Udal liburutegiaren 55 urteak ospatu dituzte

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko urr. 27a, 02:00

1962an ireki zituen ateak Andoaingo liburutegiak, eta egungo langileek urriaren 24an ospatu zuten urtemuga, Liburutegien Egunarekin bat eginez. Bisitari ugari jaso zituzten egunean zehar. Eta liburuzainek, Judith Alzolak, Fatima Errastik, Laia Riusek eta Doltza Laskurainek tradiziozkoa diren tarta eta bizkotxoa partekatu zituzten guztiekin. 

Judith Alzola liburutegiko arduradunak adierazi zuenez, erabiltzaile ugari hurbildu zen liburutegira, eurei zorionak ematera asko eta asko. “Gehienek eskerrak eman zizkiguten zerbitzu publikoa eskaintzeagatik”. Oso pozik daude liburuzainak, izan ere ospakizunak balio izan die ohartzeko erabiltzaileek zenbat estimatzen duten liburutegia eta bertan eskaintzen zaien arreta. Nolanahi ere, gehientsuenek galdera berbera helarazi zieten, Alzolaren esanetan: ea noiz gozatu ahal izango duten liburutegi berri eta handiago batekin, Andoaingo herriak merezi duenaren parekoarekin.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!