Burdina elkartea aurrera, oztopoen gainetik

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko urr. 28a, 02:00

Lapurreta jasan du Burdina taldeak, Martin Ugalde kalean daukan egoitzan. Sastraka kentzeko hiru makina, hiru motozerra eta moto-bonba bat ostu dizkiote taldeari Andoaingo Udalak utzitako egoitzan. 

Une honetan, lanean jarduteko tresneriarik gabe daude kideak. “2000. urtean Burdina sortu eta lanean hasi ginenean bezala gaude, aitzurra eta pala eskuetan, besterik gabe” adierazi dute kideek, sentitzen duten atsekabea eta amorrua umore pixka batekin arindu nahian bezala. 
Egun zailak bizi dituzten honetan, Burdina taldeko boluntarioek deialdi berezia luzatu diete eskualdeko lantegiei, premiazkoa duten tresneria eskura jarri diezaieten horretarako aukera edukiz gero.  
Oztopoak oztopo, taldeak borondate irmoa agertu du orain arte bezala jarraitzeko, ondore historikoa berreskuratze eta argitaratze lanetan. Jarrera baikor horren lekuko da azken aldian burutzen ari den dinamika geraezina.

Ortzaikako 
karobiaren piztea
Karobi baten pizte prozesua bizi-bizian ikusi nahi duenak aukera polita izango du Andoainen bertan, datorren azaroaren 4an. Larunbat horretan hasiko dira egurra eta kareharria lantzen Goiburu bailaran, eta hurrengo egunean karea sortuko dute. Andoaingo ikastetxe, elkarte, eta, oro har herritar guztiei  gonbitea luzatu diete, larunbatean nahiz igandean bertara daitezen. 

Pagamendiko gotorlekua
Pagamendiko gotorleku karlista berreskuratzeko asmoz, ingurua txukuntzen aritu ziren joan zen uztailean, Andoaingo Udalaren laguntzarekin. Bigarrengo faseari ekin zioten abuztuan, indusketa lanak eginez Alfredo Moraza arkeologoaren ardurapean. Hirugarren eta azken faseari heltzea falta zaie, dibulgazioari dagokiona alegia. Gotorleku horren inguruko azalpen guztiak herritarren esku uztea da Burdinaren helburu nagusia une honetan, eta informazio panela ipini eta bisita gidatuak antolatzea pentsatuta daukate.
Gogoratu behar da Leizotz auzoan, egungo hilerritik gertu kokatzen dela eremu historiko hori.  Gotorlekua eraiki zen bertan I. Guda Karlistan 1840an, gain horrek balio estrategikoa zuela irudituta. Soldaduentzat defentsarako lubakiak eta kanoiak ezarri ziren inguruan, eta gerra amaitu ostean, agintari militarrek eraikuntza guztia birrintzea agindu zuten.
Leitzaran bailara 
Leitzarango bailaran aspalditik dauzkate hainbat proiektu esku artean, poliki-poliki garatzen ari direnak, pazientzia, denbora eta borondatea kiloka jarriaz bidean. Horien artean, aipa daitezke Mustarreko burdinola, Txotaneko meatze esparrua eta Ollokiko ingurua (burdinola, zubia…). Leku horietan lur azpian egon daitezkeen objektu historikoak lokalizatzeko geodarraren teknika modernoa erabiltzeko asmoa daukate, besteak beste.  
Bestalde, Olaberriako burdinola zaharrean kokatzen zen presaz gehiago jakiteko, ikerketa topografikoa egiteko asmoa ere azaldu du Burdinak. Otietako parketik gertu dago ondare historiko hori. 
Azkenik, Zizurkilen Irizibarko karobia eta Berastegin garbitoki bat ari dira berreskuratzen. Bukatutzat eman litezkeen egitasmoen artean, Elduaingo Goikoetxeko karobia aipa liteke. Joan den irailaren 30ean piztu zuten. Frantziar estiloko karobia hau ez da Tolosaldeko herri horretan egin duten lan bakarra. Iraganean, beste lau karobi berreskuratu dituzte: Allani, Kamioetxe, Gorrane eta Sales. Bestalde, Errotazar errota ere txukundu izan dute.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!