Aiztondora eguna, Zizurkilen

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko urr. 23a, 02:00

Larunbatean ospatu zuten aurtengo Aiztondora eguna, Zizurkilen. Eguraldi kaskarraren eraginez, Zizurkil Goiko zimiterioan egin behar izan zuten ekitaldi nagusia. Preso eta iheslarien eskubideen aldeko aldarria egin zuten ekitaldi nagusian eta, ezusteko gisa, Nekane Txapartegiren hitzak biltzen zituen bideoa eskaini zuten. Jai giroan murgilduta amaitu zuten arratsaldea bertaratu zirenek. 

Argazkiak

Eguraldiak baldintzatu zuen larunbateko ekitaldia. Amasa-Villabonako brindisa eta erraldoien kalejira bertan behera utzi behar izan zituzten, eta ekitaldi nagusia Joxe Arregi plazatik Zizurkil Goiko zimiteriora eraman. Giro poita sortu zen nolanahi ere. Bertan ziren eskualdeko presoen senideak eta bertaratutakoen omenaldi eta aitortza jaso zuten.

 

Presoen eskubideak aldarrikatuz, eskualdeko Udalek onartutako testua irakurri zuen Eva Usandizaga Zizurkilgo zinegotziak. Ane Ayestaran billabonatarrak berriz, presoen senideen inguruko istorio hunkigarria irakurri zuen. Eskualdeko presoen senideak izan ziren arratsaldeko protagonista nagusiak. Eszenatoki gainera igota, agurra dantzatu zieten bi dantzarik, eta oroigarri bana jaso zuten.

Ekitaldi nagusiari amaiera emateko, Zurichen espetxetik atera berri den Nekane Txapartegi asteasuarraren hitzak entzun ahal izan zituzten, espreski prestatutako bideoan.

Ekitaldi nagusia amaituta, jai giroan murgildu ziren zimiteriora gerturatu zirenak. Pintxoak, sagardoa, gaztain erreak, zuzeneko musika, eta bertsolarien saioa izan ziren gozagarri. Eguraldi petralari aurre eginez, giro goxoan murgilduta amaitu zuten arratsaldea Aiztondora egunera gerturatu zirenek.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!