Umorea nagusi lau bertsolariekin, Mintzalagunaren bertso-afarian

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko urr. 27a, 02:00

Bertso afari entretenigarriaz gozatzeko aukera eduki zuten berrogeita hamar bat lagunek Ane Labaka, Unai Muñoa, Ion Beloki eta Ander Goikoetxea bertsolariekin, Errekaburu elkartean ostegun gauean. Bertso-afaria Mintzalagun ekimenak antolatu zuen, euskara giro atseginean eta lagunartean praktikatzeko aukera emateko helburuarekin.

Unai Ormaetxea gai jartzailearen agindutara, pertsonai ugariren larrutan sartu behar izan zuten lau bertsolariek, eta arrazoi politak bota zituzten: Errealeko entrenatzaile eta jokalariak, esne banatzaile tradizionala eta modernoa, haurrari izena jartzeko orduan xextra daukaten gurasoak, Katalunia, whatsapp bidez lotsatzeko moduko argazkia bidali dioten neska gaztea…   

Gauean entzun ziren bertsoaldi guztietatik, grazia eduki zuenetako bat transkribatu dugu, ondoren.

Hona gaia (zortziko handian, hiru bertso kantatzeko): Unai Muñoak eta Ion Belokik bikotea osatzen dute. Haur bat espero dute, eta zein izen jarri ari dira pentsatzen. Horretan, bakoitzak bere ideia dauka; Unaik izen oso euskalduna, garaikidea eta super modernoa nahi du, eta Ionek, berriz, tradizionala eta konposatua, eta santuak baldin badauzka tarteko, hobe.

Unai Muñoa:

Ni modernoa izan nahiz beti.

Beti izan dut klasea

ta zuri beti gustatu zaizu

atzera begiratzea.

Txuria eta beltza gara gu

a ze nolako trantzea!

Nahiko mirari iruditzen zait

gu biak maitemintzea (bis).

 

Ion Beloki:

Baina haria beste bat degu,

eutsi diezaigon gaiari.

Erlantz esanda gure umea

ezin baita egon hadi!

Imajinatu gure umea

baldin bada bertsolari

askoz hobeto ibiliko da

izena badu Joxe Mari (bis).

 

Unai Muñoa:

Bizitzan zehar gertatzen dira

mila traba mila trote.

Izenarekin arduratuta

biak gaude tope-tope

ta Joxe Mari behar lukeela

hori, Ion, egia ote?

Ikastolara joaten denean

barre egingo diote (bis).

 

Ion Beloki:

Baina izenak beti izango du

bere begitan diztira

ta zeozerekin oroituko dira

etorkizunen sikira.

Izen horixe errexago degu

eta ikasten da di-da

Hodei izena jarri ezkero

beti zerura begira.

 

Unai Muñoa:

Beti zerua, beti santuak,

meritua dezu zuk e.

Egaña kenduta Uztapide

bela jarriko zenduke.

Trikitixa ta txalapartari

ere zenbat buruhauste.

Maitea, jaio behar zenuen

duela berrehun bat urte (bis).

 

Ion Beloki:

Nik enbidoa botatzen dizut,

zuk atzetikan hordago.

Adostasunik ez degu lortzen,

hori gelditu da klaro.

Tradizionala ni izango naiz,

jarraituko det luzaro.

Nahio Uztapide bera aditzea

Muñoa baino lehenago (bis).

 

Unai Muñoa:

Beti nerekin saltsan zabiltza,

beti hainbeste disputa.

Eta nik beti bukatu ohi det

depresioak hartuta.

Berdin du Patxi o Joxe Mari

o Maria de Kalkuta.

Zuk nahi dezuna egin ezazu

beti hala egin dezu ta (bis).

 

Ion Beloki:

Baina hala ere eskua orain

zuri behar dizut luzatu.

Erabakia hartu aurretik

behar degu aklaratu.

Iritzi ezberdin ditugu eta

orain behar degu bukatu.

Hobe degu, bai, Antton jarrita

gehiago izena ez aldatu (bis).

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!