Andoainera dator Xixtera zirkuitoko txapelketa

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko aza. 3a, 01:00

Andoaingo Arrate pilotalekuan jokatuko dira Mutilen Avia-Xistera zirkuitoko final eta finalerdiak. Igande honetan izango da finalaurrekoa, 11:00etatik aurrera, eta finala hurrengo larunbatean, azaroaren 11n, 18:00etatik aurrera.

Jubenil mailako finalerdiak izango dira lehenbizi igande honetan, eta segidan senior mailakoen txanda helduko da. Zortzina bikote ariko dira, aurrelari eta atzelari bana, finaleko bi postuetako baten bila. Kinielako sistema ezarriko da horretarako; kinielako hamabost puntuak pilatu, edo bigarren geratzea lortu beharko dute, hurrengo larunbatean jokatuko den finalean parte hartu ahal izateko.     

Finala Streaming bidez zuzenean ikusi ahal izango da, www.xistera.eus webgunean sartuta.

Andoaingo txapelketa Gazteleku pilota elkarteak, Andoaingo Udalak eta Euskal Herriko Xistera elkarteen Kirol Klubak antolatu dute, elkarlanean.

Xistera proiektua, zesta punta biziberritzeko eta eskolak indartzeko sortu zuten tokian tokiko kirol elkarteek, beren indarrak batu ete gero, 2013an.

Argazkian, Andoaingo Gazteleku elkartean aritzen diren zesta puntako pilotari gazteak ageri dira, 9 urtetik 15 urte bitartekoak. Zutik, Jose Mari Gonzalez (irakaslea), Adur Iturralde, Uxu Gonzalez, Igor Lizasoain (irakaslea), Unax Malo, Julen Barrio eta Mikel Caflanca (irakaslea). Makurtuta: Eneko Zubeldia, Julen Sukunza, Amaiur Abrego, Ilun Tolosa, Beñat Gaston eta Hodei Zuriarrain.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!