Hogeita zazpi urte daramate Belenek eta Luisek antzinako altzariei bizi berria ematen, horietatik hogeita bost, Apakintzan. Ehunka kutxa, armairu, ohe edota mahai pasa dira euren esku trebeetatik eta hala ere, “egunero-egunero ikasten dugu zerbait. Iristen den altzari bakoitzak erronka baten aurrean jartzen gaitu”. Altzariak behar duen berrikuntza lan guztia egiten dute Apakintzan. “Pusketaren bat falta badu, adibidez, egur zaharrarekin osatu, torneatu edota tailatu egiten dugu, beharraren arabera. Denetarik egiten ikasi dugu, pieza bakoitzari ahalik eta irtenbiderik onena emateko. Egindako lanarekin asetuta geratu nahi izaten dugu; hori eginez gero, ia segurua da bezeroa ere pozik joango dela ”, azaldu du Luisek.
Garai bateko lekuko
Gustura aritzen dira tailerreko lanean, arazo bakoitzari irtenbide egokiena bilatu nahian. Bertako altzariak dituzte gustukoen, garai bateko baserri eta etxeetan aurki zitezkeenak. “Ondare partikular hori oso garrantzitsua dela iruditzen zaigu; zaindu beharrekoa. Garai batean nola bizi ziren eta nola lan egiten zuten erakusten digute. Gure tailerrean dauden bitartean gureak ere badirela sentitzen dugu eta ateratzen direnean, izan ziren hori erakusten jarraitzen dute, dauden tokian”, azpimarratu dute.
Bezeroa iristen denean, altzaria ikusi eta lehendabiziko balorazioa egiten dute Belenek eta Luisek. “Altzaria berreskuratzeak merezi duen edo ez ikusten dugu lehendabizi eta ezezkoa bada, garbi esaten diogu bezeroari. Baiezkoan bagaude, aurrekontua egitea izaten da bigarren pausoa eta bezeroak erabakitzen du aurrera egin edo ez”. Askotan, pipia izaten da altzarien arazorik nagusiena. “Pipia ikusten dutenean, ohikoa izaten da altzaria botatzeko erabakia hartzea. Egun, ordea, pipiaren aurkako tratamendu oso eraginkorrak daude. Ezer bota aurretik, galde dezaten gomendatzen dugu, gure ondarearen zati bat botatzea pena da eta”.
Pipia, etsai
Pipiaren aurkako tratamendua egitea izaten da altzari gehienekin eman beharreko lehen pausoa. “Pipiak kalte handia egiten dio egurrari eta kalte hori gerarazi egin behar da. Badaude lan horiek egiten dituzten enpresak, eta haietara bideratzen ditugu altzariak. Batzuetan, bezeroak pauso gehiago ez ematea erabakitzen du, altzaria dagoen horretan uztea. Beste batzuetan, berreskuratze lanak egin nahi izaten dituzte, eta hor hasten da gure lana”.
Garai bateko altzarien kalitatea azpimarratzen dute Belenek eta Luisek. “Dagoeneko ez da horrelakorik egiten”. Lanerako modua aldatzen joan da urteen poderioz. “Batetik, gaur egun ezinezkoa litzateke garai hartan erabiltzen zuten egurra erabiltzea eta bestetik, egun gauzak ez dira egiten denboran irauteko; erabili eta botatzeko baizik”.
Birziklatzea
Berrerabili, berreskuratu eta birziklatzearen aldekoak dira Belen eta Luis. “Horixe da gure lanaren funtsa. Ahal den guztia berreskuratzen dugu, berrerabiltzeko moduan jartzeko. Oso egoera kaskarrean dauden gauzak, berreskuratu ezin direnak, birziklatu egiten ditugu. Hemen ez da ezer botatzen; egur zahar zatirik txikiena ere gorde egiten dugu, beste piezaren bat konpontzeko baliagarria izan daitekeelako”.
Zirujia handia behar izaten dute pieza batzuk, zaintza berezia eta lanordu asko; zaintza arinagoa beste batzuk. Ehunka pieza pasa dira euren eskuetatik, eta gehientsuenak dituzte buruan. “Asko gustatzen zaigu pieza bakoitzaren inguruan bezeroekin hitz egitea, non egon diren jakitea…, asko eta asko oroimenean geratzen zaizkigu”. Artxibategi osatu bat ere badute, pieza gehienen argazkiekin: “Iristen direnean ateratako argazkia eta ateratzen direnekoa biltzen ditugu. Bereziki gustatzen zaizkidan altzarien anai-arreba txikiagoak ere egiten ditut, miniaturak. Etxean jartzen ditut, oroigarri gisa”, azaldu du Luisek. Barru-barrutik bizi dute euren lanbidea Luisek eta Belenek. “Ez gara honetatik inoiz aberastuko. Lan ordu asko eskatzen du, etekin ekonomikoa ez da handia eta erraztasunik ere ez dugu. Esaterako, gure bezeroek %21eko Beza ordaindu behar dute eta hori ez zaigu justua iruditzen. Hori guztia horrela izanda ere, beti esaten dut asebeteta bizi garela, egiten dugunarekin oso gustura”.