Ateak ixteko ordua

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko urr. 31a, 01:00

Urriaren 25ean Inazio Otaño eta Pepi Zubeldia senar-emazteak erretiroa hartu zuen, Zizurkilgo Dia saltokian 40 urte pasatxo lanean aritu eta gero.

Urriaren 25a izan zuten supermerkatuan lanean azken eguna eta atsedenari begira pozik, baina pena handiarekin agertu da senar-emaztea, bizitza erdia baino gehiago dendaren bueltan igaro ondorenean. “Bezeroekin egunero egoten ginen eta harreman ona egin dugu haiekin urtetan. Jende jatorra topatu dugu, giro oneko jendea”, nabarmendu dute. Pepiri denda uzteak pena ematen badio, are handiagoa ematen dio Inazio senarrari, berak jarri baitzuen abian Bulandegi bideko denda 1970eko hamarkadan eta oso zaila izan da harentzat denda uzteko erabakia hartzea. “1974. urtean arreba eta biok zabaldu genuen denda”, adierazi du Inaziok. Eta behin nobio egin ondoren, bertan hasi zen lanean Pepi Zubeldia asteasuarra ere duela berrogei bat urte. Zizurkilgoa da Inazio, Olentzo baserrian jaioa eta berari bururatu zitzaion denda zabaltzeko ideia, “aurretik, itsasoan igaro nituen zortzi urte arrantzan. Osabak hiru barku zituen eta arrantza-patroi titulua aterata, bakailaoa arrantzatzen aritu nintzen. Pasaiatik abiatu eta Canadaraino joaten ginen, hemen ez baitzegoen batere. Lanbide gogorra zen hura. Sei hilabete segidan igarotzen genituen barkuan, etxera etorri gabe eta lehorrera atera gabe”. Etxe inguruan lan egin nahi zuen Inaziok eta orduan pentsatu zuen Zizurkilen denda zabaltzea.

 

Bezero jatorrak

Zizurkilgo lehen supermerkatua izan da eurena, denetariko produktuak eskaini dituena, “ahal dugun zerbitzurik onena ematen saiatu gara, ahal duguna egin dugu”, dio Pepik. Hasieran denda txikiagoa zen, handitzen eta zabaltzen joan zen pixkanaka, eskaintza ere gehituz. Eskaintzaz gain, ordea, ordutegia ere zabala izan dute, astegun, larunbat nahiz igandetan ere zabaldu baitute denda. “Azken 20 urteotan igande goizetan ere denda irekita eduki dugu. Aurretik, igandetan, dendako pertsiana jaitsita, baina sarrerako okindegia zabalik egoten zen eta ogia saltzen zuen bertan neska batek. Baina jendeak dendako produktuak ere eskatzen zizkion eta denborarekin, bezeroen eskaerara egokituz, geronek zabaltzea erabaki genuen”. Urteak lotu-lotuta joan badira ere, “oso gustura” igaro direla nabarmendu du Pepik. Auzoko antzeko saltokiek “gertutasuna” eskaintzen dutela uste dute, “bezeroen beharrak eta gustuak ezagutzen baititugu. Tratu zuzena eskaini dugu urtetan. Zizurkildarrak bezala, inguruko herrietako bezeroak ere etorri zaizkigu, guztiak ere oso jatorrak”. Dudarik gabe, bezeroen jarrera on horrekin geratzen dira Pepi eta Inazio.

 

Elkarlanean, seme-alaben laguntza

Saltokiaren baitan, batik bat harategiaz arduratu da Inazio. Goizeko lana amaituta, eguerdi askotan, inguruko baserritarrengana joaten zen haragi eskaintzak ikustera. Baserritarrekin harreman hori etetea ere kosta egingo zaio, oso gustuko zeregina baitzuen, “ganaduzaleekin zuzeneko tratua izan dut urtetan. Bailarako baserritarrekin ibiltzen nintzen; Andoain, Aduna, Alkiza edota Asteasukoekin. Denbora librea nuenenean joaten nintzen haiengana zein haragi zuten ikustera”, azaldu du Inaziok. Kaxaz eta bezeroen arretaz arduratu da bereziki Pepi. Ondo banatuta zeuzkaten bakoitzaren ardurak, baina elkarlanean aritzen ziren beste hainbat zereginetan. Eta seme-alaben laguntza ere ezinbestekoa izan dute negozioarekin aurrera egiteko. “Seme-alaben babesa eta beharra izan dugu eta badugu oraindik ere”, azaldu du Pepi amak. Taldean aritu dira, bata bestearen babesean.

 

Etapa berria

Hainbeste urtean eurengana etorri diren bezeroei “eskerrik asko” esan nahi diote Pepik eta Inaziok, “gugan konfiantza edukitzeagatik eta urte askoan gugana etortzeagatik. Denda hainbeste urtean irekita mantendu bada, haiengandik erantzuna eduki dugulako izan da”. Denda itxi aurreko egunetan bezero asko gerturatu zaie agurtzera, “bihartik ikusiko gara, erantzuten nien nik”, dio Pepik, baina jendeak eurekin agurtu egin nahi izan du denda itxi aurretik. “Normala ere bada, egunerokotasunean gertaera eta bizipen asko izan baitugu, harreman handia”.

Aurrez izan ez duten denbora librea izango dute aurrerantzean “etapa berrian pentsatzen hasi beharko dugu orain. Lehen egin ez ditugunak egiteko aukera izango dugu, besteak beste, nahi dugunean Donostiara edo Ordiziako azokara joateko. Tartean beste zaletasunen bat sortzen bada eta gustatzen bazaigu, aurrera egingo dugu”, azaldu dute.

Ahaleginak egiten ari dira aurrerantzean ere supermerkatua zabalik mantentzeko eta “dena bere bidean doala, abenduaren erdialdera zabalduko da berriro, Gabonetarako”, iragarri dute elkarrizketatuek.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!