Liburutegiaren 55 urteko ibilbidea Camposen eskutik

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko aza. 6a, 01:00

Andoaingo liburutegiak hiru kokagune ezagutu ditu 1962an ireki zenetik. Eskola Kalea, Urigain kultur etxea eta egungo Ondarreta kalea. Kontxi Campos da hiruretan lan egin duen liburuzain bakarra, 23 urtetan (1981-2004). 

Elkarrizketa:

Nola hasi zinen liburuzain bezala?

K.C.: Galardi haurtzaindegian ordezkapenak egiten nituen, eta behin, 1982an, udaletik proposatu zidaten liburutegian hasteko, hiru-lau orduz arratsaldeetan. 1962an Agustin Olasagasti hasi zen liburuzain bezala, baina gero Trifino Labargak jarraitu zuen. Bada, Trifino Ondarretako irakaslea ere bazen, eta nonbait, liburutegia uztea erabaki zuen nekeak eraginda. Halaxe hasi nintzen. Goizetan, liburuzaintzako ikastaro mordoa egin behar izan nuen bolada batean. 

Hamabost mila biztanleko herri batean, liburuzain bakarra izan zinen urtetan…
K.C.: Bai. Baina garai batean liburutegiak ez zuen orain eduki dezakeen erabiltzaile kopurua. Gainera, tarteka laguntzaileak eduki nituen ondoan: Yolanda Garcia, Joan Andres Marin, Maria Jesus Gurrutxaga, Ainhoa Alfageme... Gainera, Gotzon Garmendia eta Ibon Lekuona liburu zaleak ere etorri izan ziren bolada batean laguntzera, beren kabuz.  

Liburuak ez ziren orain adina argitaratuko…
K.C.: Ez hainbeste. Egin kontu, Eskola kaleko liburutegian hasi nintzenean, esate batera euskaraz oso gutxi zegoela, Gereño eta Garateren nobela poliziakoak eta zerbait gehiago. Orduantxe ari zen hazten euskarazko liburuen produkzioa, eta lan handia egin behar izan zen eguneratzeko liburutegia.

Istiluak bizi izan zenituen liburutegi barruan.
K.C.: Bai. Iraganean liburutegian formal egoteko heziketa falta zen, eta askotan, lagun giroan egotera etortzen ziren gazte batzuek, zalaparta sortuz. Zintzo egoteko agindu eta alferrik zenean, kalera bidaltzea edo udaltzainei deitzea egokitzen zitzaidan. Ikastetxeei zabaltzen genien proposamena, irakasleak ikasleekin etorri eta ikusi zezaten zer den liburutegia, baina ez ziguten kasu askorik egiten, egia esan. Iruditzen zait gauzak nabarmen aldatu direla, onerako. Herrian zabalduta dago liburutegiarekiko kontzientzia, arauen errespetuei dagokionez behintzat. 

Irakur zaleak izan dira Andoaingo herritarrak?
K.C.: Beti ezagutu nuen milaka bazkidez osatutako liburutegia. Baina hori gauza bat da eta bestea benetako erabiltzaile kopurua. Esango nuke ia betiko jendea azaltzen zela. Alde horretatik, andoaindarren irakurzaletasun maila liburutegiak zeukan mugimenduarekin neurtu beharko balitz, emaitza nahiko etsigarria litzateke.    

Liburuak mailegatzearen lan mekanikoaz gain, liburuzainak tratua eduki ohi du jendearekin…
K.C.: Jakina, batetik, interneta ez zegoen garaian ikastetxetako ikasleak laguntza eske etortzen ziren honetaz edo hartaz lan bat egitera, eta horiek bideratu behar izaten ziren. Bestalde, jende heldua hurbiltzen zen aholku bila, batez ere nobela erromantiko, poliziako edo historikoren bat nahi zutela-eta. 
Hiru alabeko familia neukan aurrera atera beharra, eta egia esan, ez nuen denbora sobera  irakurtzeko; nolanahi ere, ahaleginak egiten nituen jakiteko zeintzuk ziren liburu gomendagarriak. Horrela, erabiltzaile batzuek liburuak irakurri ostean emandako iritziak jaso eta besteei jakinarazten nien; iritziak trafikatzen ibiltzen nintzen. 
Izugarri gozatzen nuen erabiltzaileekin sortzen zen konfiantza horrekin. Erretiroa hartu nuenetik bizi-kalitatea aberastu egin zaidan arren, faltan botatzen dut liburutegiko tratu pertsonal hura.
 
Nahiko onartuta dago Andoaingo liburutegiak egoitza berri baten premia daukala…
K.C.: Lehen ere ikusten zen herriak liburutegi handiago eta duina merezi zuela, eta zer esanik ez gaur egun, dauzkan erabiltzaile guztiekin. Hala ere, nik ez dakit zenbaiteraino baloratzen den liburutegiak eskaintzen duen zerbitzua; herrian proiektu ugari bultzatu izan dira liburutegi berri batek baino premia handiagoa zutela pentsatuz… 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!