Booktrailer lehiaketa, Plazida Otaño liburutegian

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko urr. 30a, 01:00

Gazteei zuzendutako lehiaketa berria abiarazi dute Plazida Otaño liburutegiko arduradunek. Booktrailerrak osatu beharko dituzte lehiakideek, azaroaren 30erako.
DBHko ikasleei zuzendu diete deialdia Zizurkilgo liburuzainek. Liburu bat irakurri, eta pelikulekin egiten den antzera, ikus-entzunezko trailer bat osatu beharko dute, liburua aurkeztu eta hura irakurtzeko gonbita luzatzeko.

Gazteei begira, literaturari lotutako ekimen erakargarria eskaintzea da booktrailer lehiaketaren helburuetako bat. Arantxa Zabala Plazida Otaño liburutegiko liburuzaina da, eta, azaldu duenez, “Teodoro Hernandorena ipuin lehiaketak kezkatxoa sortzen zigun alde horretatik; ez ote ziren gazteak aspertzen lehiaketara aurkezteko ipuina idazteko garaian. Beste zerbait eskaini nahi genien beraiei, gogoa piztuko ziena. Teknologia berriek horrenbeste erakartzen dituztenez, eta Galtzagorri elkarteak duela zenbait urte martxan jarri zuen ekimenari jarraituz, booktrailer lehiaketa abiaraztea pentsatu genuen”.

Aduna, Andoain, Amasa-Villabona, Anoeta, Alkiza, Asteasu, Irura, Larraul eta Alkizako gazteei zuzendu diete deialdia. “Lehiaketaren lehendabiziko edizioa izanik, eremua pixka bat mugatu nahi izan dugu, gu ere martxa hartzen joateko. Erniobea ikastetxeko eta Zubimusu ikastolako irakasleekin hitz egin dugu, eta badakigu bertako gazteek pozik hartu dutela lehiaketan parte hartzeko proposamena. Horiez gain, noski, nahi duen orok izango du parte hartzeko aukera”. 3 edo 4 lagunez osatutako talde txikian, edota bakarka aurkeztu ahal izango dituzte lanak.

 

Bi minutu

Gehienez bi minutuko bideoak aurkeztuko dituzte lehiakideek. “Booktrailerrean derrigorrez jarri beharreko zenbait elementu zehaztu dugu: liburuaren izenburua, egilearen izena…, hortik aurrera, bakoitzak nahi duen moduan osa dezake ikus-entzunezkoa: animazio moduan, antzerkia eginez, argazki-muntaia baten bidez, etab. Irudimena eta sormena lantzeko ere egokia izan daitekeela iruditzen zaigu”, azaldu du Arantxak.

Zerrenda batetik aukeratutako liburuaren inguruko lanak egin beharko dituzte. DBH1ekoek, ‘Jara’, ‘Beti iparralderantz’ eta ‘Urrezko orrazia’ izango dituzte aukeran. DBH2koek, ‘Eireren egunerokoa’, ‘Ezekiel’ eta ‘Motozerra’ liburuen artean aurkeratu beharko dute euren booktrailerra osatzeko. ‘Eskularru beltza’, ‘Neska baten hitza’ eta ‘Tximeletaren oihua’ izango dira DBH3koei egingo zaien liburu proposamena eta DBH4koek, berriz, ‘Ahaztuen mendekua’, ‘Kulero saltzaileak’ eta ‘Maitasun sua’ izango dituzte aukeran.

 

Epea, azaroak 30

Azaroaren 30a bitarteko epea izango dute euren lanak aurkezteko. Arantxa Zabalak azaldu duenez, USB batean ekar dezakete liburutegira, edo zizurkiliburutegia@gmail.com helbidera, wetransfer bidez bidali. Epaimahai batek erabakiko du zein den booktrailerrik onena, bi mailatan banatuta: DBH1 eta 2, DBH 3 eta 4. 150 euro jasoko ditu maila bakoitzeko talde irabazle bakoitzak, eta norbanako onenak berriz, e-readerra izango du saritzat. Abenduan izango da sari-banaketa ekitaldia, Teodoro Hernandorena ipuin lehiaketakorekin batera.

Lehiaketa amaituta, sare sozialetan nahiz liburutegiko blogean jarriko dituzte ikusgai booktrailerrak. “Blogari bizi berria eman nahi diogu urtean zehar egiten ditugun ekitaldiak, bideo eta argazkiak bertan jarriz”.

Gazteei zuzendutako ekimen gehiago ere iragarri dituzte liburutegitik. “Irakurtzeko ohitura eta zaletasuna duten gazteekin, bideotxo txikiak osatu nahi ditugu, liburu ezberdinak gomendatuz”, azaldu du Arantxak.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!