Beñat Iguaran: "Txapelketaz disfrutatzen jarraituko dut"

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko aza. 6a, 01:00

Joan zen larunbatean, 1200 lagun bildu zen Maule-Lexterreko Ororena jai alain, Txapelketa Nagusiko hirugarren finalaurrekoan. Beñat Gaztelumendi nagusitu zen 694,5 punturekin eta seigarren amaitu zuen Beñat Iguaran amasarrak, 604 punturekin. ‘Agur Zuberoa’ kantuaren doinuarekin agurtu zen ikusleengatik. Amasarraren hitzak, jarraian:

Saroi Jauregiren aginduetan aritu ziren azaroaren 4an Etxahun Lekue, Beñat Iguaran, Beñat Gaztelumendi, Nerea Ibarzabal, Julio Soto eta Nerea Elustondo, zozketak erabakitako hurrenkeran, Maule-Lextarren burutu zen hirugarren finalaurrekoan.

Lan guztiak amaituta, Beñat Gaztelumendik eskuratu zuen puntu gehien, 694,5, eta honenbestez, azaroaren 19an Amurrion izango den finalaurrekoan oholtzaratzeko txartela lortu zuen zuzenean; gainerakoek, datorren igandean Durangoko finalaurrekoan gertatzen denaren zain geratu beharko dute: 668,5 puntu eskuratu zituen Julio Sotok; 663 Nerea Ibarzabalek; 656,5 Etxahun Lekuek; 637,5 Nerea Elustondok; eta, 604 Beñat Iguaranek. Iñaki Aurrekoetxea, Mirari Azula, Mikel Beaumont, Mikel Fernandez de Arroiabe, Joakin Arregi, Zigor Leunda eta Mikel Lersundi izan ziren epaile eta idazkari lanetan, Joxe Mari Altuna eta Miren Itziar Basterretxea aritu ziren.

Kartzelako lanean txukun aritu zen Beñat Iguaran. Gaia ondorengoa izan zen: ‘Zure ibilbideko unerik onenean zaude. Zure jarduna uztea erabaki duzu’. Orioko arraunlari baten azalean sartu zen. Hauxe bere lehen bertsoa:

Orion jaio ta normala da
bat arraunian hastia
ohore bat baita zure herriko
koloreekin jaztia,
‘eutsi mutilak’ esanaz dabil
umia, zaharra, gaztia
elkarrizketak, lana, entrenatu
luze juan da astia
nahiz hori denai gehitu behar zaion
urte osoko desgastia,
ze politta dan Donostiako
Bandera irabaztia (bis).

Saioaren amaieran, agur umoretsua eskaini zuen amasarrak, ‘Agur Zuberua’ kantuaren doinuarekin ikusleengandik agurtuz:

Agur Zuberua
ia etxera iristen gean biharko,
agur Txapelketa
trena martxan eta nik egin behar salto,
gaur ez nun eguna
hala izan da ta hala hartu beharko,
politta izan da,
altu zegon langa,
behintzat neretzako;
jarraitu gozatzen,
asko gelditzen da,
bukaerarako.

 

Beñat Iguaran: “Hobeto egin nahi nuen”

Beñat Iguaran bertsolariak, Aiurriko deiari erantzun eta ondorengo irakurketa egin du Maule-Lextarreko bere saioaren inguruan:

Mauleko saioaren azken agurrean, zure eguna izan ez zela aipatu zenuen. Arantza horrekin geratu al zara?
Ez zen nire eguna izan. Maulen kantatzea niretzat oparia bazen ere, pena pixka batekin geratu naiz. Ez disgusto handiarekin, baina hobeto egin nahi nuen.

Hainbeste jenderen aurrean, halako tentsio eta presioari eustea ez da lan erraza izango…
Nik ez neukan ezer galtzeko eta ondo kontzentratuta egonez gero, 100 edo 1000 lagunen aurrean aritzea antzekoa izaten da. Baina hori bai, ondo kontzentratuta egon behar da. Mauleko aretora sartu nintzenean inpresioa egin zidan lekuak berak eta ez nuen ondo kontzentratzerik lortu.

Urrutira iritsi zara hala ere. Txapelketa hasi zenean pentsatzen al zenuen halakorik?
Ilusioa beti izaten da, baina ez nuen pentsatzen hain aurrera iritsiko nintzenik. Paperean izenak ikusita, izen handiak zeuden eta hasieran ez ez nuen mailaz pasako nintzenik buruan; baina batzuk uste baino gutxixeago eman zuten eta beste batzuk gehixeago.
Mauleko finalaurrekoan, Gipuzkoako, Bizkaiako  eta Nafarroako txapeldunekin aritzea egokitu zitzaidan, ez da askotan izaten aukera hori eta pena dut nirea eman ez dudalako. Hala ere egia da, Euskal Herriko finalaurrekoetan abesteko aukera ez dugula guztiok izan.

Kartzelako lana txukun osatu zenuen…
Bakarkako lanean, Seguran gozatu egin nuen bezala, Maulen presaka ibili nintzen eta azken bertsoa ere kolokan neukanez, ez nuen disfrutatzerik lortu. Baina ideia segituan bururatu zitzaidan eta alde horretatik gustura geratu nintzen.

Agurreko bertso alaia eskaini zenuen ‘Agur Zuberoa’ kantuaren doinuarekin…
Aurrez pentsatu nuen agian doinu hori erabiltzea, baina ez neukan argi; ez baitzen erraza. Azkenean, arriskatu egin nintzen eta bertsoa ondo bukatzea lortu nuen.

Matematikoki ez bada ere, Txapelketatik kanpora zaudela esan daiteke…
Bai, ia ezinezkoa da aurrera egiteko aukerarik izatea. Eta hobe horrela, seinale txarra litzateke bestela.

Lasaiago jarraituko al duzu aurrerantzean Txapelketa?
Bai, hala uste dut. Ikusi egin behar orain Oihana lehengusuak zer egiten duen. Aurrera jarraitzen badu, izango ditugu nerbio batzuk oraindik ere, baina Txapelketaz disfrutatzen jarraituko dut kanpotik izan arren.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!