Txapelketa Nagusiko bi finalaurreko, aste honetan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko urr. 31a, 01:00

Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiaren bigarren eta hirugarren finalaurrekoak izango dira Irunen eta Maule-Lextarren azaroaren 1ean eta 4an. Beñat Iguaran amasarrak Maule-Lextarren abestuko du larunbatean:

Txapelketa Nagusiko bigarren finalaurrekoa bihar izango da, azaroak 1, Irungo Artaleko pilotalekuan, 17:00etan hasita. Sarrera guztiak dagoeneko salduta, biharkoan Irunen  leihatilarik zabalduko ez dela iragarri dute antolatzaileek. Ondorengo bertsolariak ariko dira kantuan: Aimar Karrika, Aitor Sarriegi, Alaia Martin, Maddalen Arzallus, Maialen Lujanbio eta Unai Agirre. Maite Berriozabalek aurkeztuko du saioa.

Larunbatean, berriz, azaroak 4, hirugarren finalaurrekoaren txanda izango da Maule-Lextarreko Ororena jai alain, 17:00etan hasita. Finalaurrekoa girotzeko, herri bazkaria antolatu du Sohütan bertako ikastolak. Kantuan ariko diren bertsolariak: Beñat Gaztelumendi, Beñat Iguaran, Etxahun Lekue, Julio Soto, Nerea Elustondo eta Nerea Ibarzabal. Saroi Jauregik aurkeztuko du saioa.

Bestalde, urriaren 28an hasita, Txapelketa Nagusiko finalaurrekoak zuzenean eskainiko dira ETB4n eta bertsoaldi onenak ikusgai izango dira igandeko Hitzetik Hortzeran ETB1en. Horrez gain, atzo estreinatu zen “Aulki-jokoa” saio berriak Txapelketa Nagusia izango du ardatz. Astelehenero eskainiko da saioa ETB1en Edurne Azkaratek aurkeztuta, 22:30etik aurrera. Besteak beste, Andoni Egañak asteburuko saioen errepasoa egingo du astero. Juantxo Zeberiok bertso-doinuen ingurukoak kontatuko ditu, pianoak lagunduta. Horiez gain bertsolariak, Txapelketa Nagusiko antolatzaile eta parte-hartzaileak, aktore, kirolari eta idazle ezagunak…. izango dira saio berrian.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!