Tradizio luzeko mondeju afaria Amasan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko aza. 1a, 01:00

Orain 40 urte, mondeju afaria egiten hasi ziren Uxo Toki elkartean eta oraindik ere eutsi egiten diote ohiturari. Azaroaren 4an izango da aurtengo hitzordua.

Antzina, mondejuak egiteko ohitura oso errotuta egon zen Amasan, San Martin festen inguruan.

1952. urtean behintzat, ardia hil ondorenean, dagoeneko Arantzabi jatetxeko nagusiak etxerako mondejuak egiten zituela jakinarazi du  urtetan Arantzabiko sukaldari izan zen Martin Etxeberria amasarrak: “Gerora, jatetxean ere mondejuak eskaintzen hasi ziren eta izugarrizko jendetza etortzen zen haiek jatera, bai egunez eta baita gauez ere. Mila bat mondeju egiten zen San Martin inguruan eta bospasei egunetan bukatzen ziren guztiak. Madrildik ere urtero etortzen zen koadrilla mondeju-jana egitera”. Arantzabi jatetxea itxi artean, bizirik iraun zuen ohitura hark.

 

Berrogei urteko tradizioa

Mondejuak Amasan zuen arrakasta ikusita, bestalde, orain berrogei bat urte, Iñaki Etxezarreta ‘Ixarre’ eta Joxe Luis Urruzola amasarrei, Uxo Toki elkartean mondeju afaria antolatzea bururatu zitzaien. “Lehen urteetan neronek prestatzen nituen Uxo Tokirako mondejuak eta baita zopa ere. Gerora, jatetxea itxi artean, Arantzabitik eramaten ziren mondejuak beti elkartera”, azaldu du Martin Etxeberriak. Hasierako urteetako mondeju afariko menua ekarri du gogora Iñaki Etxezarretak, ardia oinarrian zuena, “mondejua, zopa eta ardi gisatua izaten zen hasieran, baina gauerako pisua zela ikusita, orain 35 bat urte menua aldatu egin genuen: mondejua, zopa eta gainerako txuleta izaten da orain”, zehaztu du.

Arantzabi itxi ondorenean ere, tradizioari eutsi egin diote. “Jatetxea itxi zenean, bertako iloba Juan Migel Zugastik egin zizkigun mondejuak hasieran. Hark utzitakoan, hiruzpalau lekutatik mondejuak ekarri eta aurrez dastaketa egiten genuen aukeraketarako. Azken hiru urteotan, Beasaingo Olano harategitik ekartzen ditugu. Odolki nahiz mondejuekin txapelketatan ibiltzen dira eta sari ugari jaso izan dute”, argitu du Iñakik.

 

egin eta egosi

Mondeju afariaren oinarria mondejua izaten da, noski. Eta elkarrizketatuak sukaldean primeran moldatzen direnez, ezinbestekoa genuen mondeju goxoa jateko sekretua zein den galdetzea. Urtetan zientoka mondeju egin zituen Martinek azkar erantzun du, “orain barazki gordinekin prestatzen dituzte askok, baina guk barazkiak erregosi egiten genituen beti eta ardi tripakia ere txikituta gehitzen genion hari. Bestalde, denborarekin ardiaren grasa gutxi gehitzen genion guk, txerriarena bai, suabeagoak izateagatik. Orain, askoz ere suabeagoak egiten dira mondejuak, jendeak nahiago ditu; oso pisuak ziren lehengoak, fuerteegiak”. Barazkien artean, porrua eta tipula izaten ditu mondejuak eta ardi tripak, egosi eta makinan txikitu ondoren barazkiei nahastuak. Azkenik, gorringoa eta zuringoa ondo bereizi eta irabiatutako arrautzak. Azken ukitua emateko, berriz, piperrautsa. Lan hori ondo ezagutzen duen Iñaki Izagirreri, mondejua nola egosi behar den galdetu diogu. “Uretan baino hobeto, haragi saldatan egosten dut nik mondejua. Jan baino ordu-erdi/hiru ordu-laurden lehenago sartzea nahikoa izaten da eta su motel-motelean eduki behar da. Kaiena piper ale pare bat gehitu behar zaizkio, bixi puntua emateko. Mondejuak ondo egosi behar du eta moztutakoan, noski, osorik gera dadila”. Zopari, mondejua baino lehen, zopakoa botatzen diote bai Iñakik eta baita Martinek ere. Modu horretan, zopa ere gorputz gehiagorekin ateratzen delako.

 

Mondeju eta erdi

40 bat lagun bildu ohi dira Uxo Tokiko mondeju afarian eta 100 bat mondeju ekartzen dituzte ordurako. Guztiak afaritan jaten ez badituzte ere, izoztu eta primeran mantentzen omen dira urte guztirako. “Garai batean mondeju txikiagoak egiten zituzten eta buruko, hiru mondejukoa zen batez-bestekoa. Orain, oro har, mondeju eta erdi jaten du bakoitzak”. San Martin festak iragartzeko txupinazoa bota aurretik egiten dute mondeju afaria elkartean, “lehen San Martin eguna edo Oilasko joko bezperan egiten genuen, baina gehitxo geratzen zen. Azken urte luzetan, festen aurreko larunbatean egiten dugu beti”. Azaroaren 4an izango da aurtengo hitzordua, nahi duenarentzat irekia; aurrez, hori bai, izena eman behar da elkartean bertan. Hainbeste urtean tradizioari eutsita, Iñaki Izagirrek belaunaldi berriei atea irekitzeko gogoa erakutsi du, “hasi dira pixkanaka gazteak gerturatzen eta haietako pare bat taldean sartzea gustatuko litzaidake; batzuek besteei lagunduta, errazago egiten baitira lanak”. Bi elkarrizketatuek argi dute ona dela ohitura zaharrak bizirik mantentzea, “lehengo ohiturak dira, baina onak; herria batu egiten dutelako”, diote.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!