Bertsolaritza lau haizetara

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko aza. 7a, 01:00

Bertsozale Elkarteko komunikazio teknikaria da Amaia Goikoetxea zizurkildarra. Bere langintzaren eta Euskal Herriko Bertsolari Txapelketaren inguruan hitz egin du nagusiki.

Zein da zehazki zure eginbeharra Txapelketa Nagusiaren inguruan?

Txapelketa Nagusiaren baitan, hiru pertsona ari gara komunikazio sailean lanean. Euskal Herriko Bertsozale elkartea Villabonan kokatzen da, baina horrez gain, lurralde bakoitzak bere elkartea dauka eta guztien arteko komunikazioa eragitea eta koordinatuta aritzea da gure lanetako bat; barne komunikazioa, alegia. Baina baita kanpo komunikazioari dagokion guztia ere: Txapelketako irudiaren lanketa, sintonia, aldizkaria, webgunea edota kartelak bideratzea, besteak beste. Bertsozale Elkartearen filosofietako bat, langileen lanarekin borondatezkoen lana uztartzea da eta batzordeak egiten dira gai ezberdin lanketa egiteko. Egunerokoan, prentsa oharrak bidaltzen ditugu eta komunikabide nahiz sare sozialetan eragiten dugu. Saioa bukatzen denean, noski, haren berri ematen dugu.

Elkartearen baitan, hedapen taldea ere badago, www.bertsoa.eus webgunea edota Hitzetik Hortzera eta ETB1n astelehen gauetan eskaintzen den Aulki-Jokoa saio berria elikatzen dituena. Komunikazio sailak, hedapen taldearekin nahiz Xenpelar Dokumentazio Zentroarekin oso lotuta egiten du lan; azken batean, Txapelketako behar komunikatiboak asetzeko, elkar-eraginean aritzen gara hiru sailok.
 

Zer moduz abiatu da Txapelketa? Zer nolako balorazio egingo zenuke orain artekoaz?

Jendea, oro har, gustura sumatzen dugu. Bertsozale Elkartearen sostengu nagusienetakoa da bazkideen babesa eta, esker-ona erakutsi nahian, bazkideei lehentasuna eman zaie sarrerak lortzeko garaian edota, ohi denez, prezio bereziak eskainiz. Egia esan, eskertu egin dute aukera hori eta gustura hartu dute. Bestela, saioak oso ondo doaz. Lurralde askotan egin dira dagoeneko: Baigorrin hasi eta Bizkaia ere zeharkatu dugu, Arabara joango gara orain. Parte hartzaileak nahiz zaleak ere gustura daudela esango nuke.

 

Lau urtez behingoa eta Euskal Herri mailakoa izanik, sona handia du Txapelketa Nagusiak…

Sekulako oihartzuna dauka, bai. Lurralde osoko bertsolariak oholtza gainean elkarrekin ikusteko abagunea eskaintzen du eta baita zaleak batetik bestera ibiltzekoa ere; argazki oso bat egitekoa. Bertsozale Elkarteak urtean zehar beste egitasmo ugari gauzatzen duen arren, Txapelketa Nagusiak bezainbesteko erantzuna daukanik ez dago oraintxe. Bertsolaritza hain ezaguna ez duen hori hurbilarazteko ere aukera polita izaten da Txapelketa Nagusia. Hortik aurrera, Bertsozale Elkartearen beste egitasmoak jarraitzen hasi eta bertsolaritza gehiago iristen bazaio, ederra litzateke!

 

Orain arteko saio guztietan erantzun bikaina jaso duzue zaletuen aldetik, aretoak betez… Hori bakarrik ez, finalerako sarrerak ere agortu dira dagoeneko!

Final-laurdenetatik hasita, oso erantzun ona izan da. Zenbait kasutan leihatilarik ere ez da ireki, aurrez saldu direlako sarrera guztiak. Harrera onaz gain, giro ona sortzen ari da saioetan. Orain, finalaurrekoetan aretoak pixkanaka handituz joango dira progresiboki. Saio berean euskalki eta zale ugari biltzen da eta polita da hori ikustea, horrek erakusten baitu bertsolaritzak euskarazko probintziak batzen dituela.

Finalaurrekoetarako eta finalerako sarrerak, irailaren 12an jarri ziren  lehentasunez salgai bazkideentzat eta urriaren 2an zabaldu zen aukera beste guztientzat. Finalerako bi hilabeteren faltan agortu dira sarrera guztiak. Txartela eskuratu ez duenak zozketaren baten zain geratu beharko du badaezpada. Guk saio guztietan gogorarazten dugu saioek kopuru mugatua dutela, areto bakoitzak bere neurriak dituelako eta errespetatu beharra daukagu hori. Beraz, behin sarrera guztiak salduta, ez dago zer eginik.

 

Zenbat lagun ari zarete Txapelketa Nagusiaren inguruan lanean?

Bertsozale Elkartearen baitan, Subijana etxean 20 bat lagun ari gara. Langile zein borondatezkoak aintzat hartuta, saioko 70 lagun gabiltza. Lan handia eskatzen du Txapelketa Nagusia antolatzeak eta eskertzekoa da langileez gain, borondatezko pertsonen lana. Garrantzitsua eta estimatzekoa da.

 

Txapelketa Nagusiaren inguruan ikerketa soziologikoa ere abian duzue. Zertan da?

Txapelketa osoan zehar ikerketa soziologiko bat garatzen ari dira. Txapelketari dagokion zatia litzateke oraingoa, lehenago ere egiten ari baitziren. Aurrez, 1994 eta 2006 urteetan ere antzeko ikerketak burutu ziren eta Bertsozale Elkarteak egindako deiaren ondoren sortutako borondatezko lan-taldea ari da oraingo ikerketa gauzatzen, Mintzola Ahozko lantegiaren eta EHU/UPVren bitartez. Inkestatzaileak saioz saio dabiltza eta finalean lan talde handiagoa ariko da lanean. Hamar minutu inguruko galdetegia egiten ari dira, saioa hasi aurretik, zaleak zer bilatzen duen perfilatu nahian. Galdetegi horrek, bertsolaritzari nahiz Bertsozale Elkarteari hemendik aurrerako pausoak zehazten lagunduko dio.

 

Txapelketak hartu duen bidea ikusita, zein irudipen duzu finalari begira? Aurpegi berririk tartekatuko al da BECeko saioan?

Inoiz ez da jakiten! Hasi berriak dira duela lau urte finalista izandako bertsolariak ere kantuan eta ikusi egin behar zein sorpresa ematen dizkigun Txapelketak. Bertsolaria prestatu egiten da Txapelketa Nagusirako eta final-laurdenetan ere lan polita egin dute. Oraindik, Txapelketa Nagusiaren baitan behintzat ez ditugu kantuan entzun aurreko finalista izan zirenak eta batzuek eta besteak elkarrekin ikusteko aukera izango dugu orain. Ea zer gertatzen den!

 

Nola ari zara bizitzen lehen urtea Txapelketaren baitan lanean?

Nik lehen urtea izan arren, urte askoan aritu den esperientzia handiko jendea dut inguruan. Alde horretatik, oso babesatua eta konfiantza osoz sentitzen naiz. Etxean betidanik ezagutu dut bertsoa, oso bertsozaleak baikara. Gerora, orain urte mordoxka, Txolarre irratian ari nintzela, irratiaren urteurrenean hainbat bertso saio eta bertso afari antolatu genuen. Orduan ezagututako familiarekin saio askotara joan izan naiz. Orain, ordea, Txapelketa beste era batera bizitzea egokitu zait eta oso aberasgarria da horrelako egitasmo handi bateko antolakuntza barrutik ikustea.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!