“Independentzia eskuratu eta bakean bizi nahi dugu”

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko urr. 31a, 01:00

Hiru urte daramatza Dadai Sabout sahararrak, bere familiarekin batera, Andoainen bizitzen. Etorkizun hurbilean, Saharako egoera hobetu eta jaioterrira itzuli nahiko luke.

Sahararra jaiotzaz, noiz eta nola iritsi zinen Andoainera?

2014an iritsi nintzen Andoainera. Aurrez, 2007an Andaluziara joan eta bertan aritu nintzen lanean aurrena. Gero Castilla la Manchan bi urtez jarraitu ondoren, Andaluziara itzuli nintzen berriro, 2014an Andoainera etorri aurretik. Eraikuntzan, nekazaritzan nahiz hainbat lantokitan ibili nintzen, baina denbora gehien zaindari lanetan aritu naiz. Andaluzian lanik gabe geratu nintzenean, lagun batzuen bidez jakin nuen Euskal Herriaren berri eta bertara etorri ginen. Etxea aurkitzea asko kosta zitzaigun, baina Andoainen topatu genuen azkenean eta bertan geratu ginen. Une honetan ez dut lanik, jasotzen ditugun laguntzei esker bizi gara. Lan bila ari naiz, laguntzek lasaitasun pixka bat eman arren, gizakiak zereginen bat behar baitu egunerokotasunean eta langabe egotea izugarria baita, batez ere seme-alabak dituzunean eta behar ugariri erantzun behar zaienean. Elikaduraren inguruan lizentziatu nintzen bere garaian Kuban. Hamalau urtez bizitu nintzen bertan, baina Saharara itzulita, kanpamenduetan ez nuen langintza horretan aritzeko aukerarik izan, ezta geroago ere. Beharra dagoen horretan lana aurkitu nahiko nuke. Saharako nire familia laguntzeko etorri nintzen Euskal Herrira eta diru pixka bat aurreztu ondorenean, senideei lagundu nahiko nieke, hobeto bizi daitezen Saharan.

 

Nola gogoratzen duzu Sahara, zure jaioterria?

Sahara okupatuan denbora gutxian bizitu nintzen, baina 1976 urteaz geroztik kanpamenduetan bizi da Saharako herria. Gerratik ihesi, ezertxo ere gabe joan ziren bertara sahararrak eta basamortuaren erdian Tinduffeko kanpamendua eraiki zuten Argeliako lurretan, ezerezetik abiatuta. Miseria nabarmendu da, gizonak gerran borrokan ari ziren bitartean, emakumeek altxatu dute kanpamendua, eskolak eraikiz nahiz haur eta helduak zainduz. Oso egoera txarrean gogoratzen dut nire herria, ez dut hitz egokirik hango egoera deskribatzeko ere. Egungo errealitatea asko aldatu da eta gerra geratu zenetik, gure kanpamenduetan lasaiago bizi dira sahararrak. Gerrak ondorio txar asko utzi zuen, etxeak nahiz familiako kide ugari galdu zituzten herritarrek, baina egoeraren aurrean indartu egin ziren eta aurre egin zioten bizimoduari. Lehen ezjakinak ginen Saharan, gaur ez. Herri librea izateko prestatuta gaude. Zerbitzu guztiak ditugu gure kanpamenduetan; hezkuntza, administrazioa, justizia, polizia, gobernua… Maroko gure lurraldera etorri zenean, ez geneukan ezertxo ere, nomada gisa bizi ginen. Orain, ordea, osatutako herrialdea gara. Haur eta gaztetxoentzako ikastetxeak ditugu, unibertsitateak izan ezik. Hala ere gazteak, kanpoko herrialdeetara joaten dira unibertsitateko ikasketak egitera: Kuba, Libia edota Errusiara, besteak beste, eta dudarik gabe, formatutako herria garela esan dezakegu. Saharan herrialde ezberdinetako unibertsitateetan ikasitako gazteak edukitzea ona da oso, kultur ezberdinetako eraginak iristen baitira modu horretan bertara. 2007az geroztik, bi txandatan bakarrik itzuli naiz Saharara.

 

Egoerak onera egin arren, oraindik ere bizimodu gogorra da Saharakoa. Ikusten al diozu irtenbiderik?

Gure sufrimendua eta gure arazoak ez dira gure helburua bete arte bukatuko; gure herrira itzuli arte, alegia. Sahararrok helburu hori gertu dagoen uste osoa dugu, eta urrun badago ere, gure herriari lotuta jarraituko dugu; bihotzean eta buruan itsatsita baitugu beti gure herria. Egun, munduko potentziek agintzen dute eta Saharak ezerezetik erantzun zion Marokorekin piztutako gerrari, baina ezin izan ziguten 16 urte iraun zuen gerra irabazi; sahararrek tinko eutsi ziotelako. Gure auzia Nazio Batuen eskuetara igaro da eta munduan injustizia asko badago ere, gure helburua beteko dugun esperantza osoa dugu, inoiz ez baitugu etsiko. Bakoitza den lekukoa da eta ni saharar petoa naiz. Euskal Herriko egonaldia denbora tarte batekoa da; bertan gustura bizi garen arren, ez nuke hemen kokatu nahi. Saharako egoera hobetu eta bertara itzuli nahiko nuke nire familiarekin batera. Saharak independentzia lortutakoan, ez genuke arazorik izango beste herrialdeekin. Espainiaren kolonia izan zen antzina Sahara ehun urtez eta egun, gizarte mailako harremanak onak badira ere, ez da gauza bera gertatzen politikoki. Espainiak Sahara ezagutzen du eta ez du zentzurik zapaltzaileekin bat egiteak. Defendatzen ez bagaituzte ere, ez daitezela elkarlanean aritu zapaltzen gaituztenekin. Gure herriarekiko sentitzen duguna sentituko ez bagenu, ez genuke bizi dugun egoera mantenduko hainbeste urtean. Ez zaio kapritxoz eutsi egoera horri 40 urtean zehar. Borroka horretan, gure eskubideak defendatu nahi ditugulako jarraitzen dugu, ez beste ezeregatik. Sahara ez da Marokoren lurra eta hori ez da inoiz sekretua izan. Inori ez zaio bere lurraldetik botatzea gustatzen. Hori barruan geratzen da beti, baina egunen batean berriz ere eskuratuko dugu gure lurraldea, Marokok oso ondo baitaki urte hauetan guztietan ezin izan duela sahararrengana iritsi. Ez gaitu ezerk lotzen Marokorekin, gutxiago gure senideak torturatu dituztenean edota saharar asko euren eskubideak defendatzeagatik espetxeratu dituztenean. Kultura, hizkuntza nahiz bizimodu ezberdinak ditugu. Independentzia eskuratu eta bakean bizi nahi dugu.

Euskal Herritik elkartasuna iristen da Saharara. Andoainen bertan ere bada saharar herriaren eskubideak defendatzen dituen Hurria-Sahara elkartea. Harremanik ba al duzu haiekin?

Babes handia jasotzen dugu Euskal Herritik Saharan, laguntza handia. Euskaldunek oso ondo erantzun diote hango egoerari. Andoainen bertan ere lan handia egiten du Urria-Sahara elkarteak. Bai, neronek ere parte hartu izan dut Andoaingo elkarteak antolatutako elikagai bilketan nahiz bidalketan eta, egia esan, asko hunkitzen nau lan hori egiteak. Haragirik edota frutarik ezagutu gabe urteak igaro dituzte sahararrek; orain, kanpoko laguntzei esker, tarteka iristen zaie halakorik ere. Oso gustura hartzen dira laguntza guztiak, arazoei aurre egiteko baliagarriak baitira, baina argi dago bizitza guztian zehar ezin dela laguntzetatik bizi.

 

Andoaingo Caritas taldean ere parte hartzen duzu. Zertan aritzen zara zehazki?

Andoaingo Caritas taldeak ekimen ugari antolatzen du, besteak beste, hizkuntzak hobetzeko, josten ikasteko edota sukaldaritzaren inguruko ikastaroak, janari edota arropa banaketa… Ekimenen bat aurrera eramateko laguntza behar dutenean deitzen didate eta gustura hartzen dut parte. Caritas elkartea Andoaingo zutabeetako bat da, txapelduna niretzat. Gu Andoainera iritsi ginenean elkarteak eman zigun urtea igarotzeko laguntza. Izugarrizko babesa jaso genuen haien aldetik eta, nik uste, egiten duten lana ezin eztabaida daitekeela.

 

Euskal Herriko Arrazakeria SOS taldearekin ere elkarlanean aritzen zara. Aurten bigarrenez, Bizilagunak programan hartuko duzu parte…

Oso ekimen ona iruditzen zait, herrialde ezberdinetako pertsonak elkartu eta elkar ezagutzeko aukera eskaintzen duelako. Iaz gure etxera Andoaingo familia bat etorri zen eta Saharako plater tipikoak prestatu genizkien: couscousa edota tea. Haiek ere jakiak ekarri zituzten eta elkarrekin dastatzearekin batera, ezagutu egin ginen. Orain lagunak gara. Jende berria ezagutzea beti da aberasgarria, ateak irekitzen baititu. Aurten berriz ere ekimenean parte hartzeko asmoa dugu. Ez dakigu iazko familia berarekin edota besteren batekin elkartuko garen, baina gogotsu gaude. Seme-alabentzat ere oso ekimen polita da, jende berria ezagutu eta elkarren artean batzeko balio baitu.

 

Andoainen antolatzen diren ekintzatan parte hartzea gogoko duzu…

Pertsona aktiboa izatea gustatzen zait eta herrian antolatzen diren ekintzatan parte hartzea. Ekimenak bideratzea positiboa da eta horretan aritzen dena pertsona ona izaten da beti, besteei laguntzeko prest dagoelako. Esaterako, dudarik gabe, bihotz oneko pertsona izan behar du Saharara bidaltzeko janaria biltzeko erabakia hartzen duenak. Lan handia egiten dute, trukean ezer jaso gabe. Hori ez du edonork egiten.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!