Giza eskubide urratuen lekukotza, Saharako lurralde okupatuetatik

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko urr. 24a, 02:00

Brahim Dahane Saharako giza eskubideen aldeko aktibistari ongietorria eman diote Andoaingo Udaletxean gaur eguardian. Bertan izan dira udal ordezkari politikoak, Sahararen alde diharduten Sahara-Hurria Andoaingo elkarteko eta Mundubat Gobernuz Kanpoko elkarteko kideak eta Andoainen bizi diren zenbait saharar. Ana Carrere alkateak egin dio harrera ofiziala, guztien izenean. Dahanek hitzaldia eskainiko du gaur Basteron, arratsaldeko 19:00etatik aurrera.

“Mendebaldeko Saharako okupazioen aurkako eta giza eskubideen aldeko borroka” izenburua darama Dahanek gaur emango duen hitzaldiak.

Giza Eskubideen Urraketa Larrietako Biktimen Elkarte Sahararreko (ASVDH) kidea da Brahim Dahane. Elkartea Marokoko kartzelan preso egon ondoren askatasuna lortu duten sahararrek osatzen dute, eta Marokok Saharako lurralde okupatuetan ezartzen duen errepresio politikoa salatzea, preso daudenen askatasuna eskatzea eta desagertutakoen inguruan egia jakitea ditu helburu.

Dahane bi aldiz egon da preso Marokoko kartzeletan, eta Udaletxeko harreran egin dioten ekitaldian adierazi duenez, salaketa zehatzik gabe eduki zuten gatibu bi txandetan. Hitzaldian zehar Marokok okupatuta dauzkan Saharako lurraldeetan bizi diren biztanleek zer nolako bizimodua daramaten azalduko du, besteak beste. Ikuspegi sozialetik eta humanotik aztertuko du han bizi duten salbuespenezko egoera, nahiz eta testuinguru historiko eta politikoa ere jorratu.

 

Andoaingo Udalak onartutako mozioa

Udaletxean eskaini zaion harrera ekitaldian, Brahim Dahanek eskerrak eman dizkie Andoaingo Udaleko alderdi politikoei, 2017ko Udalbatzarrean Saharako herriaren aldeko mozioa onartu izanagatik. Mozio horren eskutik, Andoaingo Udalak bat egin zuen Europako Justizia Auzitegiak Mendebaldeko Saharari buruz emandako epaia betetzearen aldeko aldarriarekin. Gogoratu behar da Europako Auzitegi Justiziak 201ko abenduaren 2ean adierazi zuen zuen Mendebaldeko Sahara ez dela Marokoko Erresumako zati, era horrek esan nahi duela Europar Batasunaren eta Marokoren arteko edozein merkataritza-akordio ezin dela aplikatu Mendebaldeko Saharan, eta aldi berean, ezin dela merkataritza jarduerarik ezarri, ezta Mendebaldeko Saharako baliabide naturalak esportatu ere, saharar herriaren onespenik gabe.

Era berean, Udalak zenbait konpromezu hartu zituen iraileko udalbatza hartan, besteak beste, ez onartzea saharar lurralde okupatuetan marrokiar kolonizazioaren onarpena lagun zezan edozein ekimenik, ez burutzea saharar baliabide naturalen eta ondare historiko, artistiko, kultural, zientifikoaren ustiaketa, esplotazio eta suntsipena lagunduko duen ekintzarik, edo eta, kontratu administratibo guztien eskarien baldintzetako bat izatea lizitatzaileek zera aurkeztu behar izatea, alegia zuzenki edo ez zuzenki ez daudela inplikatuta lurralde okupatuetako herritarren kalterako diren edozein ekintzetan.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!