Kataluniako Errepublikaren aldeko Andoaingo Udalaren adierazpena

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko aza. 8a, 01:00

Andoaingo Udalak Kataluniako Errepublikari “aitortza, errespetua eta afektua” erakustea onetsi zuen joan den asteartean egin zuen ezohiko udalbatzan. Udalak bat egin zuen Katalunian burujabetzaren aldeko prozesuarekin, bost puntuz osatzen zen mozioaren eskutik.

EAJ eta EH Bilduren aldeko hamar boto jaso zituen mozioak, eta PSE-EE eta Ganemos eta Irabaziren kontrako sei boto; abstentziora jo zuen atxikitu gabeko zinegotziak. Ganemos eta Irabazi formazioetako bi zinegotziek mozio alternatiboa aurkeztu zuten; besteak beste, Katalunian abian jarritako aldebakarreko prozesuaren eta 155. artikulua aplikatzearen aurka agertzen zen. Ez zen bozkatu bigarren mozio hori, lehenbizikoak aurrera egin baitzuen.

Eztabaida politiko sutsua sortu zen alderdietako ordezkarien artean, bozketara heldu aurretik. Katalunia eta Espainiaren artean gertatzen ari den aferak eraginda foro politikoetan, komunikabideetan eta gizartean plazaratzen ari diren arrazoiak eta argudioak entzun ahal izan ziren udalbatzan.

 

Bost puntuko adierazpena, onartua

Bost puntuk osatu zuten onartu zen mozioa.

Lehenengoan, Andoaingo Udalak “aitortza, errespetua eta afektua” erakusten dizkio Kataluniako Errepublikari.

Bigarrengoak, Kataluniako herritarrek “behin eta berriro hautesontzietan, modu demokratikoan” adierazi den” borondatea errespetatzeko eskatzen du.

Hirugarrengoak, zorionak ematen dizkie Kataluniako herritarrei, gizarte erakundeei eta alderdi politikoei, eta modu berezian, “azken urteetan Giza Eskubideak, bakea, demokrazia eta askatasuna defendatuz izugarrizko ausardia eta konpromisoa erakutsi duten hautetsi guztiei. Eredua dira guretzat”. 

Laugarrenak, aldarrikatzen du Estaturik gabeko nazio guztiek euren etorkizuna erabakitzeko duten eskubidea”; aldarrikapen horren haritik, euskal alderdiei eskatzen zaie akordio batera iris daitezela eskubide hori “legebiltzarrean eztabaidatzen ari diren autogobernu ponentzian jasotzeko”.

Eta azkenik, bosgarrenean, Andoaingo Udalak onartzen du mozio forma duen adierazpena “Kataluniako Generalitatera, Kataluniako Parlament-era eta Kataluniako independentziaren aldeko Udalerrien Elkartera (AMI) igortzea”.

 

Mozio alternatiboa

Zazpi puntuko mozio alternatiboa aurkeztu zuten Irabaziko Jorge Mourinhok eta Ganemoseko Olga Hernandezek.

Hona zer zioten puntu horiek, Andoaingo Udalak bere egin zitzan eskatzen zutenak:

Lehenengoan, Espainiako gobernuari eskatzen zaio eskubide demokratikoak kontuan hartuta joka dezan, botere judiziala independientea izan dadin eta segurtasun indarrek joka dezaten herritarren oinarrizko eskubideak errespetatuz.

Bigarrengoan, Espainiako gobernuaren salbuespenezko politikak arbuiatzen dira herritarren oinarrizko eskubideak urratzen dituelako, eta bereziki, urriaren 1ean poliziak eduki zuen jarrera arbuiatzen da. Horregatik, gobernuari eskatzen zaio berehalako batean ikerketa eraginkor eta independientea jarri dezala abian, justifika ezinak diren eraso horien biktimei erreparazioa eskaintzeko.

Hirugarrengoan, Jordi Sanchez eta Jordi Cuixarten baldintzarik gabeko atxilotu izana arbuiatzen da, horiek manifestatzeko eta kalean biltzeko eskubidea praktikan jarri zutela-eta eskumenik gabeko epaitegi batek sedizioaren akusazioa leporatu dielako.

Laugarrenean, Kataluniako gobernuari eta hango legebiltzarreko presidenteari eta mahaikideei matxinadaren, sedizioaren eta bidegabe xahutzearen delituak leporatu izana arbuiatzen da. Aldi berean, gaitzesten da Kataluniako gobernuko presidente ordea eta kontseilariak atxilotu izana; irizten du arazo politiko bat judizializatzeak egoera okertu besterik egiten ez duela eta gatazka konpontzea eragozten duela.

Bosgarrenean, Konstituzioaren 155. artikuluaren aplikazioa arbuiatzen da, honek Kataluniako gobernua indargabetu duelako eta gatazka politikoa okertu duelako. Aldi berean, arbuiatzen dira Katalunian bizi diren egoera liskartsuak eta gizartean tentsioa areagotzen duten egoerak.

Seigarrenean, Kataluniako legebiltzarrak aldebakarreko independentziaren deklarazioarekin ezadostasuna azaltzen da, ez delako herri eskaera argirik egon, izan ere horretarako bermeak faltatu izan direlako jatorriz zein urriaren 1ean bertan poliziaren aktuazioagatik.

Eta azkenik, zazpigarrenean, Kataluniako zein Espainiako gobernuei eskatzen zaie tentsio politikoa indargabetu dezaten eta berehalakoan elkarrizketa eta negoziazio prozesu bat jarri dezaten abian, bermatuko dituena, batetik erabakitzeko eskubidea eta bestetik hitzartutako erreferendumaren mekanismo demokratikoa; prozesu honek Kataluniako gizartearen partehartze masiboa erraztu beharko du, opzio politiko guztiek adierazteko bermeak jarri beharko ditu eta estatu ereduaren inguruko eztabaida serio bat bideratu beharko du.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!