan edo Anbrosia Olabide Gizarte Zerbitzuen lansailean. 

Nork antolatzen du? 
SOS Arrazakeria eskubide berdintasunaren aldeko giza mugimenduak. Banaiz Bagara, Caritas, Hurria-Sahara edota Andoaingo Udalak ekimenarekin bat egiten dute.

2016ko esperientzia:
2.615 pertsonek osatutako 547 familiek hartu zuten parte Euskal Herri osoan ospatu ziren 235 bazkarietan.

Gizarte Zibila 2016 Saria
Bizilagunak ekimenak Europako Ekonomia eta Gizarte Batzordearen  saria irabazi zuen, iaz. Gizarte zibileko mugimendu eta erakundeetatik europar identitatea eta integrazioa bultzatzea helburu duten ekimenak aitortu zituzten Sariak.

Azken ospakizuna 
Abenduaren 2an Kursaalean izango da; bertan Bizilagunak ekimenean parte hartu dutenek Gipuzkoa Solidarioa festa ospatuko dute.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!