Ezten Giro erromeria taldea, Amasako festetan ariko da

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko aza. 7a, 01:00

Mirari Alkorta eta Maialen Mujika, Ezten Giro erromeria taldeko musikarietako bi, billabonatarrak dira eta azaroaren 10ean Amasan arituko dira. Hitza hartu dute.

Mirari Alkorta billabonatarra, 2008an Irakasle-ikasketak egiten hasi zenean, unibertsitateko lagun batek, trikitixa eta panderoa jotzen zutela eta gitarrarekin laguntzera animatuko ote litzatekeen galdetu zion. 2009 urtean hasi zen entseguetan Mirari, 2010ean emanaldiak eskaintzen. Oraindik ere taldea motz geratzen zela ikusi eta bateriaren bila hasi ziren. Bateria topatuta, laukote bezala ibili ziren pare bat urtez eta 2014. urtean, taldea oraindik ere gehiago sendotzeko, baxu-jotzailea aurkitu zuten; kasu honetan, Maialen Mujika billabonatarra. Geroztik, bost kidek, bost neskek osatzen dute Ezten Giro taldea eta plazaz plaza ibiltzen dira erromeria giroa zabaltzen. “Oso gustura gabiltza, oso giro onean”, diote Mirari eta Maialenek irribarretsu.

 

Herriz herri zabiltzate giro ona zabaltzen, kontzertu ugari eskainiz urtean zehar…

Bai, hasi ginenetik 250 kontzertutik gora eskaini dugu. Urtero 50 saiotik gora ibiltzen gara eta urteren batean 60ra ere iritsi izan gara.

 

Sona handia eskuratu duzue, zoazten lekura giro bikaina eramaten duzuelako. Zein da zuen sekretua?

Plazan giro ona sortzen saiatzen gara. Egiten dugun musika, teknikoki nahikoa oinarrizkoa den arren, taula gainetik, ondo moldatzen gara giroa jartzen. Urte hauetan guztietan taula gainean egoten ikasi egin dugu eta musika jotzeaz gain, dantzan ere aritzen gara. Geronek pasatzen dugu askotan ondoen.

 

Uda garaian eskaintzen duzue emanaldirik gehien, baina udazkena ere nahikoa beteta datorkizue…

Udan egutegia saioz bete-beteta izaten dugu. Festa garaian batetik bestera ibiltzen gara asteburu guztietan eta, uztaila nahiz abuztuan, astegunetan ere bai. Gipuzkoa eta Bizkaian jotzen dugu batik bat, Araba eta Nafarroan gutxiago. Behin aritu gara Lapurdin. Herrialde bakoitzean giro ezberdina sortzen da, kantuak eskatzen dizkigutenean ere asko nabaritzen da hori. Bizkaian, esaterako, banakoa eskatzen digute; zortzikoa Nafarroan.

Denboraldirik fuerteena ekainetik irailera bukaera artekoa izaten dugu, baina udatik kanpo ere eskaintzen ditugu emanaldiak. Hilabete hau nahikoa beteta daukagu eta, besteak beste, Amasan edota Deban arituko gara.

 

Hain zuzen ere, azaroaren 10ean arituko zarete Amasako festetan. Zer nolako emanaldia eskainiko duzue? Zein dei egingo zeniekete gerturatuko direnei?

Antzeko emanaldiak eskaintzen ditugu batean eta bestean, baina errepertorioa zabaldu egiten dugu momentuaren arabera. Bertaratuek beste zerbait nahi badute, inprobisaziora jo eta saioa aldatu egiten dugu.

Jendeari ondo pasatzeko gogoz gerturatzeko deia egingo genioke. Villabonako azken Santio festetan Erromeria egunean hartu genuen parte eta berandu izanagatik, oso giro polita sortu zen plazan. Bestela, gutxi aritu gara inguruan: Andoainen, Adunan edota Ibarran. Urduritasun gehiago izaten da jende ezagunaren aurrean, baina gustura arituko gara.

 

Ondo ezagutzen dituzue Amasako festak. Urtero etortzen al zarete?

Amasara igotzeko ohitura badugu, bai. Hotza egiten du askotan, baina beti joan izan gara. Orain arte ez dugu perezarik izan. Gaueko giroa ezagutzen dugu gehien, nahiz eta aspaldi batean Oilasko-jokoa ikustera ere joaten ginen. Inguruko azken festak izanda, beti biltzen da jendea Amasan. Aurten, zuzenean parte hartzea egokitu zaigu eta pozgarria da guretzat.

 

Lana eta musika uztartuz

Ezten Giro erromeria taldeko kide izateaz gain, deliniatzaile eta diseinugintzako modulua ikasten ari da Maialen, praktikaldia burutzearekin batera. Irakaslea da, berriz, Mirari, Aiako eskolan. Eguneroko lanarekin uztartzen dute, beraz, musika; “udan zehar ez dugu entseguetarako beharrik izaten, saio asko eskaintzen dugulako, baina neguan, entseatzeko eta errepertorioa berritzeko bildu ohi gara. Ahal dugunean elkartzen gara, astean zehar arratsaldetan edota larunbat goizetan”.

 


Pepita Lasa, historiaren zati
 

San Martin festetako lehen arratsaldean, buruhandiak haur eta gaztetxoen atzetik ibiliko dira maskuriak hartuta Amasan. Aurtengoan ez dira, ordea, iaz bezala, erraldoi eta ipotxak Amasara gerturatuko.

Pasus baserriko Pepita Lasa Morotegiren irudian oinarrituta osatu zuten Garate anaiek Amasa-Villabonan nahiz inguruetan, Xanti aguazilarekin batera, hain famatua egin den ipotxa. 2015eko Inauterietan atera zen kalera lehenengoz. Geroztik zenbat haur eta gaztetxoren irria sorte ote duen! 2015eko martxoan, Pepitak, Amasa-Villabonako Udalak bere itxura eta izena zituen ipotxa irudikatu zuela jakin zuenean, poza erakutsi zion Aiurri aldizkariari. Hain zuzen ere, “emango ez dit, ba, poza?” adierazi zuen. 1926 urtean jaio zen Pepita Amasako Pasus baserrian eta bertan bizitu zen bizitza guztian zehar, joan zen abuztuaren 10ean zendu zen arte. Baserri eta etxeko lanetan aritu izan zen urte luzetan eta baita Villabonan, etxez etxe, esnea banatzen ere. Esnezale gehienak Amasatik Villabonara astoz jaisten baziren, behorraren gainean egiten zuen Pepitak. “Asto-zestoak bi marmita sartzekoak baziren, hirukoak eginarazi genituen eta behorraren gainean egiten nuen joan-etorria. Baina behorra altuegi geratzen zitzaidanez, animalia koska baten ondoan jarri, buelta emanarazi eta antzeko sistemak asmatu behar izaten nituen marmitekin ondo moldatu ahal izateko”, maiz gogoratzen zituen bizitutako peripeziak. Bada, Pepita irudikatzen duen ipotxak, badu bere behortxoa ere. Pepita joan da, baina fibraz eginiko bere irudiak bizirik jarraituko du urtetan haur, gazte zein helduen begiratuak alaitzen. Amasa-Villabonako historiaren zati da dagoeneko.

Emakume txikia zen altueraz, baina ez bihotzez; handia baitzuen oso. Maitasunez gogoratuko du ezagutu zuen gehiengoak, gertuko emakumea eta oso ona zelako. Amasa-Villabonaren XX. mendeko historia biltzeko saiakeran, Larramendi Bazkunak argitaratu zuen Lumane bildumako partaide izan zen. Buru oneko emakumea zen eta argi hitz egiten zuen. Besteak beste, baserria mintzagai izan zuten zenbakian, zerutik ezer erortzen ez zitzaiela nabarmendu zuen Pepitak, “geneukana, lana egin eta gero lortzen genuen. Ez ziguten ezer oparitzen”, adierazi zuen. Jai egunetako ohiturez hizketan aritu ziren alean, berriz, bakoitzak zeukan aukeraren arabera, baserritik elizara jaisten zirenak ere, zuten arroparik dotoreena jantzita joaten zirela gogoratu zuen; hori bai, eskuetan zapatak hartuta. Eta inork lapurtzeko beldurrik gabe, elizaren ondoko baserriaren kanpoaldean uzten zituzten abarka edo katiuska zikinak, itzuleran berriz janzteko. “Igandeko arropa jantzita eta oinetako zikinekin nola joango ginen ba elizara?”, zioen.

Mila esker Pepita eta bidaia on!

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!