Eskualdeko hainbat kataluniarrek jaioterrira eginiko begiratua

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko aza. 3a, 01:00

Kataluniako erreferendumak hautsak harrotu ditu. Egunez egun, erabaki berriak hartzen ari badira ere, hauxe Katalunian jaio eta Beterri-Aiztondon bizi den hainbat herritarren iritzia.

Juanjo Villena Bernal
(1968)
Bartzelonan jaioa, Zizurkilen bizi da
{{IMG-39339}}


Nola bizitu zenuen urriaren 1eko erreferenduma?

Penaz, tristeziaz eta frustrazioz, baina bereziki etsipenez. Etsipen handia sentitu nuen politikarien aldetik. Argi geratu da politikariak ez daudela antzeko arazo bati aurre egiteko prestatuta, ez alde batetik eta ezta bestetik ere. Irtenbidea topatzeko aukera bakarra, ideia berriak dituzten politikari berriek lekukoa hartzea litzateke. Etsipena sentitu nuen urriaren 1ean, ezin baita, batetik, polizia jendea egurtzera bidali eta ezta, bestetik, herritarrak enfrentamendura ere, jakina zenean liskarra segurua zela. Duela 30 urte, Euskal Herrira etorri nintzenean, ez zegoen gizarte mailako banaketarik Kataluniako kaleetan. Orain ideologia ezberdineko jendearen arteko banaketa gertatu da, lagunartean nahiz familiako kideen artean haserretuz. Eta hori politikarien errua dela uste dut, bestelako interesen gainetik, interes  ekonomikoak gailentzen direlako beti.

Izugarriak izan ziren urriaren 1eko irudiak, ezin dira aiton-amonak edota haurrak modu horretan tratatu eta gertatutakoa ukatu, gainera! Baina ez zen horrelako egoerarik probokatu ere egin behar, guardia zibila eta polizia nazionala ‘a por ellos, a por ellos’ oihuen artean Kataluniara abiatu ondoren, jendea kalera bidaltzeko deia egin beharrean, adostasuna lortu behar zen. Ni kontsultaren aldekoa naiz guztiz, baina enfrentamenduak izango zirela jakina zenean, muga horretaraino iristea alferrikakoa izan zela uste dut. Konponbide zaila du egoerak, interlokutoreak aldatzen ez badira behintzat.

Zer iruditu zaizkizu Generalitateak nahiz Gobernuak ondoren emandako pausoak?

Tenis partida jolasten ari dira politikariak, pilota aurrena batari eta gero besteari botaz. Inork ez du pausorik ematen eta ez dut uste benetan arazoa konpontzeko asmorik dagoenik, ez dago elkarrizketarako gogorik.

Azken batean, guztiz ideia ezberdinak dituzten alderdiek antzekotasunak izaten dituzte eta une honetan, haiekiko erdibidean ikusten dut nire burua. Gaia nekagarri bihurtzen ari da, ez da besterik entzuten komunikabideetan eta bitartean, Gürtel kasua, esaterako, itzalean geratzen ari da. PPri ondo baino hobeto etorri zaizkio Kataluniako gertaerak bere burua estaltzeko. Katalunia mailan, independentistak indartu egin dira, baina Espainia mailan PP eta Mariano Rajoik hartu dute aurrea.

Zein bide hartuko du, zure ustez, Kataluniako egoerak etorkizunean? Zein bide hartzea gustatuko litzaizuke?

Nola hasten den jakiten da, baina ez nola bukatzen den. Nire ustez gaizki hasi dira eta asko arduratzen nau gaizki bukatzeak. Pena ematen dit sortzen ari den hausturak eta zenbait lekutan sumatzen den Kataluniarekiko gorrotoak.

Argi dago egungo Konstituzioak ez duela balio eta berritu egin behar dela bi aldeentzat egokitzeko. Kataluniako prozesua Konstituzioaren erreformarekin bukatzea gustatuko litzaidake. Ez pasartetxo bat berrituta, aldaketa sakona eginda baizik, eta, autonomia gehiago eskuratuta. Ez nuke inolaz ere 155 artikulua martxan jartzerik nahi.

 


Sandra Gaverro Abuye

(1975) Blanes, Gironan jaioa, Larraulen bizi da
{{IMG-39340}}

Nola bizitu zenuen urriaren 1eko erreferenduma?

Egun gogorra izan zen niretzat, eta baita hunkigarria ere. Bozka ematera zihoan jendea egurtzen zutela ikustea ikaragarria izan zen. Ez dira konturatzen, zenbat eta indarkeria handiagoa erabili, elkartasun handiagoa sorrarazten dutela. Emozio biziko eguna izan zen. Lagunek ehunka argazki bidali zizkidaten, bozka ematen ari ziren momentukoa, erabateko poz aurpegiarekin. Herrialde demokratiko batean, normaltasunez eman beharko genuke bozka, baina ez da horrela. Egun horretan munduak jakin zuen Katalunia existitzen dela eta hori gure aldekoa da, noski. Nire iritzian, castellak egitean dugun jarreraren antzekoa da momentu hauetan, kataluniarren jokamoldea. Bakoitzak badaki zein den bere lekua eta mundu guztiak laguntzen du.

Distantziatik egokitu zait hau guztia jarraitzea, eta ez da erraza. Larraulen erroldatuta nago, eta ezin izan nuen nire bozka eman. Gainera, estatu mailako komunikabideek ematen duten informazioa erabat desitxuratua da. Ziur nago estatuko jende askok Gobernuaren bertsioa bakarrik jaso duela. Horrek Kataluniaren aurkako sentimentua sorrarazi du eta geroz eta nabarmenago gainera.

Zer iruditu zaizkizu Generalitateak nahiz Gobernuak ondoren emandako pausoak?

Xake partida baten antza hartzen diot, eta Generalitateak oso ondo egin duela iruditzen zait. Momentuz Europaren babes handirik ez badu ere, elkarrizketaren aldekoa dela erakutsi du Generalitateak. Etengabe jakinarazi du hori. Oso politikari ausartak ditugu Katalunian. Apustu handia egin dute. Atzera egin eta giroa baretzeko aukerak ere izan dituzte, baina aurrera egitea erabaki dute, herriak eskatu bezala. Urtero, manifestaldi erraldoiak egin dira zentzu horretan, eta politikariek entzun egin gaituzte. Geroz eta nazkatuago gaude Espainiaren jarrerarekin.

Espainiako Gobernuak berriz traba besterik ez du jarri. Argi dago ez dutela hitz egin nahi. Etorkizunari begira, Gobernuak eman dezakeen erantzunak beldurra ematen dit. Indarkeria erabiltzen dute eta indar handia dute gainera. Beldurra ematen die hitz egiteak; ez dute onartzen Kataluniak beste herrialde bat izateko nahia edukitzea, eta indarkeriara jotzen dute. Ez dauka inolako azalpenik Gobernuaren jarrerak. Ezta erregearenak ere. Berak hartu duen papera ere larria dela esango nuke.

Zein bide hartuko du, zure ustez, Kataluniako egoerak etorkizunean? Zein bide hartzea gustatuko litzaizuke?

Ametsa dirudi, baina uste dut independentzia lortuko dugula. Behar bada baikorregia naiz, baina herri oso batek eskatzen badu, zergatik ez? Beste herri bat bagara, zergatik ez dugu ba beste herrialde bat osatuko? Gauzak egiteko beste modu bat dugu, sentimendu ezberdinak, kultura berezia… Gainera, mundu osoak ikusi ahal izan du nola egin diren gauzak, beti modu baketsuan. Orain, interes handiek Espainiaren alde egingo dute ziur aski. Baina ikusiko dugu zer gertatzen den. Espainiak beti oso gaizki egiten ditu gauzak eta horrek indarra ematen digu guri. Beldurra dugu, Espainiaren makinaria oso indartsua delako, eta indarkeriaz erantzungo dutelako, baina Katalunia indartsu dago.

 


ANTONIA ABELLO VILA

(1964) LLEIDAN JAIOA, ANDOAINEN BIZI DA
{{IMG-39341}}

Nola bizitu zenuen urriaren 1eko erreferenduma?

Hunkituta bizitu nuen eguna, herritarren mobilizazio sozialagatik bereziki. Oinarri oso sendoa nagusitu zen eta kataluniarren gehiengoak autodeterminaziorako nahia erakutsi zuen. Kataluniar bezala, alderdi emozional eta sozialari begira, identifikatuta sentitu nintzen, baina ez horrenbeste arlo politikoan. Rajoyren estatuak bultzatutako errepresio politikoaren aurka nago guztiz. Herritarrek erabakitzeko eskubidea eduki behar dute eta urriaren 1ekoak adostutako erreferenduma izan behar zukeela pentsatzen dut. Legez kanpoko bezala hasi zena legal bilaka zitekeen. Kataluniakoa ez da gai berria, gutxienez 10 urte daramatza airean. Ikusi besterik ez dago, interes zehatzen arabera erraz aldatzen dituztela legeak. Aspaldian zetorren arazo baten aurrean geundela jakinda, zergatik ez ziren jarri beharrezko neurriak? Herritarrak lehian jarri nahi gaituztela iruditzen zait. Nire ustez, behetik gora egin behar da borroka, oligarkia neoliberalaren aurka, Katalunian elite kataluniarrak jarraitzen baitu agintean.

Zer iruditu zaizkizu Generalitateak nahiz Gobernuak ondoren emandako pausoak?

Botere kontua da guztia, nork duen azken hitza. Tartean bitartekaritza lanetan aritu diren aktoreak ere ibili ziren, baina inor entzun gabe, bai edo bai, 155. artikulua martxan jartzea erabaki zuen Rajoyk. Eta egoera horren aurrean normala iruditzen zait urriaren 27an independentzia deklaratu izana, ez baitzieten beste aukerarik utzi. Mariano Rajoy ikusten dut egoera honen arduradun nagusia, berak izan baitu azken hitza. Armarik gabeko gerra zibila piztu da. Independentzia bai edo ez aukerak soilik plazaratu dira, baina zergatik ez jarri abian errepublika federala? Aukera ona litzateke nire ustez, konpetentziak edukitzearekin batera, beste autonomiekiko elkartasun bideak eskaintzen dituelako. Hala ere, independentziaren deklarazioa errespetatu egiten dut, gizarte mailako mugimendu oso indartsua eta bakarra izan delako. Herriaren ahotsa kalera atera da. Andoainen, Kataluniaren aurkako errepresioa salatzeko antolatu diren ekintzatan parte hartu dut.

Zein bide hartuko du, zure ustez, Kataluniako egoerak etorkizunean? Zein bide hartzea gustatuko litzaizuke?

Nahiko nuke, baina ez dakit Kataluniak babes internazionalik jasoko duen. 155. artikulua aplikatu eta gero zer? Hedabideak eta alderdi politiko guztiak kontrolatu nahi dituzte. Inondik ere ez nuke horretara iristerik nahi. Elkarrizketa behar da eta, epe laburrean, akordio batera iritsiko diren esperantza dut.

Ez ditut herritarrak bata bestearen aurka borrokan ikusi nahi. Guztia ez da txuria edo beltza, eta, esan bezala, errepublika federala irtenbide ona iruditzen zait, aztertu ez bada ere. Nik uste, egun ditugun politikariek ez daukatela maila politikorik. Rajoyk prozesua lehertu arte egin du bidea eta erregearen parte hartzea ere lekuz kanpokoa izan da. Kataluniaren inguruan ez ezik, herri galdeketa edo erreferendum asko egin beharko lirateke: besteak beste, errepublika edo monarkia, zorrak, osasungintza, ustelkeria, emigrazioa, errefuxiatuak, diru laguntzak, lana edo gazteriaren inguruan.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!