Interesa duten herritarrek bihar, ostiralarekin, izango dute azken aukera Bulegora hurbiltzeko. Udal Artxiboan dago arreta bulego hori, San Juan plaza 5/Etxeberri plaza 13, tarteko solairuan. Honako ordutegia du: 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara.
Nolanahi ere, ordutegiz kanpo edozein zalantza argitzeko, jo daiteke honako helbide elektronikoetara: esanz@aranzadi.eus edo oretegi@aranzadi.eus. Telefonoa ere eskura jarri dute: 943 466 142. Aranzadi Elkarteko kide den Olatz Retegiren ardurapean dago Bulegoa.
Hitzaldia, gerrak eragindako kalteen inguruan
Bulegoarekin batera bi hitzaldi antolatu dira 1936ko gerra eta bere ondorioak aztertzeko. Horietatik bigarrena eskaini zuen Eneko Sanz historialariak joan den ostiralean, Lekaio Kultur etxean.
Sanzek 1936ko uztailaren 18an gertatu zen altxamendu militarraz geroztik frankistek ezarri zuten errepresio sistematizatua izan zuen mintzagai. Bando bakoitzean zegoen pentsamoldea, eta batez ere militarki matxinatutako bandoak bere jarrera legitimatzeko erabili zuen diskurtsoa eta urratu zituen giza eskubideak aztertu zituen.