Inbertsio berriak iragarri ditu Amasa-Villabonako Udalak

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko urr. 23a, 02:00

Ogasun eta Aurrekontuen Batzorde informatzaileak urriaren 16an onartu zuen inbertsio berrien proposamena. Talde politiko guztien babesarekin onartu zuten gobernuko taldeak aurkeztutako proposamena. Udalak igorri ditu inbertsioen inguruko azalpenak:

Talde eta erabiltzaile-multzo desberdinekin adostu den Inbertsio-sorta berri honek, Olaederra kiroldegian material berria erosteko 18.000 euroko diru-kontu bat jasotzen du, diziplina anitzeko kirol-zerbitzu kalitatezkoa ematen jarraitzeko ideiarekin. Zehazki, udalak 2 step, 2 bizikleta estatiko, spinning egiteko 4 bizikleta eta oinetarako pisudun bat erosiko ditu. Erosketa-prezioak, gainera, %40ko beherapena du, Kirolzer enpresa kudeatzailearen bitartez egin baita. Kirol arloan, eta ikastetxeetan talde berriak sortzen ari direla kontuan hartuta, Eskola-Kirolerako 2.500 euroko diru-kontu bat jasoko da, saskibaloirako saski berriak, ping-pongerako mahaiak eta bestelako materiala erosteko.

Jubilatuen Egoitzan edaritegia eta lokalaren aisia-gunea bereizteko manpara bat ipiniko da: "Horrela, adineko pertsonek taberna itxita dagoen egunetan ere erabili ahal izango dituzte instalazioak" dio Maite Izagirrek.

Hezkuntzarekin zerikusia duten inbertsioei dagokienean, onartutako proposamenak hobekuntza nabarmenak jasotzen ditu Fleming ikastetxeko instalazio desberdinetan. Arratzainen bainugelak eta patiorantz ematen duten aldagelak berrituko dira, 11.000 euroko inbertsioarekin. Bestalde, familiartekoen elkarteak eta zentroak berak egindako gomendioak jarraituz, Erniobea Institutuko 7 gela margotuko dira, aurreko ikasturtean hasitako planarekin jarraituz. Eta hirugarrenik, 3.000 euroko diru-kontu bat gaitu da Arroako ikastetxeko Haur Eskolako guraso erabiltzaileek instalazioak hobetu ditzaten auzolanean.

Txerminen Oinargi dantza taldeak erabiltzen duen lokal berriaren sarrerako atea eta burdin hesia ere konponduko dira (6.000€).  Alkatearen iritziz oso neurri egokiak dira eremu desberdinetarako, eta zalantzarik gabe, herritar askoren mesederako izango dira: "Gainera, estamentu desberdinekin eta erabiltzaile-taldeekin erabakitako neurriak dira. Hori da lan egiteko gure era, eta horrela jarraituko dugu" dio Maite Izagirrek.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!