Ortzaikako karobia biziberritu egin zuten, piztuz

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko aza. 7a, 01:00

Bigarren urtez piztu zen Ortzaikako karobia joan den asteburuan, Burdina taldearen eskutik. Geure arbasoen ofizioa eta bizimodua gogoan hartzeko aitzakia polita izan zen ekitaldia. Larunbat arratsaldeko euri zaparradak ez zuen eragotzi normaltasunez egin zezaten karea.

[Argazkiak]       [Bideoa]

Bost mila kilo egur bota zituzten karobira guztira Burdinako kideek, eta igande arratsaldean 250 kilo kare egitea lortu zuten, gutxi gora behera.

Baina dena ez zen lana izan. Jai kutsua hartu zuen Goiburu auzoan kokatzen den karobiaren pizte ekitaldiak, eta  ez ziren faltatu txalapartariak, bertsoak, trikiti hotsa eta hamaiketakoa girotzeko.  

Ander Otaño Burdina taldeko kideak eman zion hasiera ekitaldiari, bertara hurbildu zirenei ekitaldiaren zergatia azalduz. “Karobia piztearen ekitaldia izan daiteke modu bat adierazteko gu nondik gatozen, gure jatorriaz gehiago jakiteko. Orain 150 urte arte ia ez zegoen industriarik Euskal Herrian eta esan daiteke gure elikadura eta bizimodurako garrantzi handia zuen elementua zela karea. Nekazaritzarako ongarri gisa ez ezik, baita ere baserrietako paretak margotzeko eta eraikuntzetan mortero gisa erabiltzen zen”.

Ekitaldiak berarekin zituen bi helburuez aritu zen Otaño: “Ez da ahaztu behar Burdina taldea historia eduki duten eraikuntzak txukuntzen saiatzen dela, eta horrekin batera eraikuntza horien atzean dagoen historia eta tradizioa berreskuratzen dituela. Azken batean gaurko ekitaldiarekin, ondare materiala ez ezik ondare inmateriala berreskuratzeko balioko digu”.

Otañok, 2011n zendu zen Joxe Paulo Usandizaga taldekideari gorazarre egin zion aurkezpenean.  Usandizagaren familiako kide ugari azaldu zen ekitaldira.

 

Bi bertso

Extebe Lopez de Munainek eta Ekaitz OlloTolok txalaparta jo ostean, Jon Beloki bertsolariak bi bertso kantatu zituen, bikain asko sintetizatu zutenak ekitaldiaren bi helburuak: Ortzaikako karobia piztea eta Jose Paulo Usandizagari omena eskaintzea:

Jada sei urte igaro arren

noski ez daukagu antzia

eta hemendik bidali nahi degu

gaurko hontan goraintzia.

Gogoan degu gauzak iteko

Harek zeukan pazientzia.

Senti dezakegu gure artean

Jose Paulon presentzia.

 

Burdina beti zaindu nahi digu

inguruko ondarea

ta horregatik hemen egotea

gaur ez da nobedadea.

Piztu dezagun karobia ta

sortu dedin gaur karea,

eta festa honi eman dezaiogun

merezi duen kolorea.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!