Udaberri aldera iritsi zen Asvinenea elkarteko talde eragilearen laguntza eskaera. Elkartea biziberrituko zuen jendea behar zuten, eta laster iritsi zen erantzuna. Zirkuaren xarma barru-barrutik ezagutzen duen artista taldea hurbildu zitzaien. Aurretik zebiltzenen indarrari bultzada berria gehituta, Asvinenea arnasberritzen hasi da.
Erakusleiho
Arte eszenikoen elkartea da Asvinenea. Dantza, musika, antzerkia, zirkua, txotxongiloak, bakarrizketak…, taula gainean eskain daitekeen diziplina orok du bere tartea Adunako egoitzan. Momentu honetan, zirku mundutik datorren jendea dabil bertan batik bat. Horregatik, akrobaziak, oihalak, trapezioak edota malabareak nagusitzen dira. Koldo Arakistain, Garazi Pascual eta Irati Gonzalezek hartu dute hitza, Asvineneako kideen ordezkari eta argi adierazi dute, “arte eszenikoak lantzen dituen guztiari dagoela irekita Asvinenea. Oso espazio aberasgarria da eta nahi duen orok du hona etorri eta froga egiteko aukera. Gu zirkuaren inguruan ari gara lanean, baina diziplina guztiek dute bere tartea hemen. Erakusleiho izateko jaio zen Asvinenea, eta halaxe izaten jarraitzen du”, azaldu dute.
Zirku tailerra
Egitasmo ugari darabilte eskuartean Asvinenean. Hasteko, haurrei zuzendutako zirku tailerrak jarri dituzte martxan, asteazken arratsaldetan. “Lau eta hamaika urte arteko umeei zabaldu diegu eskaintza, adinaren araberako bi taldetan banatuta. Egungo zirkuaren inguruko kultura zabaldu nahi dugu haien artean. Diziplina ugari hartzen ditu zirkuak bere baitan eta psikomotrizitatea lantzeko oso egokia da, norberaren gorputza ezagutzeko. Hortaz gain, emozioak bideratzen ere laguntzen du, baita sormena lantzen ere. Alderdi fisikoak ez ezik, psikologiak ere garrantzia handia du. Izan ere, etengabeko erronka baten aurrean jartzen baitzaitu zirkuak. Helburu bat lortzen duzunean, handiago bat jartzen dizu parean. Hori oso polita da, eta haurrekin landu nahi dugu”.
Asvineneako kideak gustura daude haurrek emandako erantzunarekin. “Pozik etortzen dira. Bestalde, kalitatea da gure eskaintzaren bereizgarri nagusia. Urte asko daramagu mundu honetan, formazio zabala jaso dugu eta oso ondo dakigu gauzak nola egin. Segurtasuna bereziki zaintzen dugu; badakigu gauzak nola egin inork minik har ez dezan. Haurrekin ari zarenean, asko zaindu behar da alor hori”, azaldu dute. Asteazkenetako saioez gain, haurren oporraldietan zehar saio ezberdinak antolatzeko aukera ere aztertzen ari dira.
Haurren eskaintzaz gain, helduei zuzendutako ikastaro trinkoak ere antolatzen hasiak dira Asvineneako kideak: “Azaroan, esaterako, clown ikastaro trinkoa izango dugu gurean. Orain arte, elkartea ezagutzea izan da gure egiteko nagusia. Aurrerantzean, geroz eta gauza gehiago antolatu nahi dugu, Asvinenea ezagutzera emateko”. Facebook bidez zabaltzen dute euren eskaintzaren berri. “Ahoz ahokoak ere garrantzia handia du horretan. Gugana hurbiltzen direnek euren ingurukoen artean zabaltzen dute Asvinenearen berri. Oso polita da hori”, gaineratu dute.
Egungo zirkua
Zirku tradizionalaren ideiarekin amaitzea da Asvineneako kideen helburuetako bat. “Orain egiten dugun zirkuak ez du zerikusirik garai batekoarekin. Jendeak, orokorrean, ez du ezagutzen gure mundu hau, eta horretan jarri nahi dugu indarra. Gerturatu dadila jendea egiten duguna ikustera”. Emanaldi ezberdinak antolatzen dituzte horretarako. “Cabaretak egin izan dira beti Asvinenean. Orain, zirku emanaldiak izaten dira gehienbat, eta jendea animatu nahi dugu bertaratzera. Inguruko jende askok ez du Asvineneara etorri eta emanaldiez gozatzeko ohiturarik eta pena da. Oso gauza politak eskaintzen dira hemen, gozatzeko moduakoak. Ea pixkanaka lortzen dugun ikusleak gugana erakartzea”, diote irribarretsu.
Familia osatuta
Egunerokoan, elkarlanean aritzeko eta elkar laguntzeko gune ere bada, noski, Asvinenea. “Zirkuan modu profesionalean gabiltzan pertsonak biltzen gara bertan. Batzurentzat lanbidea da, beste batzurentzat ez, baina oso modu profesionalean aritzen gara guztiok ere. Laguntza handia eskaintzen diogu batak besteari; entrenamenduetan, emanaldiak prestatzerakoan…”. Zirkuaren inguruan familia osatu dute. “Beste zenbait kirol jardueratan aritutakoak gara, baina beste inon ez dugu lortu familia osatzerik. Zirkuaren bereizgarri nagusiena dela esan dezakegu”, azpimarratu dute.
Egitasmo ugari darabilte buruan Asvineneako kideek. Egoitzak berak ematen dituen aukerak aztertzen ari dira, besteak beste. “Oso egoitza goxoa du Asvinenea elkarteak. Nabarmena da gure aurretik hemen ibili den jendeak maitasun handia jarri duela egoitza prestatzen. Lan handia dago eginda. Orain, zirkuko diziplina ezberdinetarako moldaketak egin nahi genituzke. Materiala badago, baina erosoago aritzeko moduan jarri nahi genuke”, azaldu dute.