Kataluniako errepublikaren inguruan mozioa onartu da

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko urr. 31a, 01:00

Atzo iluntzeko Udalbatzan, EH Bildu eta EAJ-PNV alderdiek ondorengo mozioa onartu zuten aho batez, Kataluniako parlamentuak independentziaren adierazpena egin eta gero, erabaki historiko horrek Kataluniarentzat duen garrantzia eta Euskal Herriarentzat  duen esanahia kontuan hartuta:

1.- Aitortza, errespetua eta afektua erakutsi nahi dizkio Kataluiniako errepublikari.

2.- Exijitzen du Kataluniako herritarren borondatea errespetatzea, zeina behin eta berriro hautetsontzietan, modu demokratikoan, adierazi den.    

3.- Zorionak ematen dizkie Kataluniako herritarrei, gizarte eragileei, erakundeei eta alderdi politikoei. Eta modu berezian azken urteetan Giza Eskubideak, bakea, demokrazia eta askatasuna defendatuz izugarrizko ausardia eta konpromisoa erakutsi duten hautetsi guztiei. Eredu dira guretzat.

4.- Aldarrikatu nahi du Estaturik gabeko nazio guztiek euren etorkizuna erabakitzeko duten eskubidea. Horregatik, eskatu nahi die euskal alderdi politikoei akordio batera iris daitezela eskubide hau legebiltzarrean eztabaidatzen ari diren autogobernu ponentzian jasotzeko.

5.- Onartzen du Adierazpen hau Kataluniako Generalitat-era, Kataluniako Parlament-era eta  Kataluniako Independentziaren aldeko udalerrien elkartera (AMI) igortzea.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!