Beñat Iguaran Maule-Lextarreko finalaurrekoan, azaroaren 4an

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko aza. 3a, 01:00

Txapelketa Nagusiko hirugarren finaularrekoa izango da, azaroaren 4an Maule Lextarreko Ororena jai alain jokatuko dutena. 17:00etan hasita, sei bertsolari lehiatuko dira, haien artean Beñat Iguaran amasarra.

 Finalaurreko honetarako sarrerak www.bertsosarrerak.eus webgunean egongo dira salgai gaur, ostirala,  18:00ak arte. Larunbatean 15:00etan irekiko da sarrerak erosi ahal izateko leihatila eta aretoa, berriz, 15:30ean.

Kantuan ariko diren bertsolariak: Beñat Gaztelumendi, Beñat Iguaran, Etxahun Lekue, Julio Soto, Nerea Elustondo eta Nerea Ibarzabal. Saroi Jauregik aurkeztuko du saioa.

Finalaurrekoa girotzeko, bestalde, bazkaria antolatu du Sohütako ikastolak. Bazkaria ikastolaren ondoan dagoen Sohütako gelan egingo da. Txartel kopurua mugatua da, 200 lagunek bazkaltzeko aukera izango dute bertan. Bazkaria 15 euroan da eta erreserbak ondoko telefonoan egin behar dira: (+33) 681 811 439 (Pantxika).

Bestalde, urriaren 28an hasita, Txapelketa Nagusiko finalaurrekoak zuzenean eskainiko dira ETB4n eta bertsoaldi onenak ikusgai izango dira igandeko Hitzetik Hortzeran ETB1en. Horrez gain, atzo estreinatu zen “Aulki-jokoa” saio berriak Txapelketa Nagusia izango du ardatz. Astelehenero eskainiko da saioa ETB1en Edurne Azkaratek aurkeztuta, 22:30etik aurrera. Besteak beste, Andoni Egañak asteburuko saioen errepasoa egingo du astero. Juantxo Zeberiok bertso-doinuen ingurukoak kontatuko ditu, pianoak lagunduta. Horiez gain bertsolariak, Txapelketa Nagusiko antolatzaile eta parte-hartzaileak, aktore, kirolari eta idazle ezagunak…. izango dira saio berrian.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!