Gora Kale Txikiren eta danbor joleen doinuak, Santa Zeziliaren ohoretan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko aza. 8a, 01:00

Santa Zezilia musikarien zaindaria dela eta, musika kontzertua entzun ahal izango da Santa Krutz ermitan larunbat honetan, larunbatarekin, Gora Kale Txiki Bandaren eta Andoaingo elkarteetako danbor joleen eskutik. Ilunabarreko 20:00etan hasiko da emanaldia, eta aurretik kale-jira egingo dute Andoainen barrena, Goikoplazatik abiatuta 19:15etan.

[Argazkiak]

Hiru zatitan banatuko da kontzertua. Lehenengoa instrumentala izango da erabat. Bandako kide diren Mirari Ucin (saxofoia), Xabier Ucin (klarinetea) eta Joxe Ramon Berrondo (tronpeta) bakarlari gisa arituko dira; Antzizar, Joxe Ramon eta Felicitas musika piezak joko dituzte.

Bigarrengo zatian, Xalbadorren heriotzean, Lau tailatu, Eperra eta Behin batean Loiolan doinuek hartuko dute protaognismoa; musika emanaldira bertaratutako publikoaren parte hartzea eskatuko da, eta musikarien laguntza armonikoa eta bokala izango dute horretarako.

Azkenik, Andoaingo elkarteetako danbor jotzaileen hotsak nagusituko dira hirugarren zatian. Gogotsu aritu dira elkarteetako ordezkariak entseguetan, eta ilusioz daude jendaurrean eskaintzeko emanaldia. Hiru doinu interpretatuko dituzte; Andoain, Txarangatzen eta Santa Krutz martxa.

Hain zuzen ere, Txarangatzen izenburuko obra estreinatuko da Santa Krutzeko kontzertuan. Joxe Mari Oiartzabal konposatzaileak sortu duen azken pieza da; 2018an Gora Kale Txiki Bandak bere 15. urteurrena beteko du, eta hefemeride hori ospatzeko beste zenbait herrietako txarangekin antolatuko duen kale giroko jaiari begira espreski osatu du doinua Oiartzabalek.

Kontzertua gozagarria eta erakargarria izango dela azaldu dute Gora Kale txiki txarangako kideek. “Banda handi batekon gozatu ahal izango dute kontzerturta bertaratzen diren musika zaleek. Hainbat instrumentuz bustitako emanaldia izango da: tubak, tronboiak, bonbardinoak, tronpetak, klarineteak, saxofoiak, perkusioak.... Euren iritziz, “banda batek egitura piramidala izan behar du. Bere konposaketa musikalean, instrumentu graberik ez badago beste gainontzeko instrumentu hotsei eusteko, banda nekez iristen da biribiltasunera”.

Bestalde, azpimarratzeko da Joxe Mari Oiartzabalen parte hartze berezia kontzertuan. Berak izango da zuzendaria, eta errepertorioari erreparatuz gero, bereak ez badira hainbat doinu berak moldatuak dira.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!