Egitasmo berritzailea

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko aza. 2a, 01:00

Urnieta hezkuntzari loturiko egitasmo berritzailean murgildu da, Bizkaiko Santurtzi eta Arabako Laguardiarekin batera. Euskadiko Eskola Kontseiluak eta Urnietako Udalak sustatuta, “Hezkuntza hobetu: jakin, partekatu eta elkarrizketatu” egitasmoan murgildu dira Urnietako lau ikastetxeak. 

Udalak adierazi duenez, “helburua hezkuntzari buruzko eztabaida zorrotz eta sakon bat sortzea da, egungo hezkuntza sisteman funtzionatzen ez duten gauzak hautemateko eta aldatzeko. Azken finean, hezkuntza sistema hobetzea eta egungo testuingurura eta beharretara egokitzea. Halaber, irakasleei merezi duten aitortza soziala eman nahi zaie”.
Dagoeneko lanean ari dira. Ostegun honetan, esaterako, ikastetxe guztietako guraso elkarteekin bilera egitekoak dira. Eta datorren azaroaren 8an ikastetxeetako irakasleei bideratutako jardunaldia antolatu dute euskara, aniztasuna edota ebaluazioaz hausnarketa egiteko. 2018ko urtarrilean agerraldia egitekotan dira Eusko Legebiltzarrean. Hausnarketaren ondorioak eta hobetzeko proposamenak Euskadiko ordezkari politiko gorenei helarazteko asmoa dute.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!