Altxorra da Asteasuko San Pedro elizako erlojua. 1896an Albizturko Ygnazio Zubillagak egin zuen eta 1897ko urtarrilaz geroztik, Asteasuko kanpandorrean dago. 120 urte ditu, beraz, Asteasuko erlojuak. Urtero-urtero erlojugile profesionalek azterketa egiten diote eta azken urtetan, txukunketaren premia antzeman diote. Pili Legarra alkateak eman ditu azalpenak: “Herriko ondarea zaintzeko konpromisoa hartua du Udalak eta, oraingo honetan, erlojua txukuntzeari ekingo diogu. Ondarearen berreskuratze lan horietarako, Foru Aldundiak beti ateratzen du dirulaguntza lerroren bat eta ezertan hasi aurretik, Aldundiarekin hitz egin genuen. Auzolanaren aukera hori proposatu ziguten. Herritarrei proposamena luzatu, eta taldetxo bat hurbildu zen ekimen honetan parte hartzeko”. Erlojugile profesional baten laguntza ere izango dute: “Aitor Villak esango digu piezak nola askatu, garbitu eta muntatu behar diren. Udaleko brigadako buru den Migel Mari Izagirreren laguntza ere ezinbestekoa izan dugu. Berak ematen dio erlojuari giltza astero, eta oso ondo ezagutzen du”, azaldu du Pilik.
Udalarena
Elizan jarrita badago ere, Udalaren jabetzakoa da erlojua eta Udal artxibategian gordeta daude erlojuaren inguruko hainbat agiri, tartean, erlojugilearen aurrekontua jasotzen duena. 1000 pezeta ordaindu zizkion Udalak Ygnacio Zubillagari erloju berriagatik eta eraman egin zuen elizako kanpandorrean aurretik zegoen erloju zaharra ere.
Yeregui elkartearen laguntza ere jaso dute asteasuarrek erlojuaren inguruko erabakiak hartzeko garaian. “Esperientzia handia dute antzeko lanetan, eta zein pauso eman behar dugun azaldu digute uneoro”, azaldu du Pilik.
Ikuskizuna
Ikusgarria izan zen erlojua kanpandorretik jaisteko momentua. Garabi handi baten laguntzaz, makinaria atera zuten lehendabizi, bi esferak geroago. Betani etxean daude orain, eta auzolanean egingo dituzte txukunketa lanak. “Orain arte egin beharreko lanetarako zazpi pertsonako taldea bildu izan gara. Larunbat goizetan elkartzen gara, baina bada denbora gehiago eskaintzen dionik ere. Zer esanik ez, norbaitek ekimen honetan parte hartu nahiko balu, zabalik du horretarako aukera. Ez da lan zaila, eta herriko ondarea zaintzea oso polita da”, gaineratu du Pilik.
Beranduenera, martxorako erlojua bere tokian jartzea espero du Pili Legarrak: “Auzolanerako biltzen garen jende kopuruaren araberakoa izango da hori. Garai batean, asteasuarren denbora markatzen zuen kanpandorreko erlojuak eta orain ere, ziur nago herritar askok nabaritu duela bere hutsa. Ea lanak amaituta, beste 120 urte egiten dituen bere tokian”.
{{IMG-39380}}
Erlojua ez zen kanpandorreko atetik sartzen eta makinaria jaitsi ahal izateko, lan ezberdinak egin behar izan zituzten aurrez. Kanpai bat kenduta, garabi handi baten laguntzaz jaitsi ahal izan zuten, urriaren 20an.
{{IMG-39381}}
Ikusgarria izan zen 120 urteko erlojua kanpandorretik behera jaisteko momentua. Makinaria atera zuten lehendabizi, esferak geroago. Betani etxera eraman zuten guztia, txukunketa lanak egiteko.
{{IMG-39382}}
Horretarako apropos egindako egurrezko egitura baten gainean jarri zuten erlojuaren makinaria. Zenbait astetako prestakuntza lanen ondoren, guztia behar bezala atera zen urriaren 20an.
{{IMG-39383}}
Zer ordu den jakin nahian kanpandorrera begiratzen duenak, ez du erantzunik aurkituko datozen asteetan. Orduak jakinarazteko kanpaiak ere ixilik daude. Lanak amaitutakoan, txukun itzuliko da erlojua bere tokira.
{{IMG-39384}}
120 urtez lanean aritu ondoren, zikinduta eta belztuta dago Asteasuko erlojua. Kobrezkoa da makinaria, eta, pieza guztiak askatu eta txukundu ondoren, garai bateko dizdira itzuliko diote auzolan taldeko kideek.
{{IMG-39385}}
Ygnacio Zubillagak egin zuen erlojua 1896an. Garairako oso aurreratua zen. Zortzi egunez behin eman behar zaio giltza, eta orduoro ez ezik, laurdenero ere jotzen ditu kanpaiak, baita Angelusa eta Abemariak ere.